Idazlea

Bakardadea

Idoia Rodriguez Mondragon
2026ko urtarrilaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

A! Azkenean urte bukaerako bestak bukatuak dira! Ez dakit zu, baina ni alkohol, janari, jende orgiak jasan ondotik, kanapean jarri naiz nire pareko pareta begiratuz eta pentsatuz: «Orain bakeaz eta bakardadeaz gozatzen ahalko dut!»

Bateria sozialak hustuak dira eta isiltasuna entzutea munduko soinu zoragarriena bezala heldu zait belarrietara. «Zer eginez baliatuko ote dut denbora hori niretzat? Irakurriz? Ibiliz? Musika entzunez? Telesail zozoak begiratuz...?» Munduak bere besoak irekitzen dizkit neure burua berriz topatzeko eta artatzeko. Azkenean konbentzio sozialetik askatua naiz. Ez dut gehiago manera egokian janzteko ardurarik, ez dut gehiago besteekin interakzioak ukaiteko beharrik. Etxean egon naiteke pijama zikinetan inori hitz egin gabe eta maska sozialak xoko batean utziz. Denbora hori niretzat izango da.

Badakit aspektu askorentzat isolamendua gaizki ikusia dela. Gure jendartean, zenbat eta harreman gehiago ukan, orduan eta urosago garela pentsatzen dugu. Bizitza aberatsa sare sozialetan saltzen duguna, filmetan ikusten duguna, lagunekin bestaz, bikotekideekin oporrez eta lankideekin eztabaidaz osatua da. Noiz ikusi dugu protagonista bat uros gisa bere buruarekin eta bere katuarekin zelako, eta momentu honetaz asetzen zelako? Alta, nire oreka ez dut baizik besteen begiradan atzematen. Neure buruarekin maiz bakarrik egon behar naiz, interakzioak agresio sozialak bezala ez bizitzeko. Nola asmatzen, sortzen ahal ote dugu espazio pertsonalik gabe? Nola indartzen ahal ote gara beti besteen arabera antolatzen eta zerbitzurako garelarik? Ez dut ezer asmatzen, Virginia Woolfek aspalditik gogoeta eraman zuen emazteek haien ganbara behar zutela adierazi zuelarik.

Badakit ere zehazki bakardade femeninoa problematikoa dela. Oraindik haurrik nahi ez dutenak susmagarri gisa ikusiak dira. Sendoki sinisten da bikotean ez direnak haien katuekin bukatuko dutela, triste, osatuak izan gabe. Oroitzen zara 30 urte pasa zituen Bridget Jones neska desesperatu honetaz...? Etxeko andere bat ez ote da zinez loriatzen ezkontzan eta familia bat zaintzen ahal duelarik? Bestenaz, irudikatu ezazu, neguko gau ilun batez, neska abandonatu batek, bere telebista begiratzen duela ogi puska bat trebeska irensten duelarik. Horrela hiltzen da, itoa, ez duelako bikotekiderik ukan hura salbatzeko. Auzokoek, bere gorpua katuek erdi jana atzemanen dute aste batzuk berantago, pasabidean sentitu duten usain ustelarengatik.

Nork nahiko luke hori? Zein emakumek bukatu nahiko luke horrela? Ez al da hobekiago gizon baten besoen artean bizitzea (jakinez eraso gehienak etxean gertatzen direla, ez dut uste)? Ez, bakardadea, ezin da hautatua den helburua izan. Emazte batek bere bakartasunaz gozatzen baldin badu, fabrikatze fasean akats bat ukan duela ondorioztatzen ahal da. Error 404. Gure isolamendua ez da xantza bat bezala irudikatzen. Ezin da onartu besteekin bizitzea ez dela denentzat aukera egokiena. Alta, beharbada, bere ogi puskarekin ito den neskatxa bakarti hori hil aitzin uros bizi zela. Beharbada, bere egongelan musika azkar ematen zuela eta kulotetan dantzatzen zuela inoren begirada bere gorputzaren gainean espero eta itxaron gabe. Beharbada bere burua maitatzen ikasi zuela nehor gabe. Ez ote da hori egiazko askatasuna?

Laurene Bastidek Enfin Seule saiakeran dioen bezala, emazteen isolamendu hautatua zinezko boterea da. Jendarteak irakatsi digu geure burua beti epaitzea eta beti zorrotzak izatea. Patriarkatuak, gizonek, beste andereek ez baldin bagaituzte zaintzen, guk egiten dugu. Gure pisua, zelulitisa, ile zikinak, jantzietako tatxak, etxeko errautsa, dena aztertzen ikasten dugu. Alta, egiten dugun guztia ez da nahikoa. Performantzian izan behar gara besteen onura ukaiteko.

Kanalduden, Joana Olasagastik eta Amaia Castorenek Emak Bakia emankizunean, inposatutako aginduak gogoetatzen dituzte eta gai hori aipatzea ezinbestekoa da. Geure buruari bakea ematea prozesu oso zaila da neska bezala haziak izan garelarik. Kontrola irakatsia izan zaigulako eta jendartearen aginduei «ez» erraten ikasteko protokoloa luzea da. Deseraikitze lana bizi guztirako ibilbidea dela eta bukaezina dela uste dut.

Aldiz, bakardadea maitatzeak ez du erran nahi kolektiboari bizkarra ematen diogula. Alderantziz. 2026an ere, borrokak anitzak izango dira gure eskubideak aldarrikatzeko. Idealista edo militante izatea nekagarria da eta gaur, politikak hartu duen itxurak ez du esperantza handirik ematen etorkizunarekiko. Scoopik ez. Indarrak batu behar ditugu faxismoari eta eskuin muturrari aurre egiteko. Asaldatu behar gara emazte, LGBT+, haur, zahar edota elbarrituen eskubideentzat. Baina honek guztiak energia eskatzen du. Kolektiboari ekarpen sanoak egiteko gure baitan sendoak izan behar gara. Bakardadea, bakardade hautatua, bakardade kuttuna, gure energia iturria izan daiteke, elkarrekin oldartzeko indartzen gaituelako.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA