Arduragabetuta edo anestesiatuta bezala ikusten ari gara gure jende nagusiaren babes soziala behartasun larrira daramaten gertakari dramatikoak. Konpondu ezin litekeen arazo bat bailitzan aurkezten digute, gainera.
Batetik, enpresek eta erakundeek lau haizeetara goraipatzen dute euren zahar egoitzen eredua, ontasunez beterikoa, kalitate eta gizatasun mailarik gorenekoa, arlo publiko eta pribatuaren dualtasunak modu altruistan bermatzen ei duena. Baina bestetik, senideok errealitate mingarria ikusten dugu egunero: gure nagusi ahul eta babesgabeen zaintzaren kalitatea narriatzen eta hondatzen doa etengabe, eta erabateko urritasun egoerara heltzen ari da luzeegi doan gatazkaren ondorioz. Hori onartezina da nagusien ongizatearen bermea nabarmendu nahi duen edozein gizartetan.
Harridura eta atsekabea sortzen dizkigu Bizkaiko arduradun instituzional nagusiak sindikatuekin ika-mika ideologikoetan ikusteak. Herritarrak lasaitzeko, ordea, bizkaitarron zergak ondo zainduta daudela iragarri du: «Aldundiak ez ditu bizkaitarren zergak igoko xantaiak ordaintzeko». Zentzugabekeria handiagorik!
Erakundeak ezin dira gatazkatik kanpo geratu, neutralak direla sinetsarazi nahian. Gorritu barik esaten dute langileek eta sindikatuek bilatu behar dutela konponbidea, baina, bitartean, enpresak ez dira gelditzen mozkinen zakua betetzetik, kasu gehienetan prekaritatea etengabe handitzearen truke.
Ratioak, lan orduak, soldata duinak, emakumeen desabantaila sozialak... horiexek dira langileek aldarrikapenetan ez ezik gatazkaren muinean dauden arazo larriak. Eta haien jatorrian pribatuaren eta publikoaren arteko sinbiosia dago, zeren publikoak eta pribatuak elkar elikatzen duten. Zillah Eisensteinek idatzi bezala, zenbat eta gehiago egin arlo pribatuan, hainbat eta gehiago suntsitzen da arlo publikoan.
Otsailaren 26an Pentsionistak Martxan plataformarekin egin genuen mobilizazioan, argi adierazi genuen erakunde publikoek zerbitzu publikoaren bokaziorik ez duten ekimen pribatuen esku uzten dituztela zahar egoitzetako pertsona nagusien zaintza eta, gero, enpresa horiek, errentagarritasunari begira, langileen baldintzak txarragotu egiten dituztela, ratio eskasegiak ezarriz, soldata txikiak mantenduz... Horren ondorioz gatazka-gune bihurtu dituzte zahar egoitzetako gizarte zerbitzuak.
Begi bistan da zahar egoitzen sektorea negozio nitxo itzel bihurtu dela. Inbertsio funtsak eta konpainia handiak indartsu sartu dira eta merkatu kuota garrantzitsuak lortu dituzte. Sektorean inbertitzea «balio seguru eta goranzkoa» da. Inbertitzaileei urrezko arrautza iruditzen zaie hirugarren adinekoen egoitzen «negozio errekurrentea», eskaintza gero eta handiagoa delako biztanleriaren bihurgune begetatiboaren hazkunde negatiboa dela eta.
Ezin onartuzkoa da ituntze pleguen bidez enpresek diru publikoaren kantitate eskergak jasotzea eta diru hori errentagarritasun ekonomikoaren mesedetan erabiltzea. Hori onetsiz gero, aldundiak uko egiten dio ordezkatu ezin duen erantzukizun politikoari, zergak kudeatzeaz gain haren betebeharra baita pertsona nagusiak babestea.
Gezurra dirudien arren, gure senideak zaintzen dituzten emakume langile askok ez dute emantzipazio ekonomiko nahikorik. Haien aldarrikapenak bidezkoak dira eta geure egiten ditugu. Langile horiek ezinbestekoak ditugu gure nagusien asistentziaren kalitatea bermatzeko.
Pertsonalaren hornikuntza eskasa dela-eta lan prekarioan dauden beharginen lorpen sozialen aldeko borrokak indarrak eta energiak batzea eskatzen du. Enpresaburuek eta aldundiak, aldeko indar-korrelazioaz baliatuta, nahiago dute gatazka barreretatik ikusi, ondo baitakite gehien eusten dionak irabazi egiten duela. Eta bitartean, langileak eta, batez ere gure nagusiak, inongo gizartek onartuko ez lukeen bidesaria ordaintzen ari dira.
Merkantilizatutako gizarte baten emaitza larriak dira hauek. Eta gure erakundeek, batzuetan, morrontza gehiegi sortzen dituen merkataritzaren logika zentzugabearen arabera jokatzen dute. «Merkatuaren laguntzailea den neurrian kudeatzen da gizartea; gizarte harremanek ekonomiari eragin beharrean, gizarte harremanak eurak daude sistema ekonomikoaren barnean sailkatuta» (Karl Polanyi, The Great Transformation). Logika arpilatzaile kapitalistak gizateria osoaren arau sozial eta moraletatik desbideratzea ekarri du.
Senideoi dagokigunez, enpresa batek gure elkartearen kontrako kereila jarri arren, tinko eta adi jarraituko dugu. Kontzienteak gara erakundeek esku pribatuetan utzi duten arreta sozialeko ereduak muga estuak dituela eta askoz ere urrunago joan beharko dugula. Gutxieneko zerbitzuak eta hitz politak ahuntzaren gauerdiko eztula dira ahulenek egunero bizi duten larrialdi egoeran.
Gure nagusien eskubideak ezin dira etekin ekonomikoen mende egon. Gure estrategian dago haien arreta eta zaintza sozializatzea, eta onartu egin dugu erantzukizuna. Babestu elkartean arrazoi mordoa dugu geure senideen defentsan konpromisoak hartzeko. Baina arrazoi horietako bat gailendu egin behar da: irmo defendatu behar dugu nagusien eskubideak ez direla adinarekin iraungitzen.
ARTIKULUA HONAKO HAUEK ERE SINATZEN DUTE:
Juani Cespedes, Elias L. Mungia, Iraide Urriz, Xabier Monreal, Maika Loizaga, Julia Miguel, M. Paz Garaigordobil eta Gontzal Lopez.
Bizkaiko zahar etxeak, luzeegi doan gatazka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu