Jon-Mirena Landa Gorostiza.

Bateragunekoak preso… politikoak!

2013ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Auzitegi Konstituzionalak (AK) 2013ko ekainaren 3ko auto biren bitartez Bateragune izeneko kasuan preso zeudenak behin-behinean aske uzteko neurriari ezetz esan dio, batez ere, tartean diren delitu eta kondenak larriak (5 urtetik gorakoak) direla argudioari helduta.

AK-k ez zion heldu mamiari: alegia, ea ezarritako zigorrak eta kondenatutako delituak funtsezko eskubideekin bat datozen ala ez. Hori erabaki bitartean ea kartzelatik kanpo erabakiaren zain egon behar zuten kondenatuek jokoan besterik ez zegoen, hain zuzen ere bestela erabakia hartzeko bidean beranduegi izan zitekeelakoan, kondena osoa beteta egongo da-eta.

Mamiari heldu, ez, baina larritzat jotzen dira delituak eta hori dela-eta interesen arteko gatazka aurrean, presoaldia bertan behera ez uztearen alde egiten du AK-k. Gakoa da, ordea: hain al dira larriak tartean diren jardunak? Ikuspegi formal hutsetik, bai, baina delituen definizio eta eduki zehatzari buruzko azterketa kritiko bat eginez gero, beste era batera ikus daiteke. Azter dezagun.

Entzutegi Nazionalak lehenik (2011ko irailak 11) eta Auzitegi Gorenak bigarrenik (2012ko maiatzak 7) kondenatuei etakideak izatea leporatzen die: hasiera batean ETAko zuzendaritzakideak eta guzti. Horretarako frogatu behar izan zuen Auzitegiak erakunde armatuarekin «lotura» zutela: erakunde-egituran sartuak zirela. Lotura hori egintzetan gauzatu behar da, batetik, eta, bestetik, ekintzak gauzatzeko borondatean. Jar dezagun adibide bat: norbait, ETArekin kontaktatu eta bertan sartzeko erabakia harturik, arduratzen baldin bada, modu iraunkorrean, zulo batzuk sortu eta atontzeaz, bere lotura ekintza materialetan gauzatzen ari da —zuloak atontzearena— eta, gainera, hori egiten du erakunde armatuak eskaturik eta horren probetxurako. Etakidea da, zalantzarik gabe.

Ordea, lotura «materiala» ez bada; lotura ekintza politiko, ideologikoan badatza, delituen eta ekintza politiko askearen arteko muga desagertzeko arriskua dago. Eta hori gertatu da, nire aburuz, kasu honetan. Izan ere, Bateragunea sortzea, prentsaurrekoak ematea, indar subiranisten jarduna politikoki metatzeko ahalegintzea da-eta, kondenatuek egin zuten guztia. Ezker abertzalearen esparrutik jardun politiko hutsa zen; hori bai, auzitegiaren esanetan, «ETArentzat egina»: ETArekiko lotura, kasu honetan, ETAk nahi omen duen jardun «politikoa» egitean datza, ETAk eskaturik, ETArentzat.

Alderdien Legearen «meritua» izan da ETArekiko loturaren kontzeptua mugagabe handitzea, loturaren definizioa arlo politiko hutsera ere eramanez. Hitz lodi hauek ulertzeko eta arrazoitzeko, gogoratu beharra dago, Zuzenbide Penalean Estatu Demokratikoetan muga kritiko eta gaindiezin bat dagoela: hau da, ideien apologia hutsa ez zigortzea. Latinoek zioten moduan: cogitationis poena nemo patitur edo pentsatzeak ez du deliturik egiten. Bestela, iritzi askatasuna eta ideologia askatasuna gehiegi murrizten dira, giza-eskubideen estandarren aurka. Jarduera kriminala eta ideiak plazaratzearen artean ez badago ezberdintasun argi eta garbirik, eztabaida politiko eta ideologikoa ahultzen dira, mugatzen dira, zauritzen dira…hiltzerainoko zauriez batzuetan. Eta Demokraziak nonbaiten baldin badu bihotza, eztabaida publiko askean du: horregatik hor Estatuak ezin du eskua sartu, ezta terrorismoaren kontrako borrokaren izenean ere. Baina Alderdien Legearen bitartez hori ahalbidetu zen Estatu Espainiarrean, eta, horretarako, ETArekiko jardun politiko «osagarriaren» leloa asmatu zuten. Osagarritasun politiko bilakatu zuten delituetan parte hartzeko modu berria: delituak leporatzeko modu berria; ETArekiko lotura ezartzeko modu berria. Eta lotura berri hori oso modu zehaztugabean, mugagabean zertzelatu zuten. Estatu Demokratikoetan nekez delitutzat jotzen diren hainbat jarduera (delituak ez kondenatzea, laguntza politikoa ematea helburu terroristen alde «modu isilbidezkoan»…) aztarna bilakatu dira, alderdiak legez kanpo uzteaz aparte, ETArekin lotura dagoela esan ahal izateko. Zuzenbide penalaren bitartez zigortu ezin zuten ideien apologia-delitua Alderdien Legearen barruan sartu zuten. Eta, horrela, ordenamendu juridikoaren interpretazio sistematikoaren bitartez, horren irakurketa terrorismo-delituen interpretaziora ere zabaldu da. Beste hitz batzuetan: Alderdien Legearen moldeek azkenik etakide nor den erabakitzeko balio dute, jurisprudentzia penalaren bitartez.

Alderdien Legeak zirkulua itxi du, Zuzenbide Penala de facto handitzen. Terrorismoarentzako ekarpen materialak ez ezik, «ekarpen politikoak» egiteko prest dagoen edonor etakide izateko aukera zabaldurik gertatu da.

Premiazkoa da Alderdien Legea bertan behera uztea edo, behintzat, horren lege-aldaketa sakona egitea, batez ere legez kanpo uzteko definitzen diren aztarnak (9. artikulua) zehazteko. Zehaztasun falta delako Alderdien Legearen abusua ahalbidetzen duena. Alderdien Legeari esker, eta horren isla den zenbait jurisprudentzia juridiko-penali esker, Estatuak zuzenbide penala du tresna, diskurtso ideologiko jakin batzuk zigortzeko. Eta hori onartezina da Estatu demokratiko batean.

Atera berri garen Eusko Legebiltzarreko eztabaidaren ikuspegitik, hona hemen hausnarketarako beta eman beharko ligukeen kasua. Hemen inon baino hobeto ikusten da ETAko presoen eztabaida orohartzailea antzua dela. Presoen inguruko balorazioak ñabardurak merezi ditu, kartzelan dagoen pertsonen egoera eta egindako ekintzak oso desberdinak badirelako. Hori dela eta, ezin da berdin baloratu pertsona batzuk bere eskuz hil dituen ETAkidea, eta, horren aldean, ideia politiko «osagarri» bultzatzeagatik kartzelan dagoen «ETAkidea». Bateragunea sortu izanagatik kartzelan dauden kondenatuen kasuan, behintzat, nik bai, nik esango nuke preso politikoak direla, zentzu guztietan. Bai horixe!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.