Ikertzailea, Nabarraldeko kidea

Bostehun urte: izuaren zabalkundea Nafarroan

2025eko maiatzaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bostehun urte joan dira aurten Euskal Herriko sorginen lehen jazarpen masiboetako bat egin zenetik, Nafarroako Erresuma konkistatu berrian: 1525. urtean. Durangokoa kontsidera daiteke lehendabizikoa, bi hamarkada lehenago jazoa. Mendeurrenaren harira, Nabarralde elkarteak gaiaren gaineko erakusketa ibiltaria egin du, eta topaketa antolatu apirilean Astigarragan, gaia eguneratu, haren berri zabaldu eta hari buruzko gogoeta egiteko. Hizlariek ekarpen interesgarriak egin zituzten, iritziak kontrastatu, eta argi pixka bat ekarri sorgin ehizari buruzko ideia gurutzatuen matazara. 

1512an, Fernando II.a Katolikoaren espainiar koroak Nafarroa gehiena okupatu ondotik, Nafarroak barne errepresio bati ekin zion. Zapalkuntza peto-petoa zen: estatuaren kontrako delituak zabaldu ziren han eta hemen, lesa maiestate zigorrak (terrorismoa!). Bereziki astindu zituen nafar errege-erreginek babes gehien zituzten tokiak, hala nola Erronkaribar. 1525ean, Auritzen hasi ziren exekuzioak, Baxenabarreko orduko frontearen erretagoardian.  

Herritarrei, oro har, zuzendu zitzaien errepresioa: heriotza, espetxea, erbestea, ondasunak galtzea, lan-esku behartua. Halaber, konkistaren epelean, desagerrarazi egin ziren ordu arteko jabetzen eta karguen izendapen tituluak. Hasteko, okupatzaileek eta kolaboratzaileek disidentziako pertsonak begiz jo zituzten, edo, besterik gabe, pertsona deserosoak. 1525ean, Joan Navarro izan zen lehenengoetako biktima bat, Petri mariskal nafarraren laguntzailea. Hala izanik ere, okupatzaileek ideologia patriarkal zakarra zekarten, eta emakumeek jasan zuten zigorraren txarrena, bereziki alargunek.

Hil berri zaigu Frantzisko aita santua, gizatalde baztertuen alde agertu duen jarreragatik goretsia. 1513ko otsailean, berriz, Julio II.a zegoen aita santu eta, hil hurren edo hilik zela, nafarren kontrako bulda eman zuen (Exigit contumacium), Erromako espainiar mandatariek prestatua. Buldak eskumikatu egiten zituen errege-erregina legitimoekin bat egiten zuten nafarrak, agintari horiek Satanen ministro zirelakoan. Ez doa oharkabean: 1609-1611ko sorgin ehizan, bolo-bolo ibili zen sekta satanikoaren leloa, De Lancre Frantziako estatu kontseiluko kidearen eta, are, Bertrand Etxautz Baionako apezpikuaren ahotan. Morala zena politikoa ere bazen, eta alderantziz. 

Ongi zekien hori espainiar Inkisizioak, eta lanari lotu zitzaion berehala. 1512ko okupazioaren lorratzean, Inkisizioa Iruñean finkatu zen, baina hurrengo urteetan, herritarren etsaigoa ikusirik, gero eta gehiago lerratu zen Erresumaren periferiara. 1521eko nafar-frantses espedizioaren birkonkista ahaleginaren ondotik, Inkisizioak Nafarroaren Ebroko marran jarri zuen egoitza, Erresumatik at, Calahorran. Inkisizioak ez zuen diziplinazio lan makala egiteko, kolonizazioa herritarren barren-barreneraino heldu behar zen, heziketaz eta izuz. 

Gaztelarrek buru-belarri heldu zioten nafar eliza kolonizatzeari, Jose Goñi Gaztanbide Elizaren ikertzaile nafarrak adierazi zuen bezala. Biziki argigarria zaigu Gasparo Contarini veneziar enbaxadorearen urte hauetako komentarioa: Nafarroan «unibertsalki gorroto dituzte espainiarrak, beren errege naturala nahi dute». Ordena arrotz berriak beharrezkoa zuen sorgin ehiza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.