Batzuk aldaretara, besteak 'zokora'

2011ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Horra nire konklusioa, nahiz eta Biltzarreko gehiengoak onetsi Motibazio Politikako Biktimek ordaintzearen ez-legeko proposamena, hau da, «beste biktimen aldekoa». Ez nator bat hori bermatu duten euskal alderdiekin, ñabardurekin bada ere. Urrats bat, bai, baina inolaz ere nahikoa, eta guztiz alderdikoia eta diskriminatzailea. Irakurri, bestela, Jaurlaritzak abendu hasieran plazaratutako oin-txostena. Bata besteak ez parekatzearren, beste biktimak diskriminatzen ditu. Batzuk aldaretara, besteak zokora.

Iragan urtea ETAren biktimen goraipamen urtea izan da. Bakea, Bizikidetza eta Terrorismoaren Deslegitimaziorako Heziketa Plana imposatu dute ikastetxetan. Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Eguna ezarri digute, eta egunik ez da euren aipurako gorazarre ofizial, oroigarri plakak eta festarik gabe, ETBren bultzada nabarmenaz. Nahitaez, biktimen totem-keta politikoa biziarazi digute, ETAren amaieran areagotuko digutena. Atal berria ere asmatu dute, ETAren mehatxuaz erbesteraturiko 60.000 hiritaralegia. Nondik atera dute kopuru hori, krisiagatik aldenduak,guardia zibil ohiak, polizia ohiak eta bestelako «ohiak» baturik ez bada?

Berandu eta kontu handiz Patxiren gobernuak badirudi beste biktimekiko komeria prestatzera doala. Gerra zibilaren ondoreak gomutarazten dizkit, elizak eta plazak Caídos-en Oroimenerako oroitarriz eta inskripzioz josi zirenekoak. Beste biktimekiko, berriz, isiltasuna eta hilotzak bazterretan galduta. Sozialistak 2007an erditutako Historiaren Oroimen Legeak, beraz, nahiko berandu, ez zuen arduratu nahi izan desagertuen bilaketa eta ehorzketaz. Ekimen hura bide erdian gelditu zen bezala, ez al dugu antzeko tongoaLopezen proiektua?

PSEk eta PPk atzera bota zuten aurreko gobernuak atondutako txostena eta langabeziara bidali bere egile Jon Miren Landa, esanaz ez zuela behar bezala kontrajartzen ETAren biolentzia eta Estatuarena, gatazka bat irudikatuaz. Aresen aginduetara txosten berria egin zuten. Honek ez dakar biktimen zerrendarik eta trantsizioa bi arotan banatzen ditu euren interesen harira.

Hona bi aroak: 1) Aitortzen dute 80ko hamarkadaren erdialdera arteko garaia ez zela izan hain demokratikoa, Estatuarenzerbitzuen laguntzaz edotaeraginaz, GAL eta Batallon Vasco Españolaren gisako talde ultrak kutsatu baitzuten. 2) Geroztikakoa, berriz, europar demokrazia homologatuaren neurrikoaomen dugu. «Hamarkadaren erdialdeaz» mintzatzen dira, urtea zehaztera ausartu gabe. Horra nola asmatu Espainiako kondairarako data-mugarri berria. Nolanahi ere, Trantsizioari amaiera jartzea da kontua. Tesi honen proba lez grafiko bat erantsi zaio txostenari, kontuan tortura hartzen ez duena.

Dataren (1985?) aurreko biktimei «motibazio politikakoak» deitzen diote. Zerrendan agertuko dira eta laguntzatarako eskubidea aitortuko zaie. Hortik aurrera ere, baliteke biktimak existitzea, meiren antzera, baina ez dira zerrendan agertuko. Auzitegian frogatu beharko du interesatuak biktima izan den edo ez. Bidegabekeria makurra, historiaren manipulazioa, ikerketen lurperatzea, lege iruzurra…

«Euskal gatazka, Estatuaren terrorismoa» eta antzekoak tabu dira, eta aitatu ere ez. Bai, torturari atal bat eskaini diote. Giza Eskubideen Europar Auzitegiaren bi gaitzespen gogora dakarzki. Ez, ordea, Amnesty Internationalek urtero salatuak. Ezin zinismohandiagoaz jokatu erresuman halako tabua den arazoa saihesteko.

Atxiloketetan ez al da tortura ohiko praktika? Zergatik mantendu atxilotuen inkomunikazioa? Zergatik ezkutatzen dituzte bideoen argipenak, Arartekoa berari ukatuaz? ETAko bi torturatzeagatik oraintsu lau guardia zibilei ezarritako zigor-epaiaz aparte, badira gutxienez bost zigor-epai auzitegiek bermatuak, 1990, 1992, 1997, 1999, 2001eko urteetan, erregimenak tortura normalki dabilkiela probatzen dutenak. Non gelditzen da, orduan, trantsizioarenondorengo hain aipatua duten demokrazi heldu eta homologarria?

Tortura ez da, baina, gertakizun isolatua. Terrorismoaren aitzakiaz eta biktimen etengabeko totem-ketaren arnasaz Estatuak sortu eta gorpuztu duen legedi-makinan errotzen eta babesten da. «Dena da ETA», hori da errepresio-makina sostengatzen duen kredoa. Auzitegiak eurak saiatuko dira jeloskor egunkariak ixten, alderdiak legez kanporatzen, buruzagiak atxilotzen, tortura babesten… Zigor Zuzenbideak gehienez zortzi urterekin kastigatzen du tortura; hamabostekin, ordea, kale borrokako ekintzarik arruntena.

Ez baditu Biltzarreko Komisio berriak orain arteko tortura-salaketak aztertzen edo 80ko hamarkadaren erdialdeaz gero biktimarik gabeko demokrazi betea dugula aitortzen badihardute, itzali eta goazemak. Euskal uztaiko alderdiek ezin dute holako aporik irentsi, atxilotzen eta torturatzen diharduten bitartean. Horrela gauzak, bortizkeriaren deslegitimatzea exijitzen digute. Biak, hala bietako zein?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.