Gizarte nahasi eta kontraesanez jositako honetan bakeaz eta justiziaz hitz egin nahi bada, ez dago aipatu gabe uzterik eguneroko bizimoduan —dela lanean edota bizitza sozial edo politikoan— hainbat bidegabekeriaren biktima izan direnak. Gure kasuan ere guztiz beharrezkoa da hori gogoan izatea, horregatik dira ezinbestekoak memoriari buruz han eta hemen egiten ari diren lanak.
Gure azken artikuluetako batean, beste arazo batzuen artean, kaltetutako bizikidetza onbideratzeko eta gainditzeko premia jorratu genuen. Horren guztiaren erdian, oraindik aspaldi ez dela pairatu ditugun biktimekiko oroitzapena eta oinazea jarri behar ditugu. Adiskidetze zintzo batek kontuan izan behar ditu, dudarik gabe. Biktimen errealitateak ez du iraungitze-datarik, eta ez lirateke manipulatu behar esku-hartze alderdikoien kariaz.
1.- Biktimez mintzatzea edo idaztea, oraindik ere, erreakzioak pizten dituen gaia da. Baina biktimak ahazten dituen bizikidetza adiskidetua elkarbizitza mutilatua, faltsua izango da beti, egiten diren propaganda, prentsaurreko edo manipulazio interesatu guztiak gorabehera. Oraindik hurbil daude gure bizitzetan eta oroimenean, heriozko atentatuak, etengabeko mehatxuak, sufrimenduaren sozializazioa, iraultza-zerga, torturekiko isiltasun bidegabea, eta abar.
2.- Errealitate horren aurrean, lehenik eta behin ados jarri behar dugu biktima hitzarekin zer esan nahi den, mota desberdinetakoak baitaude. Batzuk oso erasanda geratu dira; beste batzuek, berriz, erreakzionatzeko modua izan dute. Batzuk zeharo ahaztuak izan dira, eta beste batzuk goraipatuak. Bereizteak ez du baztertzea esan nahi. Azkenik, irizpide selektibo edo diskriminatzaileak dira saihestu behar direnak.
3.- Gertatuaren bidegabekeria jarri behar da auziaren erdigunean, eragindako mina eta sufrimendua ahaztu gabe. Biktima asko daude, eta guztiak aldeztu behar dira, zein bere berezitasunekin, oroimena, justizia eta elkartasuna proportzio egokian erabilita. Horrek ez du esan nahi biktimak beren erasotzaile bidegabeen parean jarri behar direnik. Eta are gutxiago bilatzen da zigorgabetasuna, izan pertsonala edo kolektiboa. Kontua da biktima guztiak aintzat hartzea, bai eta horiek eragin zituzten agenteen erantzukizunak ere.
4.- Behin eta berriro gogoratu behar da egia, justizia eta erreparazioa beharrezkoak direla, eta halako egitateak —inoiz gertatu behar ez zutenak— ez direla inoiz errepikatu behar. Nahiz eta gogorra den hau esatea, biktimak berak berregin beharko du, kostu handiz, bere bizitza pertsonala eta familiartekoa, orainaldian eta etorkizunean, bizitza hori edukiz eta itxaropenez jantzirik. Badakigu prozesu hori bereziki gogorra eta zaila dela, eta kanpoko laguntza beharko duela. Egoera horietan ez da erraza gorrotoa eta mendeku-sentipenak gainditzea. Biktimaren minaz harago, sufritzen dutenekiko hurbiltasuna eta elkartasuna sentitu behar genituzke. Eta gai honen beste ertz asko gogoeta hauetatik kanpo geratzen badira ere, guztiak dira beharrezkoak gure familien, herrien eta gizarte-harremanen eguneroko elkarbizitza berrosatzeko. Ez dago herria eraikitzeko beste modurik.
5.- Ez da onartzekoa, inondik ere, egiazko adiskidetzea eta elkarbizitza hobea bilatzen badira, aurkari politiko-ideologikoen kontra etengabeko erasoan aritzea, irainka eta sistematikoki gaizki-esaka. Berez zailtasun handiak dituen prozesu bati oztopoak jartzea besterik ez da hori, erresistentzia handia gainditu behar baitu norberak bihotzez eta zintzoki barkatzeko.
6.- Adiskidetzera eta bizikidetzara bidean, ezin dira aipatu gabe utzi presoen errealitatea eta oinazea ere, espetxe-politika esaten zaion horretan, puntu batzuetan oso eztabaidagarria izan badaiteke ere. Beste artikulu batean jorratuko dugu gai hori, gizarte-komunikabideetan arazo horri eman zaion trataerarekin batera. Elkarbizitzaren eta adiskidetzearen bidean, ezinbestekoa da horiek ere aintzat hartzea.