Euskaltzalea

Botere soziolinguistikoa

Joxe Manuel Odriozola Lizarribar
2026ko urtarrilaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hizkuntza baten erabilera botere soziolinguistikoaren araberakoa dela diogunean zer esan nahi dugu zehazki? Ez daukagu zalantzarik hizkuntza erabilera guztien oinarrian nolabaiteko botere soziolinguistikoa dagoela. Baita munduko mintzairarik baztertuenaren kasuan ere. Munduan iraungiarazten ari diren milaka hizkuntzen atzean ere badago nolabaiteko erresistentzia hondar bat.

Boterea, azken batean, gizarte harremanetan hezurmamitzen den fenomeno soziala bada, botere soziala beti dago presente giza eta gizarte bizitzan. Botereak erabakimena du, botererik ezak ezintasuna. Botereak eraiki egiten du, eta eraitsi eta desegin ere bai, jakina. Ezin da ukatu elkarreraginean dauden izaki sozialen arteko boterezko harremanen existentzia. Zapaltzailerik gabe ez legoke zapaldurik; eta alderantziz, beste horrenbeste. Bortxarik gabeko gizartea imajinatzea litekeena omen da, baina botere harremanik gabekoa ez.

Uste izatekoa denez, hizkuntzaren erabilera errazten edo eragozten duten mekanismoen artean hierarkia soziala dago. Hierarkia horren ondorioz, munduko hizkuntza bakan batzuk hegemonistak dira, eta gehien-gehienek, aldiz, ez dute bizirauteko ahalik. Hori horrela gertatzearen azalpen bat hau izan daiteke: munduan dauden berrehun bat estatu nazionalen botere soziolinguistiko hegemonikoa eta milaka komunitate etnonazional zokoratuen mintzaira ahulduak ez direla bateragarriak. Boteretsuak botererik gabea irentsi egiten du; azkenean, ordezkatu eta hil.

Estatua izan ohi da eskuarki eskala nazionalean botere mota guztien arteko harremanak artikulatzen eta arautzen dituen erakundea. Orain globalizazioari egozten diogu batez ere hizkuntza minorizatuen patu gaiztoa, baina patu hori ebatzia zegoen aurretik ere estatu nazional gehienen supremazismo linguistikoa tarteko. Alde horretatik, oso adierazgarria da estatu nazional demokratikoen nazionalismo linguistiko koloniala gutxiesteko daukagun joera. Aztertzekoa litzateke inperialismoaren eta kolonialismoaren ezpaleko historiarik ez duten estatu plurinazional batzuk ere zergatik bihurtu diren linguizidak. Munduko hizkuntza gehienak galbidean jarri dituztenak ez baitira soilik estatu inperialistak.

Hizkuntzen bilakaera soziala botere soziolinguistikoan oinarritzen dela esatea, ordea, ez da aski. Harreman soziolinguistikoen materialtasuna zertan den ez dakigun bitartean, gandu soziolinguistikoak bizi gaitu. Esan gabe doa botere soziolinguistikoaren gauzapenean era guztietako gizarte indarrek hartzen dutela esku. Gauzapen horiek ez dira sinbolikoak bakarrik, ez dira subjektiboak eta psikologikoak soilik, ez dira hiztunen arteko hartu-emanen kontu hutsak. Are gehiago, botere soziolinguistikoa ez da giza fenomenoa besterik gabe, oroz gain gizarte fenomenoa da; hizkuntza, muinean, fenomeno soziala delako. Beste edozein gatazka soziopolitiko bezain materialak dira hizkuntza politiken arteko borrokan dauden interes objektiboak.

Egiturazko botere materialaren politikak zurkaizten edo iraungiarazten ditu hizkuntzak. Egiturazko botere materialaren eragin-indarrak —militarra, politikoa, ekonomikoa, juridikoa, ideologikoa— aldian aldiko eta lekuan lekuko baldintza soziolinguistikoen harremanetan hezurmamitzen dira. Botere estatal nazionalaren eragile guztiak daude inplikatuak aldez edo moldez botere soziolinguistikoaren hezurmamitze-lanetan. Demagun, botere kulturala: botere hau oinarrizkoa da botere soziolinguistikoaren gauzapenean, baina kultura-egitura ez hegemonikoek —literatura, musika, zinema, bertsolaritza…— ezer gutxi egin dezakete botere politiko gordinaren oihanean. Botere legal formal soilak ere ez du askotarako balio, ez da eraginkorra; D ereduaren ezintasuna da horren lekuko.

Euskararen etorkizuna, zenbaitek besterik uste badu ere, ez dago euskaltzaleen esku nagusiki, hizkuntza baten etorkizuna ez dagoelako inoiz hiztunen nahikunde hutsaren esku. Euskararen etorkizuna botere soziolinguistiko euskaltzalearen esku dago. Botere soziolinguistikoaren kontzeptua, izan ere, ez dator bat norbanakoaren errealitate soziolinguistiko mikroarekin, komunitate edo gizatalde baten errealitate makroarekin baizik.

Asmo onekoak izango dira euskararen aldeko ekimen oro, euskaldunen hobe beharrez egindakoak, baina denboraren joanak gauzak bere lekuan ipintzen ditu. Euskal botere soziolinguistiko material askirik ezean, hau da, euskararen erabilera esparru, erakunde eta egitura hegemoniko batzuetan ezarri gabe, euskaldunaren ezina eta inpotentzia areagotu egiten da. Euskararen auzian zeharo barneratuta daukagu nahi eta ezinaren sentipen etsigarria, eta hori erdal asimilazio nazional espainolaren eta frantsesaren aurrean amore eman izanaren emaitza izan daiteke. Hizkuntza ordezkapena, izan ere, ez da nazio asimilazio kolonialaren ondorio zuzena baizik.

Euskaldunon hizkuntza leialtasuna dela eta, ohar bat. Oraindik orain egindako ikerketa soziolinguistiko baten argitan, salbuespenak salbuespen, euskaldunaren hizkuntza praxia koherentea baldin bada eta aukera duen guztietan euskara baldin badarabil, zergatik eskatzen zaigu orain euskaldunoi euskaltzale izateko? Bagara ala ez gara euskaltzaleak euskaldunok? Baldin bagara, salbatuak gaudela dirudi, euskararen etorkizuna euskaltzaleen esku baldin badago, eta ez botere soziolinguistikoaren esku.

Amaitze aldera: herri hau ez da euskararen herria gaur egun, ez da Euskal Herria: «Erri bat izan zan», agertzen da Orexako olerkariaren lan batean. Euskal Herriaren euskal izaera hori suntsitu arteko onik ez dute izan Espainiak eta Frantziak. Ideologia kolonial guztien asmoa berbera baita: izandakoa ezabatzea. Historia ezabatzea. Gure kasuan, Euskararen Herria erauztea eta erraustea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA