Bidea da borroka bakarra

Imanol Alvarez
2021eko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Lege berria dator hezkuntzan. Bertsolari Txapelketa Nagusia edo Olinpiar Jokoak lau urterik behin dira, eta hezkuntza legearen aldaketa, egutegi kristauan jaiegunak bezala, ez da erregularra, baina antzera. Lege honek curriculum bat dakar besapean, irakasleon lana gidatzen duen Biblia, oposizioen jaunartzetik pasatu ezean, gurea ere inork irakurtzen ez duena. Hau honela, eta oraingoan ere, badirudi Filosofiaren presentzia agindutakoa baino eskasagoa izango dela, kantitatean eta kalitatean. Biak aztertzen saiatuko naiz: prozedurari lotua lehena, formari bigarrena. Lehen begirada batean ikusten dena, eta hausnarketa mikroskopikoaren laguntza eskatzen duena.

Kantitateari dagokionez, curriculum kooperatibo bat proposatu da, behingoz hezkuntza komunitatea kontuan hartzen duena. Zentroen eta, batez ere, erkidegoen eskumenen handitze nabarmena dakarrena. Baina testuingurura egokitzeko asmoak printzipioz aurrerapauso bat badirudi ere, segun eta testuingurua. Askatasuna maitale arriskutsuegia dela kantatzen zuen Garik. Motibazioa pedagogikoa izanik ere, komunitate askotan handiegia baita ordaindu daitekeen prezioa. Hau honela, pentsamendu kritiko eta autonomoa bermatuko zuela promestu zuen gobernuak, eta hori da, hain zuzen, egingo ez duena. Orain geratzen zaiguna da ozenki eta aho batez Jaurlaritzari eskatzea gizarte batek ondo funtzionatzeko hain beharrezkoa den hausnarketaren lanketa defenda dezan.

Kalitateari heltzeko, Alejandriako Hypatiak esandakoa: ┬źDefenda ezazu zure pentsatzeko eskubidea, gaizki pentsatzea ez pentsatzea baino hobea da eta┬╗. Zer da, ordea, ondo edo gaizki pentsatzea? Estilo ezberdinetako etxeak daude, bakoitzak topatuko du berea. Baina egitura sendorik gabe ez naiz ni sartuko inoren teilatupean. Hemen, norberak bere etxea eraiki dezan oinarrizko arkitektura nozioak jasotzea da Filosofiaren helburua hezkuntzan, ez etxe prefabrikatuak ematea. Hertzainak taldearekin bueltan, amets prefabrikatuen funts falta baita hauen gaitz endemikoa. Dogmez ari naiz azken finean, zalantzan jartzea debekatuta dagoen oinarrizko ideiez. Edozein ideologiak baino beldur handiagoa eman beharko ligukeen mamuaz, geure buruari kontrakoa sinetsarazten diogunean ere, haietan hezteko ikaragarrizko joera dugu eta.

Aztertu ez da onartu, ulertu ez da hausnartu... Eta ez da kontu gramatikala. Berdin dit gaia generoa, kulturartekotasuna, identitatea edo sistema ekonomikorik onena den. Disidentzia eta elkarrizketa bermatzen ez dituen gizarte batek izan ahal den gaixotasunik larriena du: arrazoi osoaren ustea.

Baina noraino doa gauzak zalantzan jartzea? Non dago onar daitezkeen ideia edo ekintzen muga? Handinahikeriatan jausi gabe, zer da ondo pentsatzea? Errespetuaren mugak zeharkatzen ez dituen elkarrizketa argudiatua da gakoa, errespetuaren muga hari fina dela jakinik, baina funanbulismo ariketa beharrezkoa dela onarturik. Pentsamendu arretatsua deitu zuen Lipman filosofoak: esandakoak besteengan izango duen inpaktua kontuan hartzea, alegia, baina pentsatzen duguna esateari utzi gabe.

Arrazoiketa eta koherentzia bezalako balioen presentzia ere beharrezkoa da, elkar ulertzeko aukera eta jarreren zintzotasuna bermatzen duten heinean. Balore instrumentalak deitzen ditugu guk, hortik aurrera eta besteen ideiekin elkar-hizketan, balio propioak zein amankomunak eraikitzea ahalbidetuko digutenak. Ez da hainbeste, baina ez da gutxi, beraz, proposatzen duguna. Ez gaudelako filosofia aldarrikatzen soilik, filosofia ulertzeko modu bat da gurea. Lagun on bati irakurria: bidea da borroka bakarra.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.