Nekane San Miguel.

Betirako

2025eko azaroaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Poliziek atxilotuko dituztenen jatorria jakin nahi da. Notizietan zenbakiez ari dira, eta kopuruez, eta estatistikez. Ez da argi geratzen zertarako zifrak, numeroak lanabes izatetik berez helburu izatera pasa diren garai hauetan; datuen manipulazioaren atea ireki eta zabalik geratu zen aspaldi.

Atxilotuaz bat delitugile deklaratzen dituzte, errugabetasun presuntzio-eskubidea traba bihurtuta. Prozesurik gabe, hasieratik kartzelan ez badira giltzaperatuak izaten, protestak. Kanpotarrak badira eman nahi zaien beste aukera bat, berme eta tramiterik gabe, kanpora itzuli. Berehala.

Gizarte bakoitzak eraikitako ordenaren eta baloreen aurkako ekintzak direla delituak diote. Babestu beharreko eskubideen eta ondasunen urraketen egileari, bere eskubideak murriztuz edo gabetuz erantzun ohi zaio. Zibilizazio deritzan honen hasierako denboretan, zigorra bat-bateko erreakzio itsua izan omen zen: ez ziezagula aurrerantzean kalterik egin delitugile horrek, egile hori neutralizatu beharrak bultzatzen omen zuen erantzuna, izuaren osagaiak hornituta.

Hala ere, garai haietan hasita, delitua egitearen inguruan sortu izan dira hamaika galdera eta gogoeta pentsalarien aldetik. Ikasle sasoian XIX. mendean argitaratutako lanetan jarrarazten ziguten arreta. Buruan, italiar eta alemanak geratu zaizkit batez ere, zigorra ezartzearen fundamentuaren inguruan, neurrian eta helburuan hamaika buelta; kartzela zigorrari (latza eta marjinazio iturri dela zioten) alternatibak aurkitzeko beharraz ere luze mintzatu ziren, zibilizazioak aurrera egin eta balore moralak sendotzen diren neurrian, zigor arinagoak ere beharrezko funtzioa beteko dutenaren iritzikoak agertuz. Eta filosofia eta zuzenbidearen ondoan, beste diziplina batzuetatik delitugileak zergatik egiten duen delitua jakiteko beharra (ez hainbeste justifikatzeko; ezagutzen ez dena nekez konpondu daiteke eta); zein baldintzatan eta inguruabarretan jarri behar den arreta, pertsonari bai, baina jendarteari ere sostengua eskaintzeko.

Hala eta guztiz ere, mendekua den instintuak dakarren erreakzioa ahuldu ordez, Lynchen legea indartzen ikusiko zuten beldurra azalarazi zuten filosofo haiek, batez ere pertsonaren aurkako delitu larriek eragiten dituzten erreakzioengatik; horrelako delituek jendearengan instintu baxuenak azalera ekartzen dituztela ikusita.

Orduko gogoetek bidea jarraitu zuten XX. mendean, eragin nabarmena izanik. Horren ondoren eta ondorioz Europako estatu gehienetan kartzela zigorrak, delitugileari ordainarazteko modua izateaz gain, birhezi eta birgizarteratzera bideratuta behar du. Heriotza zigorra baztertzeaz gain, betirako kartzelak ere ez luke bat egingo gaur egun, teorian behintzat, zigorrei eman beharreko zergatik eta zertarakoarekin. Ezta urte luzeetarako ezarri eta osorik betearazten diren kartzelaldiak ere, behin baino gehiagotan gogorarazi digun moduan Estrasburgoko Auzitegiak. Epaitegi horren ebazpenen artean, bat ekarri nahi dut lerro hauetara, 2013ko uztailaren 9an Vinter eta beste bi presok Erresuma Batuaren aurka ezarritako demandari emandako erantzuna. Betirako kartzela zigorra Europako Hitzarmenaren edukiarekin bat ote zetorren izan zen auzitegiari egindako galdera auzi horretan.

Erabakiak berak duen interesaren adinakoa izaten da ebazpenean zehar idatzita geratzen den literatura. Aipaturiko horretan (29/2013 zbk.), Ann Power-Forde Magistratu Andreak dioenak eman dit atentzioa. Epaimahaikideekin ados izanik, boto berezi batean hauxe gehitzen du: bizi osorako kartzela zigorra, bere horretan eta ñabardurarik gabe mantentzea ez datorrela bat Europako giza eskubideen araudiarekin. Krimen izugarriak egin dituztenek ere aldatzeko aukera eta gaitasuna gordetzen dutela bere baitan dio; giltzapetze luzeek itxaropenetik desjabetu egiten dutela pertsona. Itxaropena gizatasunaren osagai garrantzitsua den neurrian, birgizarteratzeko esperantza ukatzea laidogarria dela. 29/2013 ebazpenaren epaia demandatzaileen aldekoa izatea ahalbideratu duen araua «itxaropenarena» dela dio Power-Forde Andreak bere botoan, baina gure ingurura begiratuz gero, gizartearen gehiengoak ez duela esperantzaren iturritik ura edateko asmorik nabarmen geratzen zaigu.

Hogeita bost urte espetxeratuta egon ondoren kalera ateratzen denak itxarongo dion inor aurkitzea ez dela ohikoa diote juristek eta soziologoek. Pertsona aske moduan bizitzeko lagunduko dion ingurua ezinbestekotzat ematen dute gai hauen aztertzaileek, baina halakorik dutelakoan irteten direnak ere berehala ohartzen dira hamaika hesi eta muga ezartzen zaiela eskubide osoen jabe izan daitekeenaren zalantzaz iratzarri daitezen goizero. Irten direlako protesta eta mendeku eske ugariez gain, gizartean besteak bezala aritzearen debeku. Betirako zigortzeko modu bakarra ez baita kartzelan mantentzea soilik.

Lynchen legearekin ordaintzeak ez dio eskubiderik onartzen lintxatuari, ez bermerik, ez neutraltasunik: salatari, epaile eta exekutatzailea pertsona edo talde berbera da. Agian ez dute fisikoki zigortuko baina ez egin zalantzarik kantzelazioak (deuseztapen, ezabatze, kanporatze) heriotza zibila ekarri diola hamaika pertsonari, eta duela ehunka urte moduan, zigorra zertarako, zeinen izenean, zein helbururekin… eta abar luze horrek dakartzan galderak berriz ere egiten hasi behar!

Esperantzari leihoa zabaltzerakoan desilusio kiratsa antzematen zuen duela berrogeita hamar urtetako kantari taldeak. Beste leiho batzuk irekitzeko aukerak ekarri zigun batzuei, itxaropen txiki bat, baina zabaltzerakoan jasotako zaplastekoa agian gogorragoa ari da izaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.