Biktima guztiei egindako begirada

2013ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Euskal Herrian edo Euskadin —biak agertzen dira Autonomia Estatutuan—, hilabete guztietako egun guztietan, egunero dago egun bat oroitzapen une bat ekarri behar lukeena, gogorarazteko ETA, Triple A eta GAL talde terroristek beren biktimak hil zituzteneko urtemuga, eta baita beste biktima batzuena ere, zenbait arrazoi politikok eragindako biktimena —kasu horietan, moralgabetasun demokratikoa dago, kontuan hartuta Estatuko segurtasun indarren kide batzuk izan zirela eragileak—. Horiek guztiak gure biktimak dira. Eta horrelako bakoitzak bere historia eta kontakizuna du, egia asko osatzen duten oinazez puskatutako ispilua. Biktima horiek guztiek euren bizitza, euren familia eta euren ametsak zituztelako. Den-denak, terrorismo eta biolentziaren bitartez suntsituak.

Nahiz eta denak biktimak izan, denak, gizarte eta politikako eragile guztiek ez diegu erakutsi modu berean errespetu, gogoeta eta aitorpen bera. Terrorismoaren eta biolentziaren biktimenganako errespetua, gogoeta eta aitorpena egiterakoan, Ezker Abertzaleak sorgortasuna eta ahanzteko jarrera agerikoa adierazten du askotan ETAren biktimekin. Azken garai hauetan ematen du aurrerapauso batzuk egin dituela, baina gehiago egin beharko du, Euskal Herriko biktimak behar duten oroitzapena eta duintasuna kontuan izateko. Horrelako keinuak estimatuak eta beharrezkoak dira; eraiki behar den adiskidetzea, enpatia eta bizikidetza lortzeko, konpromiso ausarta eta bizkorragoak behar dira. Hori guztia, Ezker Abertzalearen mugimenduak sinesgarritasun osoa izan dezan, sortutako sufrimenduari buruz hitz egiten denean.

Baina lehen modu sendo eta garbi hitz egiten nuen moduan, orain onartu behar ditut nire hutsegiteak ere. Nire justifikaziorik gabeko absentziak. Badut adorerik aitortzeko beste batzuei konpromisoa eskatu bai baina neuk, pertsonalki, ez dudala adierazpen publikorik egin ETArenak ez diren biktimak onartu, errespetatu eta aintzat hartzeko. Ez da nahikoa esatea biktimak direla: zerbait gehiago nahi dut adierazi. Hurbiltasunez, enpatiaz, ezagutzeko eta entzuteko nahiaz hitz egiten ari naiz. Nire zorren artean —euskal politikaria naizenez eta biktimen oinarrizko eskubideen defendatzaile, euskaldunen elkar ulertze eta biolentziarik eza bultzatuz—, hurbiltasun, elkartasun eta borondatearen keinu adierazpenak egin behar ditut.

Batzuekin egin ditut, Laura Martin, Garcia Goenaren alargunarekin eta GAL eta beste talde terroristen biktimen senideekin. Baina oraindik ez dut egin beste biktimen senideekin; adibidez, parlamentario izandako Santi Brouardekin, Lasa eta Zabalarekin eta Josu Muguruzarekin, Ynestrillas eskuindar kideak hildakoa, eta beste hainbat, aipatzen ez ditugunak. Eta hori ez da etikoki, nire ustez, portaera demokratikoa.

Ez bakarrik hori; beste hainbat arrazoirengatik egin behar dut nire autokritika. Nire ustez, benetako adiskidetzea bestearekiko dugun begirada eta elkarganatzean datza; eta ez bakarrik biktimaren egoera onartuz. Gehienbat nabaria egitea, hurbil eta giza ekintza batez, biktimak entzutea, euren zergatikoa uler dezagun, euren arrazoiak ulertzeko, hainbat urtetako konfrontazio eta desberdintasunak kontuan izateko, bortxakeria lazgarri, konponezin eta arrazoirik gabeko baten biktimei buruz hitz egiten denean. Leialtasuna eta konpromiso bat behar da aitorpen honetan, barru- barrutik atera dadin.

Bukatzera noa, baina aurretik errepikatu nahi dut nolako beharra dugun hurbiltasun pertsonala, enpatikoa, etikoa eta apriorismo gabekoa egiteko.

Badakit lan gogorra, burutugabea, mingarria eta kontraesanduna dela. Hain zuzen, adiskidetzea eta elkarbizitza eraikitzen da guretariko bakoitzak ezberdina den bestearekin izango dugun harrera eta hautematearekin. Baina, era berean, hori bera lortuko dugu harreman pertsonalak eta bizipen trukeak bultzatuz.

Konbentziturik nago: egun batetik bestera ez dira desagertuko ezinikusiak, beldurrak eta ziurtasunik eza. Baina denbora eta zuhurtasunarekin, haserreak eta mendekua alde batean utzirik, baretasun eta zuhurtasunaren indarra baliatuz, ezberdinen atea joko dugu, eta saiatuko gara guztion artean beste gizarte hobeago bat eraikitzen esparru berean egoera ezberdinekin, ispiluaren puskekin, berri bat sortzeko kolore ezberdinez horniturik, euskal gizarte berriaren adierazgarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.