Gerrarik Ez plataformako kideak

Beharrezkoa denean «ez» esatea

Tere Gorriz eta Oliva Vallejos
2025eko abenduaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Trumpek nabarmendu du Espainiak %5era igo behar duela defentsara bideratzen duen barne produktu gordinaren kopurua; gero, badirudi Trumpek sinetsi egin diola Pedro Sanchezi hark %2,1ekin nahikoa dela esan dionean, eta haserretu egin da. NATOtik kanporatuko gaituela ohartarazten digu, eta horrek lan asko aurreztuko liguke aktibista antimilitaristei, eta aukera izango genuke beste gauza batzuetan aritzeko. Gerrarik Ez plataforman erabaki hori supersonikoa izatea nahiko genuke; halere, NATOren estatutuetan zigor hori ez dago jasota, eta zaila izango da, zinez.

Espainia NATOtik kanporatzea ezinezkoa dela esan diotenez, Trumpi muga zergak igotzea bururatu zaio. Baina horiek blokean soilik igo ditzake, hau da, Europako Batasuna osatzen duten herrialde guztiei, ez Espainiari bakarrik; hortaz, ez dirudi neurri hori erraz gauzatu dezakeenik. Nolanahi ere, lasai egin dezake lo, erakunde antimilitaristen arabera iaz Espainiako barne produktu gordinaren %2,5 eta %3,46 artean xahutu baitzen gastu militarrean (edo %4,11, sekuritizazioa gehituz gero). Zifra sorta hori gastu militarrak aurrekontu orokorretan izan duen gardentasunik ezaren isla da; izan ere, beste ministerio batzuei diru sail militarrak esleitu zaizkie, kontingentzia funtsak iruzurrez erabili dira, eta aldaketak izan dira gastuetan. Datorren urteko estatuko aurrekontu orokorren aurkezpena gardena izatea exijitzen dugu, barne produktu gordinaren %5 gainditu ote dugun argituko diguna.

Horregatik esan behar zaie «ez» eufemistikoki Espainiako Defentsa Ministerioa deitzen denaren politikei (askoz argiagoa da, adibidez, AEBetako Gerra Departamentuaren izen berria), zeinak helburu duten gastu militarra handitzea, zerbitzu militarra inposatzea, hizkera militarra erabiltzea eta eraso egin nahi digun etsai bat bilatzea. Politika horiek guztiak onartzeak, «bai» esateak, gastu sozialetarako dirua murrizten du, eta gerrak sortzen ditu, gatazkek dakartzaten ondorio eta guzti: hildakoak, zaurituak, suntsiketa, hondamendi ekologikoa, gorrotoa eta miseria herritar gehienentzat.

Gaur egun, 50 gatazka armatu baino gehiago daude munduan. Batzuk duela 77 urte sortu ziren, esaterako, Palestinakoa, estatu sionista sortu zenean; beste batzuek 50 urte beteko dituzte, adibidez, Madrilgo Hiruko Akordioak sortutakoak, zeinaren bidez Espainiak Mendebaldeko Sahara Mauritaniari eta Marokori eman baitzien; Ukrainakoak laugarren urtea beteko du jada (edo hamabigarrena, Donbassen altxamendua aintzat hartuz gero); Sudan, Myanmar, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Uganda, Etiopia, Libia, Irak, Afganistan... beste adibide batzuk dira.

Erraz jakin ohi da gerrak noiz hasten diren, baina ezin da asmatu noiz bukatuko diren. Gerra horietako asko kronifikatu egiten dira, hain justu, alde baten eta bestearen atzean beste herrialde eta enpresa batzuk daudelako, diruarekin eta armekin eragiteko ahalmena dutenak. Israelek apartheidari eta genozidioari eusten die AEBen eta Europako Batasunaren babes militar, ekonomiko eta politikoari esker; Ukrainak Errusiari aurre egiten dio NATOren babesarekin; Errusiak bere gaitasunari eusten dio Txinaren eta garapen bidean dauden beste herrialde batzuen laguntzagatik; Maroko AEBek, Frantziak, Espainiak eta Israelek babesten dute, eta abar.

Eragile armatuek indarkeria baino ez dute sustatzen gatazkak konpontzeko. Arma eraginkorren bidez gerrak irabaz daitezkeela saltzen digute. Eta logika horrekin hasten da armagintzaren karrera, non milioika euro gastatu behar diren armamentuan, askotariko gizarte beharrak finantzaketarik gabe utziz.

Armen osagaiak egiten dituzten enpresa handi, ertain edo txikiek izaten dituzte etekinak, eta biztanleria zibila, kasurik onenean, baliabiderik gabe geratzen da. Are, zorte txarra badu eta gerra bat hasi den lurralde batean bizi bada, heriotza eta suntsiketa baino ez du pairatzen. Ez dirudi, hain zuzen, garai lasai batera hurbiltzen ari garenik.

Ildo politiko antimilitarista bat falta zaigu, esango duena gauzak ez direla horrela konpontzen. Ideia supremazista, kolonialista, sionista, arrazista eta inperialisten aurka tinko mantenduko dena. Gatazkak konpontzeko oinarria elkarrizketa dela aldarrikatuko duena. Ez dugu ahaztu behar Nazioarteko Zigor Zuzenbidea sustatzea, baita Nazioarteko Justizia Auzitegia ere, eta, bereziki, Nazioarteko Zigor Auzitegia, non gizateriaren aurkako krimenak, gerra krimenak eta genozidioak epaitzen diren.

Mugimendu antimilitaristak momentu handiak izan ditu: aipatzekoak dira, adibidez, Liberiako sexu greba, Women of Liberia Mass Action for Peace-k sustatua, edo derrigorrezko soldaduska desagerrarazi zuen armadarekiko intsumisio mugimendua, edo Irakeko gerran Gure izenean ez kanpaina. Eta garai hauetan erronka handiak ditu: Palestinako apartheida eta genozidioa gelditzea, arlo militarrean egiten diren gastu milioidunak salatzea, industria militarraren hedapena eragoztea eta Europako zenbait estatutan indarrean dagoen derrigorrezko soldaduska salatzen jarraitzea. Gastu militarraren aurkako eragozpen fiskala, armadarekiko intsumisioa eta gerra desertzioa babesten jarraituko dugu; kontzientzia eragozpena sustatuko dugu tresneria militarra ekoizten duten enpresetan.

Azken finean, logika militarrean murgiltzeari «ez» esatea aldarrikatzen dugu. Ez da erraza izango, baina badakigu gerrak ez duela gauza onik, hortaz, alda dezagun norabidea.

Gerrarik ez! Genozidiorik ez! Okupaziorik ez!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.