Prest gaude siglak gainditzeko eta guztiok elkarturik giza eskubideekiko errespetuaren alde agertzeko». Hala ekin genion KonpONbidearen agiria irakurtzeari, martxoaren 15ean argitaratu baitzen Donostian.
Agiri hori gure herriko emakumeen eta gizonen elkartasun ahaleginaren adierazgarri da, kezkaturik baitaude bake prozesua abiatu ezinik dagoelako, besteen gainetiko batzuen garaipen gisa aurkeztu nahi baitute hainbatek bakebidea.
Kezkaturik gaude, etengabeko ika-mika gertatu baita, ea zer egin behar ote duen euskal presoen kolektiboak ETAk 2011ko urrian bere jarduera armatua bere hartan uztea erabakiz geroztik.
Nekez gezurtatu ahalko da harrezkero bakanak izan direla pauso onuragarriak: ETAren beraren erabakia; EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren adierazpena; ehundik gora euskal erbesteraturen agerraldia Altsasun. Hiru mugarri garrantzitsu, alderdietako batek eginak, eta onuragarri bat bera ere ez Espainiako Gobernuak. Eta ongi diot «onuragarri» esanda, Espainiako Gobernuak emanak baititu pausoak, baina bestelako norakoan.
Ez dut uste munduko beste inon erakunde armatu batek bere kasa bakarrik utzi duenik bertan behera bere jarduera; ez dut uste munduko beste inon, erakunde armatu batek bere zuloak eta armak entregatzeko interesa eta nahia adierazi, eta Gobernuak uko egin dionik arma horiek hartzeari eta jasotzeari.
Ez da, era berean, beste inongo adibiderik, nazioarteko adituen talde bat —indarkeriazko gatazkak konpontzen zaildu askoa, euskal gatazka deritzonean bitartekari izatera eta hura amaitu ahal izatera emana— Auzitegi Nazional batera deitu izandakorik, bake prozesua taxuz egiten ahalegintzeagatik.
Eta hori gertatu bitartean, alderdi politikoen eta haien buruzagien arteko adierazpen gurutzatuak ditugu aurrez aurre, ea euskal presoek zer egin behar duten eztabaidan.
EPPK-k argi eta garbi adierazia du onartzen duela Espainiako espetxe legeria eta haren araberako pausoak emango dituztela, banan-banan, lege horiek aplikagarri izan dakizkien. Argiago, ezin. Eta adierazpen horrek ekarri du iskanbila.
Orain ez du balio eragindako mina aitortzea bakarrik. Orain, barkamena eta damua galdegiten da. Are gehiago, euskal instituzioen alorrean zalantzan jarri da apustu hori, eta hauteskunde mugimenduez ere hitz egin da. Uste dut marra gorri asko ari direla igarotzen.
Ezin liteke atzo espetxe legeria onartzeko eskatu euskal presoei, eta, hala egin dutelarik, hauteskundeei begira egin dutela argudiatzea. Nor ari da hauteskundeei begira?
Baina bada argi esaten ez den zerbait. Gaur egun, euskal presoak zera eskatzen ari dira, soil-soilik, euskal kartzeletara lekualda ditzatela. Amai dadila sakabanaketa politika. Espetxe Lege Orokorra betearaz dadin galdegiten ari dira, zeinaren arabera edozein presok bere bizilekutik gertu bete behar duen kondena.
Eta hori izanik eskaera, iraingarria behintzat bada entzutea Barne ministroa honelakoak esaten: «Aztertu egin beharko da ea banakako lekualdaketa eskari horiek benetan egindakoak diren edo lege iruzur bat diren». Zera proposatzen ari da: sakon aztertzeko ea zintzoa den legea betearazteko galdekizuna.
Prebarikazio egintza argi bat dugu aurrez aurre, eta lege iruzurra egiten ari dira, presoei sakabanatuta iraunarazita eta haiek lekualdatzearen kontra daudela iragarrita.
Badira 25 urte sakabanaketa hasi zela; eta ezin gara sor eta gor geratu ikusirik zigor erantsia dakarkiela preso daudenen senideei.
Ezin gara sor eta gor geratu, horrek guztiak gurekin zerikusirik izango ez balu bezala. Gizarte zibilaren ordua da. Gizarte sare zabal eta indartsu bat ehundu behar dugu, gatazka honen konponbide erabatekoan parte hartuko duena.
Memoria, justizia eta erreparazioa: horiek behar dute izan aurrerabiderako gure lanabesak.
Baina memoria barneratzaile bat, ez alde batekoa. Memoria bat berdin-berdin artatuko dituena alde bateko zein besteko biktimak.
Ez baita indarkeria onik edo txarrik. Edozein da arbuiagarri, niretzat. Eta are, askoz ere arbuiagarriagoa da botereak baliaturikoa, Estatuko diru gordeak eta estoldak erabiliz baliaturikoa. Eta, jakina, horien egile zuzenak eta intelektual deritzenak, asko eta asko, inongo kartzelatan egon gabeak dira.
Eta ez nituzke aipatu gabe utzi nahi, nola ez, ETAk baliaturiko indarkeriak eragindako biktimak.
Biktima horiei ere, beste edozein ezaugarritakoei bezala, errespetua eta laguntza zor zaie. Eta hori guztia ezin da bat etorri horiek politikoki erabiltzearekin.
Biktima guztiek behar dute izan beren tokia edozein bake prozesutan, baina haien egitekoa nahasi gabe. Ezin dituzte, eta ez dituzte baldintzatu behar gobernuen politikak. Ez eta espetxe politika ere.
ETAk baliaturiko indarkeriaren biktimek badituzte hainbat erakunde haien defentsari omen direnak. Beste biktimak daude ahazturik. Hala daude, halaber, ETAko kide diren presoak, edo hala izateaz akusatuak, zeintzuk ez diren aintzat hartuak izaten ari garai berri honetan.
Horregatik, apirilaren 12ak —San Telmoko Agirian iragarria gogoetarako jardunaldi gisa— guzti-guztiok interpelatzen gaitu. Giza eskubideen defentsak pertsona guztiok interpelatzen gaitu. Edozein delarik ere bakoitzaren ideologia. Giza eskubideen inguruko eztabaida bat da.
Gonbita egin nahi dut egun hori bake prozesuaren aldeko agerraldi suhar bat izan dadin, zeinean hitza erabiliko dugun arma bakartzat.
Agerraldi bat zeinean eztabaidatuko dugun, eta sinergiak eta konplizeak bilatuko, aurrera egin dezagun. Aurpegi eman diezaiogun, modu demokratikoan, hitzez eta, behar izanez gero, mobilizazioen bidez, ezer aldatzerik nahi ez dutenenei.
Eztabaidatu dezagun, bada, askatasunez, guri ere erasaten digun horretaz guztiaz. Ez bakarrik sakabanaketaz. Baita hainbat legeren izaera salbuespenekoa behingoz amaitu beharraz ere. Altxatu dezagun gure ahotsa, preso daudenen eskubideen urratzearen kontra. Askatasunaz gabeturik egoteak ez du zertan ekarri bestelako eskubideren batez gabetuak izatea. Guztion betebeharra da zeregin horretan parte hartzea, aldi berri hau zapuztu ez dadin. Eta gaur egungo legeek giza eskubideak urratu ahal izatea badakarte, alda ditzagun lege horiek. Gure indarra hitza bada, erabil dezagun.
(Erredakzioan itzulia)

Bake prozesua, erantzukizun partekatua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu