Bi urte, eta aurrera... Elkartasuna, elkarlaguntza, antolakuntza

Asier Calvo Alvarez de Arkaia, Daniel Fuentes Lopez, Oihana Idoate Errea, Ane Martinez Echeverria eta Amaia Prieto Arratibel
2023ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Orain dela bi urte, Iruñean norbanako talde bat Haritu elkarlaguntza sarean antolatzen hasi ginen, langile klasearen pobretze orokortuari kolektiboki aurre egiteko helburuarekin. Elikadura eta etxebizitzara iristeko handituz doazen zailtasunak direla medio, Harituko Elkartasun Biltegia eta Etxebizitza Sindikatua sortu genituen.

Elkartasun Biltegia 110 partaidek osatzen dute dagoeneko, eta hiriko supermerkatuetan hamabost egunez behin egiten ditugun bilketekin sostengatzen da. Gainera baratze bat eta olibadi bat ditugu autogestiorako. Ibilbide sozial eta politiko anitzeko lagunak biltzen gara. Horrek elkar ulertze ariketa oinarrizkoa izatea suposatzen du; hala nola hizkuntzena (wolof, arabea, frantsesa, euskara edo gaztelera), militantzia praktikena eta pentsatzeko, sentitzeko eta egiteko era ezberdinena.

Etxebizitza Sindikatua, berriz, etxebizitzaren jabearekin gatazkan dauden maizterrekin antolatu da. Dozenaka maizterrekin beraien eskubideen inguruko aholkularitza egin, eta horiek bermatu ditugu. Hainbat etxegabetze geldiarazi dira, denak alokairukoak. Denetariko problematikak salatu dira. Etxebizitzak bizitzen garapen eta zaintzarako oinarrizkoak dira, eta ez diogu hori esateari utziko. Halere, etxebizitza baterako sarbidea geroz eta mugatuagoa da askorentzako. Soilik Nafarroan, azkeneko zazpi urtetan %40 hazi dira alokairuak. Sarbiderako baldintzek, egoera zaurgarrian dauden pertsonek edota lanpostu prekarioak dituzten pertsonek etxe bat osatzea zailtzen dute.

Etxebizitzen erabilera turistiko eta aldi baterakoaren hazkundeak, irabaziak biderkatzea ahalbideratzen die jabeei (gehienbat jabe ertain eta txikiei), eta prezioen igoeran laguntzen du. Gure hiriak arpilatuak izaten ari dira. Honi gehitu behar zaio etxebizitzen gestiorako inbertsio funtsen geroz eta agertze handiagoa. Hau da Testaren kasua Iruñean, zeinak hamaika alokairuren gestioa eskuratu duen eta auzokideak itotzen saiatzen ari den alokairu kontratuen arrazoirik gabeko aldaketekin.

Gainera, aurrekaririk gabeko hornidura eta erregaien igoera, langabezia, soldata kaskarrak, erosketa-saskiaren prezioaren igoera, bereziki emakumeengan egokitzen diren zaintza lanen zamaren hazkundea... geroz eta gehiago kaskartzen dituzte bizi baldintzak, eta bereziki egoera araugabean dagoen biztanleria arrazializatuan. Bestetik, enpresari, banketxe eta errentadunak haien irabaziei atxikitzen zaizkiela ikus dezakegu. Intermon Oxfan-ek helarazitako datuen arabera, munduko biztanleriaren %1ek munduan ekoitzitako aberastasunaren %63a pilatzen du. Gehitu diezaiogun horri guztiari gainbehera ekologikoa, testuinguru globala, mugetan emandako heriotzak eta krisi energetikoa. Ez zaigu arrazoirik falta ibiltzen jarraitzeko.

Haritun bi urte daramatzagu oinarrizko beharren eta etxebizitzaren problematika era kolektiboan borrokatzen. Bi urte komunitatea ehuntzen autoantolakuntzaren bitartez, lotuneak estutzen eta elkarlaneko dinamiketan lanean beste kolektibo batzuekin batera. Honen adibide dira Iruñeko saskibaloi eta futbol mundialito anti-arrazista, sarearen hedatzea Iruñeko auzoetan edota Hego Euskal Herriko beste etxebizitza sindikatu eta elkarlaguntza sareekin antolatze aldera eginiko apustua.

Bi urtez gure ustez arazo hauen kausa egiturazkoak direnak salatzen: etxebizitzaren merkantilizazioa, baliabideetarako sarbidean dagoen desberdinkeria, klase zapalkuntza, arrazismo instituzionala, emakumeen aurkako biolentzia. Bi urte eta hemen darraigu... zeren eta garrantzitsuena ez da pastela banatzea, baizik errezeta aldatzea.

Horregatik, urtarrilaren 29an, igandean, 13:00etan, Iruñeko San Frantzisko plazatik Oinarrizko beharren eta etxebizitzaren defentsan, antolakuntza! lelopean irtengo den kalejirara gonbidatzen zaituztegu, baita Zabaldin eginen den ondorengo otordura ere.

Antolatu eta elkarlaguntzan haritu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.