Bizikidetzatik apartatzeko gonbita

2021eko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Iruñeko euskarazko haur eskolen eztabaida politikoan, «bizikidetza» da aurkitzen dugun aurkako argudioa. Guk, euskarazko murgiltze eredua eskatu, eta esparru politikoko gehiengo zabalak horri eusten dio. Bitxia da, gainera, murgiltze ereduaren kontra agertzea, baina ez gaztelerazkoaren aurka. Gu bizikidetzaren kontrakoak gara, eta bizikidetza euskararen gainean eraiki behar da, beraz.

Udalak (Nafarroako Gobernuaren omisioz), euskarazko plazak murriztu eta hiriko iparraldeko auzoetara zokoratu zituen iaz. Hurrengo ikasturterako, denen ustez egoera bidegabea denez, udaletik, egoera arintzeko zerbait egingo da. Dirudienez, euskarazko plaza gutxi batzuk jarriz Iruñeko hegoaldean, euskararen basamortuan nonbaiten. Baina nola? Euskarazko murgiltze eredua baztertuz eta eredu mistoak sustatuz, antza denez. Eredu mistoa euskarazko adarra eta gaztelerazko adarra bereizten dituen eredua da, teorian. Praktikan, ordea, gaztelera gailentzen da haurren espazio komunetan, hezitzaileen arteko harremanetan, funtzionamendu administratiboan… Orokorrean.

Bikote pedagogikoetan lan egiten da haur eskoletan. Euskal adarreko eta gaztelerazko adarreko hezitzaileek elkar ulertu behar dute, eta denbora eta espazioa koordinatu, nahi ala ez. Arkitektonikoki ere, eraikin gehien-gehienen espazio banaketa horrela funtzionatzeko eginda dago, amankomunean lan egiteko, alegia. Beste faktore bat, hezitzaileen profila izango da hemendik aurrera. Euskarazko murgiltzearen kontrakoek diseinatuta, EEP berrietatik euskarazko profila duten hezitzaileak gutxi izango dira. Hori diseinatu dutenek beraiek, zinikoki, euskararen eskaintza eta murgiltze eredua sustatzea ezinezkoa dela arrazoitzen dute, euskarazko hezitzaile nahikoa ez dagoelako.

Euskarazko murgiltze ereduari trabak jartzen dizkioten horiek, balio aurrerakoiak eta balio ezkertiarrak defendatzen dituzte askotan. Aukera-berdintasuna dute beti beraien argudiategi politikoaren ardatz. Argi dago, eredu mistoa ez dela aukera-berdintasuna, ekitatea ez da inondik inora ere betetzen eta. Ia ezinezkoa gertatzen da euskara etxetik dakarren umeak euskarari eustea. Arlote sentitu aurretik, ume guztiek nahi izaten dute normalak eta taldearen parte izatea. Era berean, gaztelera etxetik dakarren horrentzat zaila da benetan euskaraz hasteko une magiko hori aurkitzea. Euskarari ez zaio aukerarik ematen, eta, horren ordez, arrotz eta bigarren mailako sentiarazten gaituzte geure herrian. Horrelako egoerek neurri bateko edo besteko traumak sortu izan dituzte, eta beldur naiz sortzen jarraitzen ez ote duten. Izan ere, diglosia argiko kasuak daude, non umeek nahiago izan duten mutu gelditu denboraldi batez, euskarari eutsi baino.

Gure eskubideak errespeta daitezela eskatu behar da, noski, baina batez ere, gure esku dagoena egin, ahaldundu. Hizkuntza eta hezkuntza politika honekin, etxean, eskolaz kanpoko espazioetan, erreferentzia eta iruditeria ezberdinetan… euskara sendo transmititzeak berebiziko garrantzia du. Zorionez, badira gero eta familia euskaldun gehiago horretan ari direnak. Baina euskaraz ikastea nahikoa dutenen sektorea handituz doa, euskara eta euskaratik ikasi eta bizi nahi dutenen aldean.

Horregatik, gure lehen urratsa, arnasgune bakan horiek gotortu eta murgiltze ereduaren aldeko kontzientzia zabaltzeko lana egitea da. Izan ere, instituzioetan, euskarazko murgiltze ereduaren kontrakoak, pentsatu baino alderdi gehiago dira, eta ez ditugu limurtuko berehala, eta agian, sekula ez. Oraintxe bertan instituzioetan, horretan dabiltzan euskaltzaleek, baldintzak jartzea da egin dezaketen gauza bakarra. Betiere, tratuetarako giltza euskaltzaleen esku baldin badago. Eta jakina, euskaltzale hauek baldintzatu egin ahal eta benetan nahi izan behar dute, noski.

Landu dezagun bizikidetza, askotan ahaztuta dauden ikuspegietatik: arraza, generoa eta diferentzia sozialak, besteak beste. Baina, hizkuntza, bizikidetza lantzeko aipatzen bada, izan dadila menpekotasunetik ateratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.