Oihane Amantegi (L)
Zazpi ahalak

Billiken

2025eko urriaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eduardori galdetu behar nion, baina Eduardok iaz utzi gintuen. Ea zergatik jarri zion Billiken izena gure herriko liburu-dendari. Galdetu izan banio, kontatuko zidakeen erdi egia, erdi gezurra, erdi abentura, erdi fabula; izenaren zergatia bera baino askoz gauza ederrago bat ziur aski, hori kontatuko zidakeen. Ez nintzen, baina, garaiz iritsi: egun batetik bestera ailegatu zitzaidan haren heriotzaren berri. Ez garela betirako, ezta liburu zaintzaile eta saltzaile eleganteenak ere, nahiz eta nik neuk betiereko irudikatu urdinez margoturiko egurrezko atearen babesean.

Bada, kontua da Eduardoren osaba kapitain batek Argentinatik ekartzen zuen haurrentzako aldizkari baten izena zela Billiken, eta haren omenez jarri ziotela izena bera ere liburu-dendari. Liburu-denda, liburu-denda esan dezakegulako, baina esan beharko genuke zehatzago kobazulo, altxorraren koba, horror vacui komertzial, babesleku, erreferente edo aingura. Eta geure herriaren zero kilometro ere bai, erdi-erdigunean bertantxe ezagutu dugulako zaparroak ginenetik. Bertan erosten zizkigun amak boligrafo, arkatz eta enparauak; bertan erosi ditut nik, heldutan, liburu eta koadernoak. Erosi nahi geniona, eta baita erakusleihoan zeukan eta inondik inora saldu nahi ez zuen guztia ere.

Horrek denak gorpuzten zuen Billiken: apalez, kutxaz, jostailuz, motxilaz, liburuz, aldizkariz eta tramankuluz lepo betetako santutegi ateo bat, non nekez ibil zitekeen ezerekin estropezu egin gabe. Non garaian garaiko nobedade literarioak errezeta-liburu milenario eta kolorgetuekin nahasten ziren. Jon Idigorasen argazki bat leihoan. Egin-en pegata bat atean. Nabigazio-aparatuak ziruditen traste zaharrak leihoetan. Herriko itzultzaile, musikari eta idazleon obrentzako aldare txiki bat erakusleihoan, lekurik eta nabarmenenean. Gero, zein kutxatan zeuden geure liburuak, zein apaletan topatu, hori ez zegoen jakiterik, berak baino ez zekien-eta. Galdetu egin behar zitzaizkion gauzak Eduardori, eta erantzun zorrotzaren esperoan gelditu.

(ID_17606987472085) BILLIKEN-ZAZPI AHALAK
IRATI EGUREN

Eta, ahal zen guztietan eta ahal zen luzaroen, berarekin berriketan paratu Billikeneko atean. Pandemia garaian, edukierak, kutsatzeak eta segurtasun-distantziak tarteko dendan ibiltzea ordura arte baino gehiago zaildu zenean, Eduardok kalera ateratzen zituen liburuak kutxetan, eta propio muntatzen zuen salgaien kanpamentua dendaren kanpoaldean. Egunero, atera eta sartu. Nekaezin. Lubakia armatu zuen geuretzat, eta kale peatonaletik pasatzen ginelarik berarekin gelditzen ginen hizketan, berbaldiaren plazerean. Eta txakurren bat gerturatzen bazen, gailetak ateratzen zituen bazter batetik. Eta guri ziria sartzen zigun, txikiak ginenean egiten zuen antzera.

Liburuak zaintzen zituen saltzailea izan dugu herrian, baina liburuak adina zaindu du sarea, herria eta komunitatea, zaindu gaitu gu. Hori egiten baitu herrian denda txikia irekitzen duenak: nongotarrak garen gogorarazten digu, hainbateko parte egiten dugula, komunitatea gorpuzten du guretzat. Kaleak ibilgarri eta kantoiak habitagarri egiten dizkigu, munduan badugula txoko bat gogoratu, eguneroko enkarguekin eta agurrekin eta arretekin eta keinu txikiekin zaintzen duguna. Neure etxetik Billiken zaharrera kilometro erdi ere ez zegoen, eta distantzia hori —norberaren etxetik gertueneko liburu-dendara dagoena— edozein indize seriok hartu beharko luke kontuan zoriontasuna eta ongizatea kalkulatzeko orduan.

Utzi gintuen Eduardok, eta zarratu eta hustu zuten Billiken zaharra, eta haren omenez dokumentala proiektatu herriko aretoan duela aste gutxi. Ez dakigu zer izango den herriaren erdi-erdigunean marko urdinezko ate eta leihoak izaten jarraitzen duen lokal hutsaz, baina badakigu bi kale atzerago erreleboa hartu diotela Eduardori, eta irekitzear dagoela Billiken berria. Liburu-denda berri bat, herria egiten jarraitzeko, geure etxetik laurehun metro eskasera, zoriontasunaren eta ongizatearen parte batek behintzat bermatua jarrai dezan distantzia horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.