Jexuxmari Mujika.

Bartzelonara begira

2017ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Bartzelonan gertatu dena ez da broma. Holako gehiago ezagutu beharko ditugula ziur antzean jakin beharra ere ez. Gertatutako burugabekeriaren aurrean seguritate indarrek, erakundeek, hiriko eta kanpoko biztanleek agertu dituzten jokabide eta jarrerek gauza positibo asko erakutsi dizkigute. Hori da aurren-aurreneko esan behar dena, harro. Jarrera eleganteak, egiaz gizakoiak, asko izan dira, gizakiok elkartasuna eta konpasioa zer den ez dugula guztiz ahaztu nahi erakusten digutenak.

Pozgarria da ere oso, musulman sinestunak erlijioa indarkeriarako, gorrotorako, mendekurako aitzakiatzat erabiltzearen aurka gero eta indartsuago eta ausartago agertzen ikustea. Injustiziaz jantzitako gure munduan aitzakia horiek—sinesmenak, arraza, ideia eta helburu politikoak— edozertarako mozorrotzea zein erraz gertatzen den behin eta berriz ikusten dugunean, arnasbide gertatzen dira jarrera hauek, gizakiok —gauza ederrak ere bai, baino— zein barrabaskeria egiteko gai garen ahaztu ez dezagun.

Baina —bainarik gabeko gogoetarik bai al da?— hildakoak, izugarrikeria edozeinen biktimak, nola sailkatzen ditugun eta zaizkigun konturatzeak ere zer pentsatua eman behar liguke; batez ere, honetan edozein mejora zein zaila den badakigulako. Europan, oraingoan Katalunian gertatzen denak bezala ez gaitu beste lurralde horietan gertatzen denak hunkitzen inola ere; normala izango da, akaso, baina horrenbesterainoko mailaketa normala ote? Ez ote da izango, sailkaketa egin ezeanakabo bestela esan beharko genukeelako eta gure mila ikuspegi, nahi, bizikera eta erakunde zalantzan jarri beharko genituzkeelako?

Gogoeta hauek egin beharrak aztoratu egiten gaitu, bai, baina gaur atentzioa deitu didan beste zerbaiti heldu nahi diot, nahiz eta nola heldu eta adierazi ere ez dakidan ondo, ze, hasteko, gertatutakoa ezagutzen dudan neurri apalean ezagutzen dut, eta izugarrikeriari eman zaion erantzunak—konfiantza eta poz sortzaile gertatu bazait ere, esan dut hasieran—, gero eta ozenago zenbait galderetara eraman nau.

Irakurri eta entzun ditudan zenbait gauzek ez naute lasaitu, ez naute poztu bereziki. Gugan, horrelako eta antzeko edozein sarraskien kontra gaudenon herritarrongan, izan dezakeen eraginak kezkatzen nau. Sarraskiaren egileak hil egin dituzte denak. Ez nator inola ere Mossosen jokabidea juzgatzera. Momentu hartan inguruan ziren biztanleak babestea zen beren egiteko nagusia eta horretarako bide seguru bakarra erabili duten hori izan bada, (ni ez naiz nor zalantzan jartzeko, arma zuri, bonba faltsu itsatsiak...) beren jokabidea eskertzea da gizalegezko jokabide bakarra. Kasu horretan beste erremediorik ez zutelako hil dituzte, ordea, beren egitekoa betetzeko ezinbesteko gertatu zaielako. Ez dituzte zorionez hil, edo merezi zutelako.

Zer esaten ari naizen galde diezadakezu. Noski zutela merezi; beraien logikan, bai, hori garbi. Baina beraien logika guri ez zaigu komeni; beraiei, izatez ere. Beren burua immolatzeko prest daudenei zer kalte egiten zaie? Ez dakit, baina guri egiten digu kalte, momentuko sentimentuei errazegi jarraituz ikuspegi guztiz okerrak erraz onartzera garamatzakenoi.

Komunikabide zenbaitek —esango dudan honetan jarrera ezberdintasun gehiegirik egon denik ez dut uste— txalotzeko gauza guztiak garbi adierazi eta gero, hori bai, terroristak garbitu izana notizia oso pozgarri bezala eman dute. Gaztelaniaz gehien erabili den aditza abatir izan da: eraitsi, ehiza-larrian lez. (abatidos sin contemplaciones; en caso de duda deben disparar primero y preguntar después). Terroristen arriskuarekin bukatzea pozgarria da, noski, baina hartu zen bidea adierazteko modu horrek niri kezka sortzen dit.

Orain esango dudana esatea ere zail egiten da, baina esan beharra dagoela uste dut, gero eta eskubidezkoago eta justuago izango diren erakundeetan bildurik biziko garen hiritarrak izatea lortu nahi badugu, hemen eta munduan: terroristak ere gizakiak dira, eta, ondorioz, giza eskubideen jabe; eta hori, guk, hitzez behintzat, ia naturaltzat jotzeraino geure eginak ditugun eskubide horien arabera. Inor ez da hauen jabe gazte, iaio, osasuntsu, emakumezko/gizonezko, zuri, azkar, indartsu, esaneko edo ez dakit nolako delako. Ez eta ere zintzo edo jator delako, eskubideak merezi eta bereziki irabazi dituelako.

Giza eskubideen jabe gara gu giza espeziekoak garelako, horregatik soilik duintasunez jantzitakoak garela erabaki (bete ez) dugulako. Geuri dagokigunean nabarmena iruditzen zaigun hori, guzti-guztientzako dela hala barneratzea oso zail egiten zaigu. Eginkizun zailena horretan daukagu. Horretan aurrera egin ezean, berriz, mundu egokiago eta humanoago bat garatzea ezinezko egingo zaigu. Horretan aurrera egin ezean tolerantziaz eta errespetoz jantzitako aniztasuna onartzen ez dugu asmatuko, eta egungo munduan eraginezko izan daitekeen solidaritza bakarra, solidaritza unibersala, garatzen ere ez.

Bartzelonako erantzunean esperantza sortzeko eta gizaki guztiok dugun giza balioa onartzeko bultzada eman diguzuen guztioi agur eta ohore, eta mila esker. Eta, noski, biktimen odola eta sufrimendua ez dadila alferrikako gerta. Hori gure erantzukizuna da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.