Bakarra ote naiz frustratua dena pertsona batzuek ni mindu ondotik? Jende batzuk nirekin txarki portatu dira eta manipulatu naute, gezurra esan didate, nitaz trufatu dira, apaldu naute... eta nik gaizki hartzen baldin badut, haiek bizi ederra dutela ikusten dut. Haien jarrera kaltegarriak ez du inolako eraginik ukan haien eguneroko bizian, ni suntsitua aitzinatzen saiatzen naizelarik. Frustrazioa aipatzen nuen baina ez da hitz egokia. Sutan ematen nauen gorrotoa sentitzen dut. Mendeku gogoa pizten didan indar bizia da.
Badakit mendekatzea ez dela elegantea. Ez ote da pertsona apalen erantzuna? Ez ote gara hori baino zibilizatuagoak? Gure heziketa giristinoan, bestea barkatzen ikasten dugu bestenaz, gure pentsaera txarrek erituko gaituzte eta pixkanaka barnetik ustelduko gara. Bai, zure bortxatzaileari, erasotzaileari barkatu iezaiozu, eta zure aita baldin bada bost axola! Irakasten zaigu, norbaitek mintzen baldin bagaitu, lasai egoten, denbora eta karma erasotzaileaz arduratuko direlako!
Ez da egia. Jakina ezetz.Â
Egia erranen dizut nik: bizia ez da justua.
Beraz, nola egin gure amorrua apaltzeko eta injustizia sentsazioa lasaitzeko?
Nola egin lasaiki lo egiteko erasotzaile gehienak ondoriorik gabe bizi direla eta justiziak ez gaituela babesten dakigularik? Auzitegiek bortxaketen %90 baino gehiago ez dituzte kondenatzen (Noustoutes.org), Ertzaintzak aktibistak azkarki jotzen ditu aireportuetako kamaren aitzinean eta gobernuen babespean. Zenbat eraso bizi behar ote ditugu, zenbat injustiziak gure biziak puskatu behar dituzte, zenbat zartako jasan behar ditugu mendeku gogoa zilegi bilakatzeko?
Erraten ari ote naiz besteei pagarazi behar diegula egin digutena? Jakina ezetz. Baina nire erasotzaileak minduak edo izorratuak direla irudikatzen dudalarik... aitortzen dut on egiten didala. Eta badirudi ez naizela bakarra ikusiz sare sozialetan errebantxa bideoek zenbat erreakzio positibo dituzten. Gehienetan neskak diren pertsonek —ze sorpresa!— esplikatzen dute nola depilazio krema eman haien ohiaren xanpuan edo nola sardina puxkak ezarri autoaren motorraren gainean. Gure kultura ereduek ere mendekatzen diren emazteak erakusten dituzte (Promising young woman, Jennifer’s Body, Thelma eta Louise, Millenium...). Noski, ez dira adibide etikoak. Baina, nire ikuspuntutik, mendekatzen diren emazteen irudi horiek motibazio modelo indartsuak dira. Oroitarazten digute zentzugabekeriak jasaten ditugunok asko garela, eta ez dugula isiltzekorik. Sorkuntza espazio horiek irudimena zabaltzeko, irri egiteko eta gure arazoak deskargatzeko espazio idealak dira, eremu legal batean.
Baina batzuek alderantzizkoa azpimarratuko dute: errebantxaren apologia ez da eredugarria eta, gai horiek baloratuz, neskei, mutikoei irakasten diegun bezala, tresna sexistak baloratzen erakusten diegu. Patriarkatuak zabaltzen duen ideologia bortitza transmititzen dugu.
Biktima izatea ez da isilik egotea eta kolpeak jasotzea pasibotasunean. Besteen indarkeriak gure biolentzia gogoa pizten ahal du eta ez gara txikituko, ez gara lotsatuko. Justiziak ez gaitu babesten baina geure buruarekin justizia egiten dugula amestea zilegi da.
Ez naiz horrekin ados. Amengioaren fantasia, beste guztiak bezala, ez da baitezpada birsortua izateko egina. Batzuek beren amets sexualak absolutuki bizi nahi baldin badituzte, iruditzen zait gure irudimenari lotutako ezaugarriak direla: gure gutiziak maiz estremoak izan daitezke eta oso ongi daude gure buru barnean. Denok gure asmakeria sexualak burutzen bagenitu, krimen eta trauma kopurua zartatuko litzateke. Aldiz, mendeku fantasiak aipatzea, marraztea, partekatzea, idaztea, filmatzea, amorala izaten ahal baldin bada ere, garrantzitsua da. Bai, garrantzitsua. Partekatzeko ateak irekitzen dituelako. Haserrea ez da emozio negatiboa bakarrik. Entzun behar dugun eta babesten gaituen sentsazioa da. Gure haserrea sanoa da, nahiz eta jendarteak alderantzizkoa pentsarazten duen. Biktima izatea ez da isilik egotea eta kolpeak jasotzea pasibotasunean. Besteen indarkeriak gure biolentzia gogoa pizten ahal du eta ez gara txikituko, ez gara lotsatuko. Justiziak ez gaitu babesten baina geure buruarekin justizia egiten dugula amestea zilegi da. Mekanismo honek ez ditu nire frustrazioak elikatzen, alderantziz: jendarte injustu batek egiten ez duen lana konpontzen saiatzen da.
Gizonek bortizkeria hutsa irudikatzen eta partekatzen dutelarik American Psycho, A Clockwork Orange, Natural Born Killer bezalako filmetan, maiz, nahiz eta gustu ona eta etikari buruz eztabaida sortzen duten, maisulanak bezala ikusiak dira. Beraz, indarkeria garbiaren ameskeria estetikoa bilakatzen ahal baldin bada, zergatik mendekuarena problematikoagoa izango litzateke? Biolentzia emazteen —edo pertsona estigmatizatuen— eskuetatik etortzen delarik onartezina delako? Erasotuok ez dugu gure hitza emateko baimenik. Ixil-ixilak, ahulak, traumatizatuak, uxo zuri batzuk izan behar garelako.
Gure fantasia boterea dutenak eta lehertzen gaituztenak umiliatzea da. Haien fantasia gu mintzea da. Gure beldurra haien bortizkeria da; haiena, gu entzunak izatea. Baldintza horietan, neure buruari zapaltzaileei ez barkatzeko eskubidea eman diot.

