Bakearen Nobel sariari estolda usaina dario

2012ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Urriaren 12an gure handikiek ehunka urtetan izandako genozidioari ospakizun tankera ematen diote, ezin harroago. Data txarto seinalatu horretan, hedabideetan Bakearen Nobel sariaren erabakiaren berri ere izan dugu aurten, Suediako erakunde ezkutu horrek Europar Batasunari eskaini diola iragarririk.

Epaimahaikoek erakunde horrek Europako bakean eta elkarbizitzan aurrerapausoak lortzeko egindako lana goraipatu du baita kontinente zaharrean demokrazia eta giza eskubideak ezartzen egindako lana ere. Bereziki bigarren mundu gerrako sufrimendu latzen ostean egindako baketze lana, eta Europar Batasunean sartzekotan ibili diren lurralde horietan demokratizaziorako oinarriak jarri izana azpimarratzen dute, eta arrazoi guztien gainetik giza eskubideak bermatu izana.

Itxuraz berba dotore eta apain horiek izaera garbi eta gardena dute, baina ur horiek nondik datozen begiratuz gero gauzak bestelakoak direla ohar gaitezke. Historiari begira erromatar inperioaren sasoietatik hasi eta bigarren munduko gerrara arte, Europako urak odolez zamaturiko kolore lohia izan dute, eta argi erakusten digute kontinenteak ez duena zertan harrotu. Ohartu besterik ez dugu Eliza Katolikoak Jainkoaren Izenean egindako sarraskiak,mundu zabaleko hainbat lurraldek jasandako inperialismo bortitza (egun oraindik dirauena), eta agintari ustez demokratiko eta bakezale batzuen konplizitatea tartean hogeigarren mendean munduak ezagutu duen gerrarik bortitzena eragin zuen faxismoren oldarraldi lotsagarria, besteak beste. Oro har, munduan gerra zer den inork erakutsi badu, Europa izan da horretan irakasle aparta, eta mundu mailan sortu diren hainbat eta hainbat hiltzaile odoltsuk haren ereduari jarraiki jokatu dute.

Ur haiek iraganik, antza denez orain Europar Batasunak bere iraganari uko eginik giza eskubideen aldeko hautua egingo du. Eta giza eskubideak bermatzearen kontua da harridura gehien sortu diguna, ez bere iraganarengatik bakarrik, egungo jokabideek erakusten diguten lagin tamalgarriengatik baino. Hala da zeren inguruari begiraturik ez dugu harrotzeko moduko arrazoirik topatzen, bai ordea ondoren aipa daitezkeen sumintzeko zergati ugari, gizalegea duen oro lotsaren amantalaz apain dezaketenak.

Hasteko Europako jokabide inperialista zaharrak bizirik dirau. Aurreko mendeetan Amerikan, Afrikan eta Asian lur eta ondasunak arpilatzeari ekinez, bere biztanleriaren harribitxirik baliotsuenak harturik miseriaren jantzia eramatera kondenatu zituzten. Lurralde horiek bere independentzia erdietsi zutenean, oraindik europar bankari eta enpresa erraldoien menpean behin betiko zorraren kateaz loturik bizi dira, egunetik egunera mandatariak aberatsago eta bertako biztanleria pobreago izanik. Eta miseria horren muturrean, horra hor Somaliako kosta lurralde aberatsen zabortegi bihurturik. Hori dena Europar Batasunari esker.

Aipatutako lur zigortu horietako milaka emakume, gizon eta ume, miseriari alde egin guran, euren lurretatik ihesiEuropako jabe berrien zerbitzura lan egin beharrean dabiltza, euren familiei elikadura eta bizitza duina eman beharrez. Horren aurrean Europako demokrata horiek besoak zabalik hartu ez, eta inon diren atzerritartasun legerik baztertzaileenak aplikatuz gupidarik gabe zigortzen dituzte, lur aberatsen jendartearen estoldetan erdi ezkutuan bizitzera kondenaturik, edo kasurik txarrenetan euren lurraldeetara bortizki kanporatuz. Lege horien mendean hango biztanle xumeak hegoaldeko itsas harresitik txalupa xumeagoetan pilatzen dira, eta horietatik asko ur handien bazka anonimoak dira. Eta hori dena Europar Batasunari esker.

Urteotan aberatsek sortutako krisiaren erauntsiak kolpatzen gaitu. Diru faltaren aitzakian, europar estatuek langileok hainbat urtetako borrokan eta izerditan lortutako eskubide horiek murriztuz dabiltza, aberats eta pobreen arteko amildegia sakonago eginez. Era horretan langileok esklabutza berri batean murgilduko gaituzte, eta horrek atzera bueltarik ez du izango inoiz islandiarren tankerako irtenbidea hartuko ez badugu. Gaur egun legeek babestu barik kolpatu egiten gaituzte, edozein gobernu eta agintari gidari eredugarri baino aurrera egiteko traba baita, enborrak bide erdian bezala. Eta hori dena EuroparBatasunari esker.

Eta azkenik Euskal Herria eta Europako beste nazio txikiei begira diezaiegun. Izatez Europar Batasuna nazio zapalduen bilkura eta babesleku izan behar zuen, eta horretan sinetsi eta sinesten dute oraindik gure herriak ahots propioa izatearen aldeko gizaseme batzuek. Aitzitik urteak igaro ahala, tristeziaz ikusten dugu Europa mailako bilkura hori estatu zapaltzaileek bere nahi erara gidatzen dutela, gure nazio txikiak gero eta zapalduago, gero eta gordeago bizi behar izanik. Euskaldunon kasuan, frantziar eta espainiar estatuek gure aurka darabiltzaten salbuespen legeek Europan zilegitasuna eskuratzen dute, batetik euskarari eragiten dioten etnozidioari izaera ofizial eta unibertsala emanik, eta bestetik euskal iheslariak inon diren euro-aginduen zurrunbiloan gatibaturik espainiar borreroen ziegetara igorririk. Eta hori dena EuroparBatasunari esker.

Horra hor Europar Batasunaren jokabidearen lagin txiki lotsagarri bat, garbitzaile alfer eta maltzurrak zikinkeriarekin egiten duen legez alfonbraren azpian gorderik. Dena dela, alfonbra horrek ez du handi-mandiek gura luketen itxura txukunik erakusten, azpiko kakari eutsi ezinik alboetatik zaramaren presentzia ezin ez baitu ekidin. Alfonbra azpiko kaka ezkutatze horretan Suediako akademia txit gorenaren konplizitatea agerikoa ikusirik, lotsatzeko beldurrik gabe ondoko hau esan dezakegu: estolda usaina dario Bakearen Nobel sariari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.