Nafarroako Bizi-Euskarri Aurreratuko Anbulantzietan eta Helikopteroan lana egiten dugun ospitalez kanpoko larrialdietako osasun profesionalok gure lan baldintzak beste kolektibo batzuek dituztenen antzerakoak izatea eskatzen dugu, arriskuak eta lan inguruneak partekatzen baititugu. Baztertuta eta bigarren mailako langiletzat tratatzen gaituzte, eta horrela sentitzen gara ikusita ezen suhiltzaileek edo segurtasun indarrek, askotan egoera antzekotan lan egiten dutenak, aitortutako eskubideak dituzte eta.
Zenbakiz kolektibo txikia izan arren, gutxi izateak ez digu eskubiderik kentzen. Gurekiko tratu argiki diskriminatzailea salatzen dugu. Izan ere, aipatu profesionalekin ondo-ondoan lan egiten dugulako maiz, eta haiek arrisku eta penositate osagarriak jasotzen dituzte eta erretiro aurreratuaren eskubidea dute. Guk, aldiz, ez. Larrialdietako lehengo lerroan lan egiten dugun guztiontzat aitortza eta berme berak exijitzen ditugu.
Guk, hainbat instantzietara eta modu guztietatik eskatu arren, hamalau urte baino gehiago daramatzagu gure lan baldintza errealak —arriskugarritasuna, arriskua, penositatea eta osasungaiztasuna— aitortuak izan daitezen itxaroten. Grebarako eskubidea ere ezin dugu gauzatu: gure postuak pertsona bakarrekoak dira, eta gelditzeak herritarrak arreta gabe uztea ekarriko luke. Gure ahotsa ur-tanta bezala desagertzen da, gutxi garelako eta ordezkaezinak garelako.
Gainera, aintzat hartzekoak dira aurrekari hauek: 2021eko apirilean Nafarroako Arartekoak Q21/426 ebazpena eman zuen, non Osasun Departamentuari gomendatzen zion gure unitateetan arriskuen azterketa bat egitea eta arrisku bereziko ordainsaria handitzea baloratzea. Gomendio hori inoiz ez zen aplikatu. 2024ko urriaren 29an, berriz, Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordean agerraldia egin genuen. Gure lan baldintzak azaldu genituen: sarbide zaileko eremuetan esku hartzeak, muturreko tenperaturak, arrisku biologiko eta kimikoekiko esposizioa, eta denboraren menpeko larrialdiak (bihotzekoak, iktusak, trafiko istripuak, bizkortzeko maniobrak, etab).
Parlamentuko talde guztiek gure lana goraipatu zuten eta Osasunbideak gure postuen azterketa egitea bermatuko zuela adierazi zuten. Ia urtebete iragan da, eta ezer ez da gertatu. 2025eko ekainean Osasun Sailarekin bilera berri bat egin zen, non berriro azaldu genien kolektiboaren egoera. Errepikapenak eta promesak badira, baina aurrerapauso esanguratsurik ez.
Alderdi politiko batek arrisku bereziko osagarriari buruzko galdera egin zion Osasun Sailari eta emaniko erantzuna hauxe izan zen: «Orain arte arrisku horiek identifikatzen, ebaluatzen eta prebentzio neurriak proposatzen eta garatzen aritu gara, eta informazio hori eskatu duten kolektiboen ordezkariei helarazi diegu. Zuzenean osagarri hori ezarri ahal izateko indarrean dagoen araudia aldatu beharko litzateke eta finantzaketa izan beharko luke, eta gaur egun ez da 2026rako aurrekontu eskuragarritasunik ezagutzen. Gaur egun, epe ertainerako planifikazio ekonomikoan ez dugu arriskuaren konpentsaziorako aurreikuspenik sartu; gastua ebaluaziora eta ondorengo prebentzio-neurrien aplikaziora bideratu da». Nola eman daiteke halako erantzun bat? Egiten dutena sinetsi behar al dugu, ikusi dugunean bidali ziguten arriskuen balorazioa 2024an egindako eguneraketa izan dela?
Arazoa ez da soilik politikoa, sindikala ere bada. Mahai sektorialetan eta orokorretan beste kolektibo batzuentzat hobekuntzak barne hartzen dituzten akordioak sinatu dira, baina gure kasua inoiz ez da landu. Ikusezinak gara: ez administrazioak ez alderdi politikoek ez dute, lehen eskutik profesionalak entzun ondoren, gure lanpostuetara hurbiltzeko ahaleginik egin. Sindikatuek ere ez digute entzun, eta ez batek ez besteak ez dituzte bisitatu ere gure lanpostuak.
Bizi-Euskarri Aurreratuko Anbulantzietan suhiltzaileekin eta poliziarekin (biak Barne Sailekoak) batera lan egiten dugu, baina lan eta erretiro baldintzak guztiz desberdinak dira. Egoera kafkiarra da. Aldi berean, Osasun Langilegoaren Estatutu Markoaren erreforma negoziatzen ari dira estatu mailan erkidego autonomoekin eta sindikatuekin, bai orokorrekin, bai profesionalekin. Prozesu hori aukera ezin hobea da arrisku eta penositate arloan ospitalez kanpoko larrialdietako langileok ditugun berezitasunak eta, aldi berean, beste kolektiboek dauzkatenekin alderatzeko, horiek guztiak aitortuak izan daitezen. Hala ere, oraindik inork ez gaitu aipatu. Eskatzen dugu negoziazio horietan gu espresuki sartzea, eta beste kolektiboetan aplikatzen diren arriskugarritasun, penositate eta osasungaiztasunei buruzko irizpide berberak aplikatzea.
Hain justu, 2025eko maiatzaren 27ko 402/2025 errege dekretuak aukera ematen du arrisku handiko, penosoak edo osasungarritasunik gabeko lanbideen kasuan, aurretik erretiroa hartzeko murrizketa koefizienteen bidez. Baina prozedura hori ez da automatikoki abiarazten: administrazioek edo sindikatuek eskaera formala aurkeztu behar dute lan jarduera azter dadin. Eskaera hori Nafarroako Gobernuak eta sindikatuek berehala aurkez dezatela exijitzen dugu. Gure kolektiboak baldintza guztiak betetzen ditu: lan-ingurune arriskutsuak, penosoak eta osasungarritasunik gabekoak (Danak, istripu larriak, agente biologiko eta kimikoekiko esposizioa); larrialdietako lanak eragindako higadura fisiko eta psikologiko handia (estresa).
Laburbilduz, gure eskaerak hauek dira: gure jardueren benetako azterketa, ez soilik lanpostuen azterketa; gure lanaren gogortasunari egokitutako osagarri ekonomikoa; gure kolektiboa ofizialki aitortzea erretiro aurreraturako izateko egokia dela; Nafarroako Gobernuak eta sindikatuek jada aurkeztu dezatela eskaera ofiziala RD 402/2025ean aurreikusitako prozedura hasteko; konpromiso sendo eta publikoa, neurri zehatz, garden eta premiazkoekin.
Justizia, berdintasuna eta benetako aitorpena eskatzen ditugu egunero bizitzak salbatzen ditugunok, askotan baldintza muturrekoetan lan eginez.
Artikulua honako hauek sinatu dute: Carmelo Aguado Ruperez, Antonio Alechiguerra Garcia, Maria Roncesvalles Aniz Goñi, Ana Isabel Arbizu Lander, Jesus Ardanaz PĂ©rez, Loreto Bacaicoa Yeregui, Victoria BarrabĂ©s Solanes, Jorge Biurrun Cia, Maria Jesus Cabodevilla Jimenez, Alfredo Echarri Sucunza, Olatz Naiara Eslava Abaurrea, Esther Falguera Alegre, Jose Luis Espila Etxeverria, Naiara Fernandez Gabilondo, MarĂa Paz Gil PĂ©rez-Nievas, Andrea Iriarte Roteta, Karlos Irujo Asurmendi, Luis Ignacio Jimenez de Luque, MarĂa Idoya Laspalas Perez, Beatriz Lasterra SĂ¡nchez, Itxaso Manzanos Areta, Pilar Maravi Artieda, JosĂ© Juan Miranda Blanco, David Navarro GonzĂ¡lez, Maria Jose Palacios Elizalde, Asier Pinillos Esparza, Araceli Sergio Aguilera, Carlos Sesma Sanchez, MarĂa Pilar Sola Sara, Beatriz Sola Sanchez-Chiquito, Maria Antonia ZapaterĂa GarcĂa eta Miguel Zaragueta Olave.