Paul Rios.

Bake bidea ireki zen Parisen

2015eko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Urte askoan, bigarren mailako aktore bat izan da Iparraldea, gure gizartean bakea eraikitzeko lan guztiari dagokionez. Hango eragile sozial eta politikoek oso modu mugatuan parte hartu izan dute lehenagoko bake prozesuetan. Hegoaldean beti pentsatu izan dute alboko laguntzaile bat baino ez zela Iparraldea. Iparraldean gehiengoa zeukan joera politikoak, berriz, Hegoaldekoen gaitzat zeuzkan arazoa eta gatazka. Zerbait aldatua da, zorionez, azkeneko urte hauetan.

Bi gertakari nagusik ekarri dute Iparraldeak gero eta protagonismo handiagoa hartzea bake prozesuan. Batetik, Aurore Martinen kontrako euroagindua zela-eta izandako protesta mobilizazioek baldintza egokiak ezarri zituzten, hain zuzen, erakunde politiko eta sozial plural ugariri kontzientzia harrarazteko Iparraldeak ere bere rola jokatu beharra zeukala bake prozesuan eta elkarbizitza eraikitzen. Bestetik, balio sinboliko handia izan zuen alderdi politiko guztietako ordezkariek Aieteko Konferentzian parte hartu izanak —une giltzarria gatazka konpontzeko zereginean—, honako mezu hau igorri baitzuten: bake prozesura begira aintzat hartzen zituztela Iparraldeko ikusmoldeak eta ekarpenak ere.

Bi gertakari horiek giltzarriak izan ziren, baina komeni da nabarmentzea ETAren indarkeria amaitu izanak lagundu egingo zuela, ziur asko, mesfidantzak gainditzen, errezeloak saihesten eta hainbat baldintza ezartzen, elkarlanean aritzeko asmoz hurbil daitezen sektore sozial eta politiko berriak.

Ordudanik, ekitaldi eta jarduera garrantzitsuak antolatu izan ditu Iparraldeak, eta horiek guztiek bake prozesuan parte harrarazi diote. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, Bake Bideak antolatutako foroak, zeintzuetara herritarren ordezkari asko eta asko bildu baitziren tokiko zein nazioarteko adituen ekarpenak aditzera. Ezbairik gabe, alderdi guztietako kideek izenpeturiko ituna aurkeztu zutenekoa da beste une nabarmen bat, gai izan baitziren proposamen komun batzuk zehaztu —Lokarrik bi urtean dinamizaturiko elkarrizketa prozesuaren ondoren— eta Iparraldean ere bake prozesua bultzatzeko. Azkenik, joan den ekainaren 11n, Bake Konferentzia bat egin zuten Asanblea Nazionalean, Parisen, eta Frantziako politikako figura nabarmenek babestu eta parte hartu zuten.

Konparatu besterik ez dago ekintza horiek guztiak eta Hegoaldeko errealitatea, eta izugarri aurreratu da Iparraldean. Hitzarmen politiko zabalak egitea lortu dute, hainbat sektore sozialek estatuko hiriburuan parte hartzea, eta herritarrek ere esku hartzea eta bultzada ematea. Duela urte gutxi batzuk bake prozesuko bigarren mailako aktore ziruditen haiek edo halakotzat zeuzkatenak, gaur egun, aurrerabide handietako protagonista dira; nahiko genituzke geuretzat Hegoaldean.

Hein batean, ulertzekoa da halako egoera bat, Iparraldean gutxiago sufritu baitute gatazkaren eraginez. Frantziako eskuineko ordezkari batek behin batean aipatu zidan bezala, haiek ez zuten bizi beharrik izan bizkartzainekin eta mehatxupean. Horra adibide bat, eztabaida Iparraldean hain sutsua ez den erakusgarri. Nolanahi ere, ezbairik gabe, Bake Bidearen egitekoa funtsezkoa izan da aurrerabide horiek guztiak gauzatu zitezen.

Bake Bideak, izan ere, ezin hobeto erakusten du nola landu daitekeen bakea herritarren artean. Bake Bidea gauza izan da errezeloak gainditzeko, konplizitate berriak sortzeko eta aliantza pluralak ehuntzeko, hala Iparraldean nola Frantzia osoan. Gizarteak parte hartzea lortu nahi izan du, herritarrei ahotsa emanez. Hainbat gune sortu ditu parte hartzeko, elkar entzuteko eta solas egiteko. Are, Hegoaldeko hainbat erakunde eta entitaterekin elkarlanean aritu izan da, bake prozesua mugaz haraindira heda zedin. Haren lanari esker, Frantziaren politikako agendan dago bake prozesua. Horrek ez du esan nahi aldaketa erabatekorik espero behar dugunik Frantziako Gobernutik; baina, gutxienez, auziaren jakinaren gainean daude herritarrak, eta iritzi publikoaren zati bat prest dago prozesua babesteko. Lehen urrats bat da, eta inondik inora ere ez txikia. Hori guztia Bake Bidearen irmotasunari esker lortu da, eta haren lanak eragingarria eta akuilagarria izan beharko luke Hegoaldeko gizarte zibilak eta, batik bat, erakundeek eta alderdi politikoek zeinek beren erantzukizuna har dezaten.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.