Leitzan Euskal Herriko emakumeok lehenengo topaketa haiek ospatu genituenetik 15 urte igaro dira. Bertan egon ginen hainbatek harresiaren beste aldetik jarraitzen diegu orain borroka feministaren zein gure herriaren eraikuntzaren gorabeherei. Jarraitu, eta parte hartu. Espetxe guztiak erauztea lortu arte, gatibu gauzkaten zigor-eremu-biolento-falozentriko hauetan asko baitago borrokatzeko. Egun, euskal preso politikoen kolektibo osoaren %13 bagara ere, bakartutako kideen %63 osatzen dugu emakumeok. Batzuetan zenbakiak hutsalak dira; beste batzuetan, aldiz, euren kabuz hitz egiten dute. Doakiela hemendik indarrez beteriko besarkada xamurra bakarrik diren kide guztiei, zuen ondoko hutsunean gaituzue!
Izan ere, pertsona suntsitzeko asmatuak diren tortura-zentro moderno hauetan, emakume izateagatik, berariazko errepresioa jasaten dugu. Hasteko, espetxearen espazio fisikoa bera gizonezkoentzat pentsatuta eta eraikita dago, emakumezkoak gutxiago garen aitzakiarekin. Sarritan egokitzen zaigu espazio txikiagoa edota gizonen moduluen «soberakinekin» egindakoa. Instalazio bereziak ere gizonen aldean egon ohi direnez, aktibitate aukera urriagoa izan ohi dugu: futbol zelaira joateko debekua, esaterako. Gainera, eskaintzen zaizkigun aktibitateen artean erabateko banaketa sexista dago: gizonentzat, kirol jarduerak (futbola, boxeoa...), hain «maskulinoak» diren harria edota egurra lantzeko aukera...; emakumeoi, berriz, josketa, pintura, zeramika (askozaz «femeninoagoa», noski!)... eta horien gisako jarduerak proposatzen dizkigute. Hori da sistemaren kaiolak buruan iltzatu nahi digun eskema: neskatilak, izan zaitezte otzanak, femeninoak, zintzoak eta panpoxak...!
Espetxe sistema bereziki tematzen da presoa «emakume zintzo» bihurtzeko ideiarekin. Lan horretan, presoaren infantilizazioa eta gure sexualitatearen erabateko kontrola gauzatzen dute, gizonen aldean neurri berean ezartzen ez dena. Gure janzkeraren gaineko jazarpena itogarria da, soinean daramaguna laburregia, gardenegia, iradokitzaileegia, sexyegia... —finean, eurentzat askeegia- delako diskurtso kontserbadore-faxista darabilte, ziegatik atera ahal izateko arropak aldarazten dizkigute, hainbat eta hainbat debeku... Politesse-a zigor/sari xantaia bilakatzen dute. Gizonen aldean libreki ikus daitekeen pornoa zentsuratu egiten dute gurean. Bisitetan sexua galarazten digute, euren kontrola eraso huts bilakatzeraino. Derrigorrezko biluzketetan agindu iraingarriak jasotzen ditugu: titiak altxarazi, hilerokoarekin gaudenean konpresa/tanpoia kenarazi.... Espetxean, emakume askok derrigorrezko biluzketa horien umiliazioa bortxaketa gisa bizi dute.
Zergatik zigor hirukoitza? Gizon bat kartzelatzen dutenean, zigor bat dauka betetzeko: zigor penala. Emakume batek, aldiz, espetxe kondenari zigor soziala eta norbere buruari eragiten diona gehitzen dizkio. Zigor soziala, kartzelan amaitzen duen emakumeari «emakume ez zintzoa edo galdua»-ren etiketa itsatsita geratzen zaiolako. Bisitan datozen senideek ere nabarmentzen dute egoera hori. Gizonengana doazenean, nor egoten da itxarongeletan? Amak, emazteak, seme-alabak... Eta emakumeen espetxeetako itxarongeletan? Amak, ahizpak, seme-alabak... Jendarte heteropatriarkal honetan emakumeoi inposatzen zaigun zaintzaile rolaren erakusgarri.
Salatu nahi nuke, azkenik, transexualek espetxean pairatzen duten jazarpen inkisitoriala. Egungo sistema heteropatriarkalaren binarismo erradikal-erreakzionarioaren ondorioz, espetxeratzeko orduan ere bi aukera soil eta zurrun ditugu: edo aludun emakume (femeninoa)ak gara, ala zakildun gizon(maskulino)ak.
Esan gabe doa emakume artean derrigor egon behar honek baduela bere alde elikagarria ere, hala nola muturreko egoeretan izaten den emakumeon arteko elkartasuna eta samurtasuna ezagutzeko parada. Jatorri, erlijio, adin, arraza, klase, kultura eta interes oso ezberdinetako emakumeak nahastuta. Espetxean igarotako urte hauetan, arean kalean egonda sekula ezagutuko ez nituzkeen emakumeekin penak eta barreak konpartitzeko aukera izan dut, euren arazo eta istorioak entzuteko, aurreiritzirik gabe elkarri laguntzen ikasteko... Militante politiko gisa hazteko, mundua bera eta askatasunaren aldeko borroka berrulertzeko esperientzia eraikitzaile paregabea da, bizitzarako irakaspena. Milaka eta milaka emakume anonimoren mendeetako sakrifizio, borroka eta garaipenen poderioz, egungo sistema heterokapitalistaren munstroa zauritua, hilzorian da bai, baina... borrokak aurrera jarraitzen du!
Hitz hauekin amaitzen dut, eta atzoko, gaurko eta biharko emakume borrokalari guztiei eskaini, sistemari konplexurik gabe aurre egiten diozuenei, Euskal abangoardia errebeldearen ikur zaretenei. Gure herri aske eta parekidearen alde atzerapausorik ez! Zorionak, beraz, 15 urte hauengatik... eta segi aurrera! Gora borroka feminista! Urtarrilaren 14an, denok Bilbora! Otsailaren 11n, emakumeok espetxe martxa feministara!
Borroka feminista kartzelan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu