Aitziber Sarobe Egiguren.

Bi kate

2013ko irailaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Biak ebaki beharrezkoak: bat gorputzaren bizitzeko, bestea gogoaren askatzeko». Gogo eta gorputzaren zilbor hesteak, nork ez du gozatu Mikel Laboaren abesti honekin (euskara bizitzeko plazera dugunon artean, esan nahi baita).

Uda bukatzera doa. Natur ingurunera begira egoten garenok belaunaldi berriak hazten ikusi ditugu: batzuk bertan heldu dira, besteak bide horretan hara eta hona zabaltzen ari dira. Guztiak ere gorputzaren zilbor hesteak ebakita. Hori baita naturaren legea, jaio, hazi, heldu eta hil (baldin eta jaiotakoak ugaltzen badira, noski). Hain sinplea dirudien hau, ordea, ez ei da erraza euskaldunon giza ingurunean. Abuztu honetan hedabideetan zabaldu den berriarekin hausnarrean nabil oraindik: Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak 2013ko lehen hiruhilekoari buruz egindako azterketatik ondorioztatu du 30 urte baino gutxiago dituzten EAEko gazteen emantzipazio-tasa %18,5. Alegia, 30 urte baino gutxiago dituzten hamar gaztetik bik ere ez dute bakarrik bizitzea lortzen. Berri honek egonezina eragiten didala ezin uka: Zer-nolako gizartea sortzen ari gara? Emantzipaziorik gabe, norbere bizimoduaren jabetza hartzeko askatasunik gabe, lor al liteke zorionik? Hala ez bada, nire ustea den bezala, nolako etorkizuna dauka bere gazteak zaintzen ez dituen gizarteak?

Kontseilu horrek gertaera honen arrazoiak ondorengoak direla dio: krisi ekonomikoa, langabeziaren hazkuntza, lan baldintza prekarioak, eta bereziki, higiezinen merkatua. Nonbait, EAEko adin horretako gazteen %63,8k ez du soldatarik kobratzen. Hori gutxi balitz bezala, soldata kobratzen dutenek %161,21 gehiago kobratu beharko omen lukete etxe bat erosi ahal izateko (edo alokairu duinak eskuratzeko, antzeko prezioetan baitaude leku askotan). Eta hori guztia estatuko gainerako gazteek baino gehiago kobratzen dutelarik. Horrek guztiak zentzu apurren bat izango luke gure herrian etxebizitza falta balego, baina Eustat-ek 2011ko datuekin egindako ikerketatik ondorioztatu duenez, EAEn eraikita dauden etxebizitzen %15 baino gehiago, 158.000 etxebizitza inguru, ez dira ohiko etxebizitzak: alegia, hutsik daude edo bigarren etxebizitzak dira.

Hori guztia entzun, eta gure agintariak ez dira aztoratzen. Kasta aberatsak gobernatzen du gurean, antza, zifra horietatik at bizi denek. Eliteak, alegia. Bankuen eta higiezinen agentzien negozioei egozten diete errua agintari horiek (partidu guztietakoek, bereizketarik gabe), entitate horiek erregulatu edota arautu ezinezkoak balira bezala. Aste honetan bertan irakurri dudanez, Britainia Handiko egoera ekonomikoa hobetzen ari dela eta, etxebizitzak erosteko eskaria handitu egin da, eta, eskaintza txikia izanik, etxebizitzen prezioa hilabete gutxitan ia %10 garestitu da. Horri aurre egiteko, parlamentu britainiarra lege berriak aztertzen ari da Ingalaterrako Bankuak etxebizitzak erosteko kredituak emateko arauak zorroztu ditzan kreditu horien etengabeko hazkuntza ekiditeko, eta bide batez, etxebizitzen prezioen etengabeko hazkuntza geldiarazteko. Esan bezala, hori guztia merkatu librearen defendatzaileekin osatutako Gobernua bideratzen ari da, etxebizitza eskaintza eskaria baino txikiagoa duen herrian.

Badira etxebizitza hutsak okupatzea legitimatzen duten herrialdeak, edo egoera hori zergen bidez zigortzen dutenak. Nire ustez, lurraren okupazio desegoki hori desjabetzeak eragiteko modukoa da, eta horretara bideratutako legedia garatu beharko litzateke. Baina, zenbaitentzat jabego pribatuaren kontra hartu ezin diren neurri horiek hartzera iritsi aurretik, bistan da bestelako erabakiak har daitezkeela. Noski, horren beharra ikusten bada, eta dirudienez gure gizartean gorputzaren zilborresteak ebakitzeko ez dago presarik.

Gogoaren zilbor hesteaz ere mintzo zaigu Laboa. «Bestea gogoaren askatzeko», dio abestiak. Gizakiona berezkoa den katea da hauxe, gogoarena. Euskaldunon giza ingurunean gorputzarena baino kate astunagoa da hauxe aspalditik. Ikasturte berria hasi dugun honetan, hamabost urte atzera egin dugunaren sentsazioa saihestu ezinik nabil hedabideen jardun nekaezinaren ondorioz. Garai hartako diskurtso berberak, argudio berberak, aiene, kexa, intziri eta aitzakia berdinak euskal gizartearentzat etorkizun berria eta askeagoa nahi dutela diotenen ahoan. Gure herriko lehendakariari entzun diot euskal abertzaleek batera eta bakarrik jardutea Euskadiko elkarbizitza lubakietatik eraikitzearen parekoa litzatekeela. Gizon hau oraindik ez da konturatu joan deneko 40 urteetan EAEn, Nafarroako Foru Erkidegoa bezala, gizarte euskalduna lubakietatik ari dela erantzuten kolonia espainiarrean agintzen duen nazionalismo espainolistari. Ez dakit zer kontatzen dion koloniako agintariak bisitan joaten zaionean, baina, joate hutsak agintea ematen dionaren ustearekin bueltatzen dela iruditzen zait niri. Horrela beste 40 urte pasa ditzakegulakoan, antza.

Badatoz hegaztiak pasean. Iparraldean jaiotako belaunaldi berriak hegoaldera doaz, goxotasun bila, garai hotzak pasatakoan berriro bueltatzeko promesa eginda. Etengabe jasoko dituzten tiroetatik libratzen direnak iritsiko dira, etorkizun berriari bide egiteko. Haiengan dago nire gogoa, egunen batean gatibu gauzkaten kolonietara lotzen gaituzten kateak ebakiko ditugun esperantzarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.