Bere indarra zein handia den gogoratu behar du indartsuak, indartsua izaten segitu nahi badu. Maiz, nahikoa da begirada bat, nahikoa da mehatxua, indartsua zein den ahatz ez dezagun. Gaur egungo gure harreman sistemaren oinarrizko zutabea da indarraren erabilera, boterea mantentzeko bide omnipresentea. Azkar ikasten du indartsuak nola jokatu behar duen, ez du irakasleen beharrik horretarako. Otzanak ere botereduna interpretatzen ikasiko du indarkeria saihestuko badu, bederen. Azkar ikasiko du otzanak non dauden mugak eta nola jokatu behar duen boteredunaren haserrea ez pizteko. Gizarte sistema honek horrelako harremanak lehenesten ditu, eta horiek baldintzatzen gaituzte txiki-txikitatik.
Estatuek berdin jokatzen dute. Menderatu nahi dituzten herritarrei botaren usaina eta kolorea gertutik erakusteko beharra sentitzen dute. Ateak kolpeka hausten dituzten botak, bide ertzetan umiliazioa bilatzen duten botak, eskuak atzean lotuta, burua makurtuta daukazula ikusten diren botak ateratzen dituzte Estatuek zein indartsuak diren ahatz ez dezagun, marrak gainditu ez ditzagun, otzan gaitezen, beste behin. Historia ikusi besterik ez dago botak sor dezakeen izua zer-nolakoa den jakin dezagun.
Hamar urte dira jada Espainiako Estatuak Euskaldunon Egunkaria eraistera botak bidali zituela. Harrokeria jasanezina iritsi zen uholdeka auto blindatuetan. Emozioek, berriek eta goizeko hotzak dardararazi gintuzten. Nora ezean, oraindik ametsetan bageunde bezala, sinetsi ezinez, horrela gogoratzen ditut goiz hartako lehen orduak, lankideak, lagunak, bultzaka, burumakur botei begira, izuaren izua ezagutzera zeramatzatela. Antzezpen krudel hartako mezua guretzat zen, ordea, ikusle harrituak ginen euskaltzale guztiontzat. Estatu faxistek horrela hitz egiten diete herritarrei, horrela jakinarazten diete nork agintzen duen. Mezua guretzat zen, bai: ez duzue zuen hizkuntza normalizatuko, ez duzue Euskal Herria euskaldunduko. Egunkaria, AEK, Ikastolak, Martin Ugalde kultur parkea, Jakin... garbi zegoen mezua, garbi ulertu genuen. Are garbiago, lagunak Estatuaren atzaparretatik leher eginda ateratzen ikusi genituenean. Botaren krudelkeria gertutik ezagutzeak sortzen dituen aurpegi desitxuratu horiek ditugu oraindik ere, gure gogoan onartuaren marra zeharkatzen ausart ez gaitezen. Zer ahulak garen gogoratzeko kolpe latza eman ziguten.
Nola lan egin behar da tamaina horretako erasoak egiten eta txalotzen dituztenekin adostasuna lortzeko? Zer diskurtso gozo, erakargarri eta sedukzioz beteriko erabili behar dugu bota biguntzeko? Nola erakarri gure eskubideak etengabe ukatuak izan daitezen lan politikoa egiten duten horiek edo epelkerian murgilduta botarekin kolaboratzea erabaki duten horiek? Sistemak otzan nahi gaitu, haiek sortutako itxituran ustezko askatasunez mugitzen diren herritar otzanak nahi ditu sistemak. Horregatik da Egunkaria auzia auzi politikoa. Egunkaria auziaren xedeak boterea nork duen gogoratzea eta Euskal Herria euskalduntzeko xede legitimoa ez dela lortuko jakinaraztea dira. Mezua gure oroimenean dugu oraindik, hamar urte ez baita epe luzeegia gertatutakoa ahazteko.
Gertaera horien ondotik bi bide ditugu: Estatuaren itxituran sartu ardien zorionean bizitzeko, botaren itzalpean babesturik, gure hizkuntzaren prestigioaz, erakarmenaz, egoeraz, diskurtsoaz eta abarrez hitz egiten segitzeko euskararen normalizazioa gure eskuetan dagoela pentsatuz edo behingoz mugak hautsi. Berandu baino lehen onartu behar dugu euskara normalizaziora eramango duen hizkuntza-politika burujabea behar dela, kanpo esku-hartzerik gabea, alegia. Gu gara nor, eta ez beste inor, herri honetan gure hizkuntza nola normalizatu nahi dugun erabakitzeko. Guri dagokigu, eta ez beste inori, erabakitzea zein den estatus egokia, zer eta nola ikasi behar den gure eskoletan. Baina, horretarako, indarra metatu behar dugu, batera jokatzeak eskain diezagukeen boterea eskuratu behar dugu eta erabili. Egunkaria auziak eskaini digun ikasgairik garrantzitsuena da batera jokatuz, mugimendu sendo eta antolatu baten gisan jokatuz soilik meta dezakegula Estatuak ezartzen dizkigun baldintzak gainditzeko behar dugun boterea eta indarra. Gure etorkizuna mugimendu bezala denak batera jokatzeko dugun gaitasunarekin estuki erlazionatuta dago. Erabakia gurea da.
Nola jokatuko dugun erabaki bitartean, Espainiako Estatuak gure hizkuntzaren normalizazio prozesua baldintzatzen segitzen du Egunkaria-ren itxieraren maila bereko erasoak eginez. Oraingoan, gure Hezkuntza Sisteman euskarak zer trataera izan behar duen Madrildik eta lege bitartez ezarri nahian euskaldunak espainolizatzearen ageriko helburua argudiatuz. Ez da otzanen garaia.
Botaren indarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu