1. Gizarte zatikatua eta elkarren aurka dagoena. Euskal Herrian elkarri gorroto bizia dioten taldeak eta pertsonak bizi dira. Hainbeste urtetako hilketa, atentatu, bahiketa, sufrimenduaren sozializazio, tortura eta abarren ondorengo zauriek eta gorroto-leizeek euskal gizarte zatikatu eta elkarren aurka dagoena eratu dute, eta zorigaitzeko egoera hori gainditzeko borrokan ari da. Oraindik ere, desadostasun politikoen ondoriozko erradikaltasunak —ideologia eta anaiarteko gorrotoa nahasten dira— eta bizi izandako sufrimenduak elkarrekin lan egitea eragozten digute.
Memoriaren ospakizun desberdinetan nabarmentzen diren aldeek—izendapenean ere ez dira ados jartzen— argi erakusten dute euskal gizarteko sektore zabalak elkarrengandik bereizten dituzten diferentzia sakonak daudela. Batzuentzat «sufrimenduarekiko elkartasuna» dena, besteentzat terrorismoaren apologia da. Aberria aldezteaz edo askapen-gerrei buruz ari garenean, delitua eta balentria bereizten dituen marra hain da mehea, ezen terrorista bat heroi bihur baitaiteke —eta alderantziz— oso denbora laburrean. Horregatik, antolatzen diren foro, topaketa eta omenaldietako eztabaida eta polemiketan, beharrezkoa da hainbat ikuspegi elkarrekin hitz eginez argitzea, eta ez deskalifikazio bidez.
2. Gertatutako egia onartzea. Gezurretan aritzeko eta nork bere burua engainatzeko edo justifikatzeko modu bat norberaren aukera politikoa eta ideologikoa emozioekin eta aurreiritziekin lotzea da, bide batez argudioak faltsutuz. Zeri deitzen diogu «gatazka politikoa»? Zer da guretzat erabakitzeko eskubidea? Eta indarrak metatzea? Zer ulertzen dugu bake prozesuaz? Nori deitzen diogu preso politikoa? Gatazka hitzak esanahi bat baino gehiago ditu, baina ETAri eta haren ingurune ideologikoan kokatzen den sektore bati kontzeptu horren interpretazioak armen erabilera justifikatzeko balio die, «gatazka armatu» bihurturik. ETA ez da gatazkaren ezinbesteko adierazpena. «Gatazka» ulertzeko eta gauzatzeko modu hori berena da, ETArena eta haren ingurunearena. Beste euskal herritar batzuek ere sentitu zuten eta sentitzen dute «gatazka», baina ez armak erabiltzeari lotuta. ETAren alde bakarreko erabaki haren emaitza —800 hildakotik gora, milaka zauritu, presoak, atzerriratuak, «zerga» ordaintzera edota eskolta eramatera behartu zituztenak, suntsitutako hainbat familiaren oinazea— ez da ezkutatu behar, ez-eta beste indarkeria bidegabe batzuekin alderatu ere; aldiz, kasu bakoitza inoiz gertatu behar ez zatekeen egitate bidegabetzat aitortu behar da. Eta gauza bera esan daiteke «preso politiko», «bake prozesu»... eta beste hainbat adierazpeni buruz. Egiaren barruan heztea nahi bada, behar-beharrezkoa da zorrotz eta zintzo argitzea zein den kontzeptu horien edukia, oraindik ez baikara gai gutxieneko kontakizun erkide bat hitzartzeko. Gehienez ere, etika errukitsu batera iristen gara, beti ihesbide tranpati eta erraz berberarekin: «guztiok gara erantzule» edo «guztiok sufritu dugu». Nozitu dugun iragan odoltsua hura interesatuki justifikatuz zuritu nahi izateak kontakizun distantziakide eta bidegabe batera garamatza, bai gehien sufritu duten biktimekiko eta bai herrialde osoarekiko.
3. Terrorismoaren aurkako praktikaren gehiegikeriak. Egiari leial izateko, indarrean dagoen terrorismoaren kontrako praktika ere ez da onargarria. Terrorismoaren aurkako politikaren gehiegikeriak ez dira Zuzenbide Estatuaren neurrigabekeria puntual batzuk izan. Gehiegikeria horiek, zenbait unetan, sistematikoak izan dira eta Estatu politika jakin bati erantzun diote. Muturrera eramandako zigorrak eta arbitrariotasuna eguneroko errealitateak izan dira, zoritxarrez.
Ordenamendu juridikoan aurreikusitako eta libreki onartutako legezko neurri indibidualetara biltzea eta haietan sakontzea urrats askatzailea da. Horregatik, aipatutako legeria malgutasunez irakur dezala eskatzen zaio Espainiako Gobernuari. Arazo honi dagokionez, uste dugu presoen kolektiboak, Ezker Abertzalearen dinamikaren barruan, eskubide osoa duela bere portaera inspiratzen duten ideiak defendatzeko, baina bake prozesu orotan ezinbestekoa den puntu bat hartu behar du bere gain: egindako kaltea aitortzea eta hura konpontzen eta garbitzen saiatzea ahal den neurrian. Iraganaren gogoeta kritiko bat egitea amore ematea batzea baita. «Herriarekin bat eginda» kontsignak —zeina «denbora berri» baten ikur gisa aldarrikatzen baita— gogorarazi behar die presoei euskal gizartearen gehiengo handi batek etengabe transmititzen diena onartu behar dutela beren borondatez: ETAko kide gisa desegitea, horrek dakartzan ondorio guztiekin. ETAko presoek gizarteak entzun diezaien eskatzen dute. Baina haiek ere entzun behar dute gizarteak zer eskatzen dien.
4. Konpromisoa, kaltetutako bizikidetzatik abiatuta. Esan izan da, eta arrazoiarekin, gizarte zibilak atzean utzi nahi dituela behingoz beruna, indarkeria eta heriotza nagusi izan ziren urteak. Espainiako eta Frantziako gobernuek irekita egon behar lukete desio horretara. Espetxe-politika gizatiarrago batek, egindako delituak oso larriak izanik ere, berarekin ekarri behar luke presoak hurbiltzea, gaixo daudenak askatzea eta baldintzapeko askatasun eskaera indibidualei erantzutea. Mundu guztiak eskatzen duen zerbait da, eta entzuna izatea merezi duena. Baina ETA desagertzen ez bada, ezinezkoa izango da akordio horietara heltzea. Herritarren sostengua eskatzea eta espetxeetako onurei atea irekitzea, era berean, ETAko kide izateari uko egin gabe, kontraesan nabarmena da. Gogortasun egoera batean bizi gara, non garrantzia kentzen zaion etikoki zuzena ez denari. Baina gizagabetasuna ez da atentatu ankerretan eta torturetan soilik bilatu behar, besteen sufrimenduaren aurreko sorgortasuna eta guztiaren kalkulu politiko erdeinagarria ere gizagabetasunaren seinale dira.
Ez desafiozko adierazpenik, ez jarrera mendekatzaile eta azpiratzailerik. Bakeak diferentziak kudeatzea eskatzen du, ez du ez garailerik ez garaiturik, egiari zor zaion leialtasuna soilik. Denbora berri baten aurrean gaude; berorretan, justiziarekin batera, beharrezkoak izango dira barkaberatasuna, elkarrizketa eta eskainitako zein onartutako barkamena.
Bizikidetza baketsua, bide luzea geratzen da oraindik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu