Idazlea

Besta politikoa ote da?

Idoia Rodriguez Mondragon
2025eko irailaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nork ez ote du asteburua itxaron lagunak ikusteko, ligatzeko edota dantzatzeko? Nork ez ote du pentsatu besta askatasun momentu hoberena dela egunerokotasunari aurre egiteko eta geure burua askatzeko? Zergatik hainbeste jendek ostirala espero ote dute tabernan edo diskotekan mozkortzeko? Jaiak, bere energia bereziaz betetzeaz gain, kate batzuez askatzen gaitu, maska batzuk ezartzeko eta gure haurtzaroaren inozentzia topatzeko aukera ematen digu. Gure lanbideek eskatutako performantzia eta egunerokotasuna hausteko parada dugu.

Besta sistemak inposatzen digun betebeharrei aurre egiteko tresna indartsua izan daiteke. Baina kapitalismoa eraldatzeko aukera bat ala kapitalismoak uzten digun espazio antolatua ote da?

Askok azken bi hilabeteak parrandan pasatu ditugu. Badirudi besta bi molde ezberdinez egin daitekeela.

Alde batetik, ofizialak izendatzen ahal direnak. Gure sistema bertikala eta kontrolatzailea birsortzen duten antolakuntza dira. Demagun, Baionako bestak: uztail hasieran, milioi bat pertsona baino gehiago erakarri ditu bost egunez. Urte guztiz bezala, agresioak, borrokak eta bortxaketak izan baldin badira, Baionako Herriko Etxeak bortizkeriari aurre egiteko kontrolak sendotzea erabaki du. Orduan, seguritate enpresa pribatuak, polizia, CRS eta konpainia emendatu dituzte. Emaitza? Ofizialki, herriko etxeak estimatzen du agresibitate maila apaldu dela. Alta, elkarteen diskurtsoak ez dira berdinak: prebentzio erakusmahai batzuk suntsituak izateaz gain, eraso fisikoak edota irainak etengabekoak izan dira. Kontrolak eragin txikia du ospakizun ziur bat segurtatzeko.

Besta sistemak inposatzen digun betebeharrei aurre egiteko tresna indartsua izan daiteke. Baina kapitalismoa eraldatzeko aukera bat ala kapitalismoak uzten digun espazio antolatua ote da?

Diskoteketan eredu berdintsua agertzen da: buztan luzeak egiteaz gain, atezainak erabakiko du sartzeko pribilegioa ukanen duzunez, zure itxura epaitu ondotik. Horrelako guneak elitistak izateaz gain, jendartearen makurrak birsortzen dituzte: bortitzak, sexistak, arrazistak eta klasistak dira. Horrez gain, ekitaldi moda berriak agertzen dira: taberna txikiak (PMUak) modan bilakatzen dira eta kontzeptu berriak sortzen dira, prezioak igotzen dira eta burgesez betetzen dira. Bai, dancefloor-a ere gentrifikatzen ahal da. Ber maneran, formakuntzarik ez duten elkarte edo tabernek queer agerraldiak edo toki «seguruak» proposatzen dituzte. Bai, queerwashing-ak ere saltzen du. Antolatzaileek mugimendu kultural eta politikoak berenganatzen eta desbideratzen dituzte heterosexualei atrakzio berriak proposatzeko, zoo batean balira bezala. Orduan, egiazki parranda nola egiten ahal ote dugu ez baldin bagara babestuak (sentitzen)? Gune horiek beti boteretsuen esku utzi behar ote dira?

Inkesta batzuek (adibidez, Laurent Begue, Conduites agressives et alcoolisation) adierazi dute gure mendebaldeko jendartean alkoholaren kontzeptua haurtzarotik agresibitateari lotzen diogula. Honek erran nahi du, handituz, produktu hori (eta ilegalak direnak) aitzakiak bilakatzen direla agresiboagoak bilakatzeko ospakizun momentuetan. Beste jendarte batzuetan, alta, alkoholak ez du dimentsio sozial hori, eta jendea mozkortzen delarik, ez da bortizkeriarik agertzen. Jaia, tresna guztiak bezala, politikoa da. Orduan, erabaki antolatua da estimatzea besta neutroa dela. Indarkeriak eta bortxakeriak denon ardurakoak dira. Arazoa ez da alkohola eta konponbideak ez direla Poliziaren esku. Gure esku dira.

Gaur, Bidasoaren iparraldeko elkarteak protokoloak sortzen hasten dira, baina ospakizun ziurra, errebeldea eta politizatua izan dadin, bidea oraindik luzea dela agertu da uda honetan ere

Bestalde, eredu independenteak, irekiak, merkeak existitzen dira. Leku horietan, antolatzaileen ardura ospakizun klasikoez ezberdintzen da. Ekitaldiaren ongi iragatearen arreta ez da kanpo enpresen eskuen artean ematen, baina ardurak hartzen dira. Hots, kargudunek lan sakona eramaten dute gogoetak, eztabaidak edo protokoloak sortuz eta sustatuz. Zer egin erasoez akusatuak diren pertsonekin? Nola erreakzionatu salaketa bat badelarik? Zein da muga ligatzea eta onespenaren artean? Drogaren erabilpena nola kudeatu? Noski, lan horrek ez du segurtasuna bermatuko. Baina errepresioaren ordez pentsaketa eta heziketa kolektiboak eraginkorragoak dira. Besta eta alkoholarekiko heziketa ikasi behar dugula erakutsi dute elkarte batzuek. Aspalditik EHZ festibalaren antolakuntza aspektu askorentzat interesgarria da: ez du seguritate pribaturik pagatzen, eta laguntzaileen esku da formatzea, ohartzea eta jakinaraztea zein eredu nahi den. EHZ festibalera joatea ez da bakarrik jaia egitea, baina jendarte baten isla ideal bat atzematea. Besta bai, borroka ere bai, Patxa taldeak zioen bezala. 80ko hamarkadan gazte talde batek ulertu zuen parranda ideologia batzuen zerbitzuan dela. Guri dagokigu gure ereduak, etika, sortzea eta praktikatzea. Patxokin ospatu genituen aurten Baionako azken ekitaldiak. Patxa plazak eredu ofiziala edo independentea segituko ote du orain? Gaur, Bidasoaren iparraldeko elkarteak protokoloak sortzen hasten dira, baina ospakizun ziurra, errebeldea eta politizatua izan dadin, bidea oraindik luzea dela agertu da uda honetan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.