Pedro Sanchez presidenteak ipurdiko lorea galdu du. Ez dago atzera egiterik. Gobernuburua ezpataren eta paretaren artean dago, jakin zenetik Santos Cerdan nafarra inplikaturik zegoela Jose Luis Abalos eta Koldo Garciak sortutako sare kriminalean. Nork esango zion duela urtebete Espainiako presidente ahalguztidunari, bere ezkutari eta babesle leiala esleipen ilegalekin eta haginkadekin loturiko kontuetan zebilela.
Berealdiko inarrosaldia eragin du, zinez, azken hilabete honetan deskubritu izan dugun guztiak. Eta, pastelari ginga ipintzeko, ekainaren 30ean Auzitegi Goreneko epaileak presondegira bidali zuen Cerdan. Azken mugimendu horrek PSOEko goi-arduradun eta kargudun garrantzitsu denak hunkitu ditu. Inork ez daki zer jazoko den hurrena. Denak dira beldur, ez ote diren audio edo txosten gehiago agertuko, beste inor zuzenean nahiz zeharka inplikatuko dutenak.
Alde batera utzita Cerdan-Abalos-Koldo hirukote estrainioaren auziak PSOEri eragindako pena eta zorigaitza, orain serioski: Sanchezek ez du zuzen jokatu. Bere erreakzioa markatu duten hiru ekintzak (barkamena eskatu, PSOEko kontuen auditoretza iragarri eta Antolakuntzarako Idazkaritza lau pertsonaren esku utzi) ez dira nahikoa izan alderdiarekiko eta Espainiako Gobernuarekiko mesfidantzaren hemorragia geratzeko. Aitzitik, PP eta Voxi ongarria botatzeko balio izan dute, espainiar eskuina eta ultraeskuina txit nabarmen hazi baitira sozialisten eta Sumar-en kontura.
Presidentearen immobilismoak, ondikoz, haserrea piztu du ezkerraren baitan, eta estrategia erraztu dio eskuinari. Gobernuaren birmoldaketarik ez, konfiantza-galderik ez, hauteskunderik ez (argi dago suizidio politikoa litzatekeela PSOErentzat), dimisiorik ez, ezta aldaketa handirik ere. Sanchezen plana 2027ko uztailera iristea da, edozer kostarik ere, inporta gabe zein izango den bere partiduaren patua. Ezer gertatu izan ez balitz bezala. Aurrera jarraitu, albait arinen eta gibelera begiratu gabe, gobernu-plan zehatzik gabe. Sozioei eta beren berrikuntza-galtoei jaramonik egin gabe. Baloiak kanpora bota eta «gizon hauek ez dute alderdiarekin zerikusirik» esaldia etengabe errepikatu.
Paralelismo bat eginez, 2025eko Pedro Sanchez eta 1995eko Felipe Gonzalez ispiluaren alde banatan daude, nahiz eta presidente ohiak bere ondorengoa gogor kritikatu duen. Errepara diezaiogun egoerari. 2025ean, baditugu Koldo, Cerdan, Abalos eta batek daki zenbat pertsonaia gehiago ustelkeria-kasuetan sartuta. Aipatutako denak PSOEko kideak eta buruzagiak izan dira. 1995ean, Gonzalezen kabineteak auzitegietan zeuzkan iltzatuta begiak, GAL, Roldan, Filesa eta CESIDen grabazioen auziak zirela medio. Hortxe ere, PSOEko buruzagi garrantzitsuak zeuden inplikatuta. Biek pairatu dute higadura politiko nabaria, batik bat Moncloan egon diren azken urteetan, eta orain, Sanchezek legealdia agortu nahi du, eta 2027ko hauteskundeetan parte hartu, Gonzalezek 1996an egin zuen legez. Orduko hartan jazo zen bezalaxe, orain ere antzematen da ziklo bat amaitzen ari dela, eta eskuina nagusi izango den aro berri bat datorkigula.
Felipe Gonzalezen antzik hartu nahi ez badu, eta agonia sobera luza dadila ekidite aldera, Sanchezek Justin Trudeau kanadarrari begiratu beharko lioke: presidente izateko hautagaitzari uko egin eta beste pertsona bat aldeztu, bere testigua har dezan. Marc Carneyk emaitza hobeak lortu zituen Kanadako Alderdi Liberalarentzat, aurtengo boz federaletan. Hori jakinda, hemen, PSEk eta PSNk pentsatu beharko dute zer komeni den, eta zer aholkatu behar dioten sozialisten idazkari nagusiari. Ez PSOEren osasun politikoagatik, ezpada Euskal Herriaren eta Estatuaren aitzinamenduaren hobe beharrez. Ezer egiten ez bada, 2027tik aurrera, eskuin atzerakoiak Moncloan izango dira luzaroan. Eta hori, jakina, bateraezina da euskal herritarron interesekin.