Nekane San Miguel.

Borrokan

2024ko irailaren 29a
05:00
Entzun

Terrorismoaren aurkako borrokalari sutsutzat hartu zuen ospea duela urte batzuk. Arraroa egiten zitzaidan epailea izanik bere funtzioan guduka aritzea, ez bainuen hori ikasi epaileen eginkizunaren muinaz.

Delituaren aurkako borrokan hamaika epaile agertu da aurrerago ere. Jendartean inolako harridurarik ez, jokaera onartua, baita epaile gehienen aldetik ere.

Emakumeonganako bortxakeriaren kontrako borrokan, Gobernuak protokoloak eratzeko beharra ikusi eta horretarako talde lana onuragarria izango zela pentsatu zuenean, gerora afera horietan ebazpenak eman behar zituzten epaileak izan ziren deituak taldeetara, eta bai onartu ere gonbidapena juez askoren aldetik. Gutxi batzuk gure zalantzak agertu genituen protokoloak eta zuzenbidean kontuan hartu beharreko arau eta jokamoldeak bateragarriak ote ziren.

Ohikoa bilakatu zaigu urte sasoi jakinetan hiri batzuetako alkate eta agintariek epailetzari buruz azaldutako kexa jakin bat. Ez omen dute zorrotz jokatzen lapurreta txiki eta huskeriakoak diruditen delitugileen aurka. Aurtengo udan irratietan entzun ahal izan genuen, «datuak eskuan hartuta, premiazko bilera eskatu eta burutu zuela Donostiako alkateak epaile, fiskal eta Españako gobernuko kideen artean delituaren aurkako borrokan guztien inplikazioa lortu behar delako. Oso garrantzitsua da guzti hauek ezagutu eta jakin dezaten zeintzuk diren maiz atxilotzen ditugun pertsona horiek» (SER irrati kateak sarean zintzilikatutako aipamena, besteak beste). Epaileak, ez ote dira errealitateaz jabetzen?

Zuzenbide ikasketak egin nituenean Franco bizirik izan arren, Montesquieu eta bere pentsaeraz mintzatzen zitzaigun irakasle bat baino gehiago. «Epaileek legearen ahotik hitz egin behar dutela» zioen pentsalariak. XVIII. mendeko filosofo eta juristek botereen arteko bereizketa (banaketa) ikusten zuten jendearen eskubideak bermatzeko ezinbesteko oinarri. Boterea banatzea (agintea zatitzea) bidegabekeria ekiditeko modua izateaz gain, demokraziaren zutabetzat hartu zen, aginte bakoitzaren esku funtzio jakin bat jarrita. Guztiok entzun dugu legegilea herriaren gehiengoaren espresio gorena den neurrian, elkarbizitza sustatzeko helburuz idatzi eta onartuko dituela legeak, beti oinarrizko eskubideak ipar, gidatzat hartuta. Gobernuak bere politika aurrera eramango du legegilearen arauen kontrolpean, eta epailetzak legegileak (ez epaileek) emaniko legeak aplikatzen direla ziurtatuko du. Secondateko Markesak garbi utzi nahi izan zuen epaileak ez direla nor gizartearen arteko liskarretan arbitro lanak egiteko; ez omen zen epailetzaz fio, zalantzazko hamaika sententziaren lekuko izan baitzen.

Botereen arteko banaketa epaileen independentziaren berme omen Españako epaileen gehiengoarentzat, baina ganorazko juristek garrantzi handiagoa ematen diote oinarri horren beste ondorio honi: epaileek gainontzeko botereen eremuan ez sartzean du banaketa horrek zentzu nagusia; ez ditzatela bere gain hartu besteei dagozkien eginkizunak; aktibismotik urrun mantendu daitezen. Aurrera ekarri zaion kasu zehatz horri erantzuna ematea (batzuetan soluzioa ez bada izango ere) da epailearen betebeharra. Bizitzak erakutsi diona eta zuzenbidetik at izan dezaken ezagutza baliagarriak izango bazaizkio, beti kasu konkretu horretarako izan behar, ez gurutzadak aurrera eramateko. Politika (kriminala ere) gainontzeko botereek zehaztu eta erabakiko dute, ez epaileen sententziek.

Patriotas con toga liburuan (Jorge Cagiao irakasleak idatzi eta Catarata argitaletxeak kaleratua: nazionalismo juridikoaren inguruko azterketa bat azpititulua duena) nazioa, nazionalismoa, zuzenbidea eta nazionalismoaren inguruko azalpenak emateaz gain, azken urtetan Españako periferiako nazionalismoari erantzunez eman diren ebazpen batzuen azterketa eskaintzen digu Cagiaok: Auzitegi Konstituzionalaren 103/2008 sententzia (Euskadiren erabakitzeko eskubideari buruzkoa); edo A. K. 31/2010 sententziarena (Estatut edukiz hustu zuena) baita alor penalean Katalunyako independentismoaren aurka emandako ebazpenen inguruko azterketa eta gogoetak ere. Boskarren kapituluan Garaipen politikotik haratago. Ereduzko eskarmentu baten beharra izenburupean, lotsa kudeatzen sailtxoa aurkitzen dugu, eta bertan irakur daiteke periferiako nazionalismoen jokaerekin ados ez izan arren, jurista batzuk kezka eta lotsez ikusi dutela epaile eta auzitegiek arlo penalean independentisten aurka emaniko ebazpenak, zeren hainbat ekintza eta egitateri delitu izaera eman ahal izateko, zigor-arauen interpretazioa behartu eta oinarrizko eskubideen eremutik at joan direla eta. Beste jurista eta aztertzaile batzuk txalotu egin dituztela ebazpen berberak jakina izanik, azken horien aurrean Cagiaok prestigiozko katedradun ohi batek esandakoa dakar liburura: horrelako ebazpen penalak txalotzen dituzten horiek Guantanamoko fakultatean hartu ote duten euren zuzenbide titulua (zuzenbiderik-ezaren eremu hartan) galdetuz.

Ekitatez eta zentzunez, nor bereko interesik gabe ebazteko eskatzen zieten epaileei XVIII. mendeko filosofo eta juristek. Ez, inondik inora, delitugile eta separatistez mundua salbatzeko borroka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.