Udalekuak. Biluztasuna. Nerabeak. Feminismoa. Generoa. Sexua. Transfobia. Ukituak. Komunikabideak. Salaketak… Osagai perfektuak koktel lehergarria egiteko. Eta den-denak irakurtzen eta ikusten ari gara egunotan. Bernedoko Euskal Udalekuak jarri dira jomugan. Boluntariotzan oinarritzen den eta feminismoa eta euskalduntasuna ardatz dituen ekimen batean. Gaiak adar ugari ditu eta materia sentibera da, zalantzarik gabe. Azter ditzagun patxadaz abiapuntu hauek: komunikabideen trataera, agintarien jarrera, udalekuen planteamendua eta sexu askatasuna.
Komunikabideak eta agintariak. Txinparta El Correo egunkariak piztu zuen irailaren 25ean. Lerroburua, deigarria oso: «Monitoreak biluzik zihoazen eta gure seme alabekin dutxatzen ziren». Azpititulua: «13 eta 15 urte bitarteko hamarnaka neska-mutilek Bernedoko udaleku batean bizi izan duten ‘infernua’ ikertzen ari da Ertzaintza». Beste pieza batean, kazetak berak neska baten gutunetik ateratako ideia hau nabarmendu zuen: «Emakumezko monitoreak topless-ean zeuden piszinan». Hau izua! Gerora etorri dira serioagoak diruditen kontuak: sexu-askatasunarekiko salaketak eta fiskalak ireki duen ikerketa. Egunez egun polemika handituz joan da, estatu mailako hainbat komunikabideetaraino iritsiz, gehien-gehienetan El Correo-k zedarritutako ildo sentsazionalistari jarraiki eta udalekuetako arduradunei ahotsa eman gabe.
Kasu honetan, berriz ere, El Correo egunkariak agenda politikoa markatzeko duen gaitasuna erakutsi du. Hori ez da ezer berria. Harrigarriena da modu pribatuan aipatu kazetaren ildoa kritikatzen dutenek, gero nola —modu erabat akritikoan— heltzen dioten egunkariak berak jorratutako markoari, hasierako bertsioa kuestionatu gabe. Horratx adibideok: «Gipuzkoako Foru Aldundia akusazio gisa ariko da». Zupiriak udalekuen «jarraipena» egingo du. Harago joan da Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez: «Bernedoko udalekuetan eman diren praktikak erabat onartezinak dira». Ildo beretik agertu dira beste eragile erreakzionario batzuk: PP —«udalekuen sistemaren beraren porrota da»— eta Abogados Cristianos elkarte ultrakatolikoa.
Udalekuen planteamendua. Euskal Udalekuak ekimenak hamarkadak daramatza tipo honetako aisialdi eremuak antolatzen Araban eta Nafarroan: Bernedo, Abaigar eta Goñin. Beren filosofia webgunean agertzen da: «Euskal Udalekuak ez da edozein udaleku. Euskara, feminismoa eta auzolana ardatz dituen proiektu autogestionatua da, eta urte osoan bizirik mantentzen dugu, ez soilik udan. Helburua argia da: ume guztiei euskaraz bizitzeko espazio bizigarri bat eskaintzea, euskaraz harremanak egin eta lagunak ezagutzeko aukera ematea».
Helburuak helburu, arazoak sortu dira. El Correo-ren txinpartak azkar urratu du bidea. Sarrea Euskal Udalekua elkarteko arduradunek hitza hartu orduko, komunikabideen markoa landuta zegoen. Begiraleek bertsio nagusia ukatu dute, «errealitatetik oso urrun» dagoelako. Piztutako ika-mikaz hauxe esan dute: «Ekintza bakoitza zaintzaz egiten da; haur eta gazteen ahotsa kontuan hartzen da. Alternatibak eskaini dira dutxa mistoen kasuan, eremu seguruak sortzea izan da helburu». Gainera, dutxa mistoen harira, begiraleek salatu dute gorroto mezuak zabaldu direla, eta bide publiko zein pribatuetatik eraso transfoboak eman direla.
Gogoratu behar da ikerketa hasierako fasean dagoela eta aldundiek ez dituztela babesten udaleku hauek; hots, boluntariotzan oinarritzen den proiektu guztiz autogestionatua dela. Bestetik, esan beharra dago beste hainbat gazte eta guraso agertu direla publikoki Euskal Udalekuak ekimenaren eta filosofiaren alde.
Sexu askatasuna. Prentsan agertu diren salaketen arabera, Bernedoko udalekuetan sexu askatasunaren aurkako delituak egon daitezke. Adin txikikoak dira afektatuak. Espero dezagun ikerketak argituko dituela kontu hauek. Larriak dira eta ezin dira arinkeriaz tratatu. Pertsona orok errespetu osoa behar du, edozein delarik bere adina.
Biluztasunak oraindik ere tabu izaten jarraitzen du gure gizartean. Nudismoaren praktikak gorabehera asko izan ditu Euskal Herrian bertan ere. Nire iritziz, biluztasuna naturaltasun eta osasunaren adierazpena da. Biluzik denok gara berdinak. Aberaskume zein txiroak, abokatuak zein igeltseroak, enpresariak nahiz langabetuak. Ez dago desberdintasunik. Ez dago klaserik. Edo bai? Nudismoa ez da guztiz idilikoa. Gizarteak ezarri dituen arau heterosexualek indar izugarria dute oraindik. Gorputz normatiboak, lodifobia ere, hor daude. Ez. Den-denok ez gara guztiz igualak.
Sexualitatea eta biluztasuna naturaltasunez eta askatasunez bizi behar dira. Kanpin nudistetan dutxak eta igerilekuak mistoak izaten dira. Eremu horren logikaren barruan sartzen da. Norberak erabakitzen du nora joan, hondartza nudistara edo bestelakoetara. Biluztu edo bainujantziekin egon. Gustura sentitzea da kontua. Aisialdia erosotasunez bizitzeko baita, eta ez deseroso edo urduri. Bestela, ez da aisialdia.
Bernedoren polemikak hiru kontu interesgarri jarri ditu mahai gainean. Lehena: gizarte honen gehiengoaren ideologia ordezkatzen ez duen kazeta eskuindar eta espainiar zale batek oraindik ere jarraitzen du agenda mediatikoa markatzen. Bi: geure biluztasuna naturaltasunez onartzeko geratzen zaigun bidea oraindik luzea da. Eta hiru: askatasuna da bidea; ez doktrinatzea. Gure gaztaroan pairatu genuen doktrinatze heterosexuala ezin da doktrinatze transmaribollo batekin ordezkatu. Dekretuz edo aginduz. Askatasunean landu behar da bidea, aniztasuna errespetatuz eta inor deseroso sentiarazi gabe.
Noam Chomskyk aipatu zuen bezala, «hezkuntzaren helburua jendeari bere kabuz nola ikasi behar duen erakustea da. Hezkuntzaren beste kontzeptua doktrinatzea da». Eta hori da, hain zuzen ere, ekidin behar duguna.
Garena garela agertu behar dugu plazan. Biluzik? Zergatik ez? Elkarrekiko errespetuan oinarrituriko sexualitatea da bidea. Inposaketarik gabe. Askatasunez. Ez gaitezen bueltatu Erdi Arora. Ez dezagun biluztasuna bekatuarekin lotu, baina ez dezagun ahaztu hautatzeko aukerarik gabe ez dagoela aske izaterik.