Jon-Mirena Landa Gorostiza.

Biktimen politikak: balantze kritikoa

2017ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Espainian biktimen politikak ETAren itzalpean piztu ziren. ETAko biktimen politikak, indarrez, 1999. urtean estreinatu ziren, terrorismo biktimekiko elkartasun lege baten bitartez (32/1999 Legea, urriaren 8koa). Une horretara arte Espainiako Konstituzioa onartuz geroztik (1978) jada 20 urte baino gehiago pasatuak izan arren, eta ETA jardunean 30 urte (1968-1999) igaro ondoren, ETAren biktimak «ahaztuta» egon ziren, aitorpenaren neurgailu gisa legea existitzea ala ez hartuko bagenu. Askotan Euskadiren gizarteari edota bere erakundeei biktimok ahaztuta edukitzea leporatu arren, egia da, ordea, Espainia osoan ere aitorpen juridikorik eza nabaria zela.

1999. urtetik aurrera, hortaz, gauzak nabarmen aldatu ziren, eta neurri handi batean hoberako; izan ere, terrorismoaren ondoriozko biktimak beharrizanean baitzeuden: prestazio ekonomiko, medikuntza edo lan-arlokoak behar-beharrezko baitzituzten, beraien bizitza ahal zen neurrian- berbideratzekotan. Espainiako Gorteek bultzatutako legea aipatutakoa asetzera zuzentzen zen, ondo zuzenduta zalantzarik gabe, bai eta horren segidan etorriko ziren beste antzeko arau autonomikoak ere. Nork ukatuko du gaur hori egin behar zenik?

Biktimak atenditu behar ziren dudarik gabe. Baina nola? Hor zegoen, eta badago, koxka. Aitorpen eta prestazio pertsonalaz haratago «aitorpen kolektiboan» eta biktimen politika «asimetrikoan» (bakarrik biktimok gainerako guztiak alboraturik) arazoa, eztabaidagunea eta kritika kokatzen dira. ETAk sortutako biktimen aitorpen kolektiboaren aitzakiaz terrorismoaren interpretazio jakin bat ofizialdu nahi izan zen: interpretazio alde batekoa ez baketsua- eta nazioarteko estandarretatik begiratuta ez-ohikoa. Goazen zatika.

Interpretazio alde batekoa, zeren eta terrorismoa ez baitzen antolatutako delitugintza gisa tratatzen. Terrorismoa nazioarteko deliturik larrienekin parekatu zen, genozidio edota gizateriaren kontrako krimena bailitzan. Eta horrek bere ondorioak zituen ikuspegi politikotik: alegia, nazioarteko krimen nagusiak ia beti estatuek egiten dituztenez gero, kasuotan Estatuaren erantzukizuna aztertzen da eta aldi berean gizarte osoaren «erantzukizuna edo kulpa kolektiboa». Genozidio bat dagoenean hainbesterainokoa da krimenen tamaina, ezen ezin izaten baita aurrera eraman estatuko aparatuak ez badaude horretan inplikatuta, eta horrek dakar gizarteak berak ere delitu ikaragarritan, egitez edo ez-egitez, ere parte hartu ohi duela.

Terrorismoa nazioarteko krimenekin parekatzerakoan, Euskadin abertzaletasuna erruduntzat joa izan zen: abertzaleek denek bultzatzen omen dute terrorismoa, bere atzean dagoen ideologia, terrorismotik ateratzen diren «fruituak» jasotzen dituelarik. Terrorismoaren aurkako borroka ideologia abertzalearen aurkako borroka intelektual, politiko, juridiko, bai eta instituzionala ere (Eusko Jaurlaritzaren aurkako...) bilakatu zen. Europan Holokaustoarekin gertatu antzera, euskal gizarteak bere burua aztertu eta egindako «bekatua» aitortu behar omen zuen, ideologia bera (autodeterminazioa kasu) ere alde batera uzteraino.

Baina terrorismoa ez da holokaustoa. Euskadin, Nafarroan eta Iparraldean 1968tik 2011 arte gertatutakoa ez da holokaustoa, eta ez da zuzenbide penaleko gizateriaren aurkako deliturik ezta genozidiorik egon. Biktimen legeak, ordea, ezohiko nazioarteko krimenen estandarrak bultzatu zituen, ETA ez ezik, euskal erakundeak eta gizartea bera ere errudun omen zelarik. Denok bagenuen zorra biktimekiko: ETAren biktimekiko; ez beste estatu-terrorismo biktimekiko; ez torturen biktimekiko...

ETAren biktimekiko politikak Espainian zegoen iraganari buruzko isiltasunaren lekua bete zuen. Diktadura ankerrak, guda zibilaren nazioarteko krimenak, Estatu errepresioa, isilpean joan zen trantsizioa, bai eta trantsizio eta geroko giza eskubideen urraketen kasuan ere. Holokausto antzekoa zen hura (Paul Prestonek hitz egiten du Espainiako Holokaustoaz!) ez zen aipatzen; memoria-lege oso ahula onartu zen azkenik (2007), egia argitzen ez zuena; justiziarik egiten ez zuena; erreparazio pribatua publikoa baino zatika besterik egiten ez zuena. Benetako biktimen politikak egin behar ziren gaietan ez dira egin; benetan memoria-politika egin behar zen hortan ez da egin; benetan azterketa eta irauli instituzional eta soziala egin behar zen horretan ez zen egin.

ETAren biktimen legea eta horren inguruko diskurtsoak lekua bete zuen, eta aitzakia bilakatu da Espainiako iragana «beste era batera» begiratzeko. Tony Judt historialari handiak dio Europan «sartzeko», alegia, Europako balio-elkartekoa izan eta aitortua izateko, holokaustoa ere aitortu beharra dagoela eta handik aurrera solairu etiko gutxienekoa dugula Estatu demokratikoa eraiki eta sakontzeko. Asimetria zilegitasunez onartzen bada, horretan holokaustoaren biktimengan izan beharko. Espainian, bere benetako holokaustoaren kontrako itun etikoa sortu beharrean, begirada desbideratu egin da. Eta horrek demokraziaren ituna eta horren kultura zauriturik utzi du. Ahalik eta Estatu espainiarrak egin dituen nazioarteko krimenak, guda krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak behar bezala aitortu, eta horren ondorioz politika publikoetan jardun arte, demokraziak ez du jator aurrera egingo, ez bada hankak lotuta daramatzan korrikalari bat bezala. Eta horrek ez lieke terrorismoaren biktimei inongo kalterik egin behar. Batak ez dio besteari kalterik egingo. Bakoitzari berea: biktimen politika guztiak guztiz eta indarrez baina hierarkia faltsurik gabe. Asimetria terrorismoaren gaietan, Estatu makrokriminalitateakanpo utziz ez da izan zilegia: gaur ere ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.