Bizitzaren garestitzeari, ez

Unai Jimenez Ramos
2021eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Bizi-kostuen garestitzea albiste izan da azken hilabeteotan. Ez da gutxiagorako; izan ere, behar-beharrezkoak zaizkigun ondasunen prezioen igoeraz ari gara. Urte arteko inflazio-tasa %5,6koa izan da azaroan espainiar Estatuan, azken 29 urteetako mailarik altuena. Bitartean, langile klasearen diru-sarrerek ez dute igoera berdina jasan; are, beheranzko joera bat iragar daiteke.

Fenomeno hau lupaz aztertzen badugu, egoeraren larritasunaz jabetuko gara. Urrian argindarraren prezioa inoizko garestiena izan zen, eta azaroan antzeko mailan mantendu da. Familia askok etxebizitza bero mantentzeko beharrezkoa duten gas naturalaren prezioaren eboluzioa ia berdina izan da. Etxebizitzaren prezioari dagokionez, duela zenbait urtetik honako goranzko joerak darrai, eta datu zehatzak lortzea zaila bada ere, estimatzen da Nafarroan alokairuaren batez besteko prezioa %40 hazi dela azken 5 urteetan. Gasolinak eta gasolioak %25etik gorako igoerak jasan dituzte urtea hasi zenetik, errekor historikoetatik gertu egoteraino. Gainera, autobide guztietan bidesariak ezartzeko asmoa adierazi du berriki Espainiako Gobernuak. Hori gutxi balitz, TAO edo «eremu urdina» deiturikoa hirian zehar zabaltzen ari da Iruñeko Udala, eta sistema hau hiri osora hedatzeko aukera ere adierazi izan dute. Badirudi lanerako eta bestelako lekualdaketetarako beharrezkoa zaigun ibilgailu pribatua erabili eta aparkatzeagatik are gehiago ordainarazi nahi digutela, neurri hauek jasangarritasunaren eta trantsizio ekologikoaren diskurtsoarekin apainduz, noski. Honetaz gain, Iruñean ur eta zabor tasen igoerak onartu dira 2022rako, eta Villavesako txartelaren prezioa ere %4 igoko da. Azkenik, nahiz eta datuen zerrenda amaigabea izan daitekeen, ezin aipatu gabe utzi elikagaiak eta bestelako oinarrizko produktuak egoera honetan jasaten ari diren igoera nabarmena. Elikagaien prezioen indize internazionala %31,3 hazi da urtebetean.

Txanponaren beste aldean, langile klasearen soldatak eta bestelako diru-sarrerek ez dute igoera berdina jasan. Azken hitzarmen kolektiboetan soldaten igoerak lortu direnean ere, hauek inflazio-tasaren azpitik kokatu dira. Hona iritsita, soldataz ari garenean normalean erabiltzen den adieran baino zentzu zabalagoan ulertzea komeni da, ez badugu engainuetan erori nahi. Batetik, soldata nominala genuke, diru-sarreren aspektu kuantitatiboari erreferentzia egiten diona: jasotako diru kopuruari, bere horretan. Bestetik, errealitatea ulertzeko baliagarriagoa den soldata erreala daukagu, eroste-ahalmenari erreferentzia egiten diona. Hau da, garestitze orokortu baten testuinguruan soldata nominalak ez badira igotzen, edo inflazioa baino maila baxuagoan igotzen badira, jasotako diruarekin bizi-bitarteko gutxiago erosi ahalko dugu, eta hortaz, gure soldata errealak behera egin duela baiezta dezakegu. 2008 inguruan krisiak eztanda egin zuenetik, langile klasearen soldata errealen jaitsiera irregular baina etengabean murgilduta gaude, eta joera hau nabarmen sakondu da azken garaiotan. Azaldutako guztiak ondorio lazgarri bat dakar berarekin: pobretzea. Pobretzea, bere hamaika aurpegiekin: hilabete amaierara iritsi ezin diren familiak, egoera irregularrean bizitzera kondenatuta dauden pertsonak, etxegabetzeak, etxea bero mantendu ezin duten pertsonak, elikadura egoki bat izateko asistentzia sozialarekiko dependentzia, gaua udal aterpetxeetan edo kalean igarotzen duten pertsonak, eta abar luze bat.

Garestitze orokortu honen atzean dauden faktore konkretuak aztertzea interesgarria izan liteke: hornidura-kateen arazoak, erregai fosilen garestitzea, gasaren merkatu internazionaleko prezioen igoera ikaragarria, CO2-ren igorpen eskubideen merkatu espekulatiboa, honekin guztiarekin tentsio geopolitikoek duten zerikusia... Dena den, ez da nire asmoa arrazoi horietan luzatzea, testuinguruari perspektiba orokorrago batetik erreparatzea baino. Izan ere, fenomeno hau ulertzeko ezinbestekoa da murgilduta gauden krisi testuinguruan kokatzea. Krisiari aterabidea aurkitu nahian, kapitalak beharrezkoa du bere berregituraketarako neurriak hartzea, eta, zentzu horretan, arriskuan dituen irabaziak mantentzeko zenbait bide ditu eskura. Horien artean kokatzen da bizi-bitartekoen garestitzea, zeinak finean langile klasetik kapitalerako errenta transferentzia esan nahi duen; edo, beste era batera esanda, langile klasearen aurrezkien arpilatze zuzena. Gizarte kapitalistan inflazioa ez baita halabeharrezko fenomenoa, ezaba daitekeena; kontrara, kapitalistentzat ezinbesteko mekanismoa da.

Bukatzeko, zein izaten ari da gizartearen erantzuna testuinguru honetan? Zenbait mobilizazio puntualetatik haratago, esanguratsua da langile klasearen bizi baldintzen aurkako ofentsiba orokor honen aurrean indar antolatu baten falta. Beste behin ere, agerian gelditzen ari da proletariotzak ez duela inolako gaitasunik ziklo ekonomiko honetan jasaten ari den bizi baldintzen okertzeari aurre egin eta ofentsiba hau geldiarazteko, zer esanik ez gizarte-eredu honi alternatiba integral bat planteatzeko. Hortaz, premiazkoa dugu antolakuntza forma eraginkorrak sortu eta garatzea, bizi bitarteko guztiak doakoak, unibertsalak eta kalitatezkoak izan daitezen borrokatzeko; hots, gizateria guztiarentzat bermatuta egon beharko liratekeen ondasunak ez daitezen gutxiengo baten interesen menpe egon. Hori da Iruñerriko Kontseilu Sozialistatik planteatzen duguna, eta horretara dator Bizitzaren garestitzeari ez kanpaina. Datozen aste eta hilabeteetan gai hau lantzen jarraituko dugu ekimen ezberdinen bitartez, beraz, adi egon. Bizitzaren garestitzearen aurrean, antola gaitezen!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.