EH Bilduk bere trantsizio ekosozialaren estrategia barne eztabaida eta onarpen bidean jarri du: Bizigintza: eraldaketa ekosozialerako euskal bidea. Horren bidez, planetaren muga biofisikoen barruan pertsona guztientzako bizitza onak posible egitea da gure helburua, erdigunean biodibertsitatea eta basabizitza ere jarriz: naturaguneak, ekosistemak, basafauna eta flora, eta oinarrizko prozesu ekologikoak.
Baina natura krisian dago. Lurraren eta itsasoaren erabileran izandako aldaketek, baliabide biologikoen gehiegizko ustiapenak, klima aldaketak, kutsadurak eta espezie exotiko inbaditzaileek gure kapital naturala higatu dute, eta desagertzeko zorian dauden espezieen kopurua gizateriaren historian beste edozein unetan baino handiagoa da. Azken lau hamarkadetan bakarrik, munduko faunaren populazioa %60 jaitsi da gizakiaren jardueren ondorioz, eta natura gainbehera handian dago planetako ia txoko guztietan. Larritasun hori Euskal Herrira ekarrita, habitat naturalen erdiak (68) egoera txarrean aurkitzen dira eta 257 dira ofizialki mehatxatuta dauden espezieak, horietatik 112 galtzeko arriskuan. Baina %5era ez dira iristen berreskuratzeko plana dutenak.
Europako Batasunak 2020an onartu zuen 2030erako Biodibertsitate Estrategia, natura gure bizitzetara lelopean. Helburua 2030erako Europako biodibertsitatea suspertzeko bidean jartzea da, baita mundu mailako ekimenaren eredu bihurtzea eta 2050erako munduko ekosistema guztiak leheneratuta, sendotuta eta behar bezala babestuta egotea ere.
Estrategia hau oinarri, menperatzen gaituzten estatuek bereak garatu dituzte, Stratégie nationale pour la biodiversité (SNB) batak eta Plan Estratégico Estatal del Patrimonio Natural y de la Biodiversidad a 2030 besteak. Biek antzeko helburu eta jarraibideak izan arren, bilakaera desberdina dute, administrazioen egitura ere hala baita. Biek ala biek anbizio faltarik ez dute, baina gurean ezin esan arrakasta handirik izaten ari direnik.
Eta estrategia hori bideratu nahian, Europako Batasunak 2024an Natura lehengoratzeari buruzko Legea onartu zuen. Horretan, besteak beste, Europako Batasuneko estatu kideei agintzen die: egoera onean egon arte, egoera onean ez dauden intereseko habitat motak hobetzeko beharrezkoak diren lehengoratze neurriak ezartzea; espezieen lehorreko, kostaldeko eta ur gezako habitatak lehengoratzeko neurriak ezartzea, habitat horien kalitatea eta kantitatea hobetzeko, lehengoratzea barne, eta konektibitatea hobetzeko, habitat horiek kalitate eta kantitate nahikoa lortu arte: lehengoratze neurri horiek ezartzea 2030a baino lehen habitat mota guztien azalera osoaren % 30ean gutxienez, 2040a baino lehen gutxienez %60an, eta 2050a baino lehen gutxienez habitat mota bakoitzaren %90ean. Eta, horretarako, estatu kide bakoitzak 2026ko irailaren 1a baino lehen leheneratze plan nazional baten zirriborroa prestatu eta aurkeztu beharko du, errestaurazio betebeharrak eta ezarritako helburuak betetzeko beharrezkoak diren leheneratze neurriak zehazteko eta ezarritako helburu orokorrak eta EBren helburu espezifikoak lortzen laguntzeko.
Bi estatuek ekin diote lanari, gurean erkidegoekin elkarlanean, parte hartzea sustatuz, baina herrialde mailan ez da inongo oihartzunik izaten ari, eta esan beharra dago lege eta planifikazio horiek duten ahanztura instituzionala eta haien aplikaziorik eza direla gurean arlo honek dituen arazo larrienetakoak.
Munduko basabizitza babesteko sare handiena da Europako Natura 2000 Sarea, eta Euskal Herrian ordezkaritza badugu: Bardea, Jaizkibel-Capbreton, Izki, Aralar, Urdaibai, Mondarrain-Artzamendi, Irati, Txingudi, Larra-Belagu,… Lurraldearen kudeaketak gabezia ikaragarriak ere baditu, habitat naturalen eta basaespezieen kontserbazio egoera nabarmen atzera egiten ari delarik: basoak, ibaiak, hezeguneak, larreak, sastrakak, espezie taldeak... eta kudeatzeko planak onartuta egon arren ez dira betetzen ari. Ekosistemen fragmentazio itzela borrokatzeko korridore ekologikoak sortzea ezinbestekoa da, baina lurralde antolaketan dugu eredu intentsiboa arintzearen beharra.
EAEko Legebiltzarrean EH Bilduk babestu zuen Natur Ondarearen Kontserbazioaren 9/2021 Legea adibide garbia da. Legean jasotzen diren hainbat eta hainbat konpromiso betetzeko denbora mugak ezartzen tematu baginen ere, alferrik izan da. Eta ez betetzearen arrazoiez galdetuta, funtzionario nahikorik ez omen dagoela esanda uzten gaituzte. Eskerrak legeak (85. artikulua) beharrezko baliabide pertsonalak jartzeko agintzen dion gobernuari! Hortaz, biodibertsitatearen egungo babes teorikotik bere funtzionalitate osora eramateko, Gobernuen, Aldundien eta Udalen jarduera lerrokatuak beharko dira planifikazio eta legeen betebeharrekin, eta hori da EH Bilduren engaiamendua, jendartean eta eragile ekologistetan handitzen ari den eskaera izanik. Babestutako habitaten leheneratzeak hainbat arlo ekonomiko gakotan aldaketak eskatuko ditu, batez ere elikadura, hirigintza, basogintza, energia eta garraio sistemetan.
Trantsizio energetikoak eta energia sorkuntza berriztagarria lurraldean modu egokian ezartzeak bioaniztasunaren kudeaketaren planifikazioa eta legedia azkeneraino aplikatzea eskatzen du: naturagune babestuak blindatuz, erreserba integralen sare bat sortuz, habitat natural osasuntsuak lortuz, basafaunaren eta floraren populazioak berreskuratuz, eta oinarrizko prozesu ekologikoak bermatuz. Klima aldaketa arintzeko eta hartara egokitzeko neurriekin sinergiak egotea funtsezkoa baita habitatak leheneratu eta egoera onean mantentzeko.