Boterearen jokoa, aurkikuntza eta elkarlana

2016ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Gandhik zioen bezala: «Zaindu zure pentsamenduak, ekintzak bihurtuko baitira; zaindu zure ekintzak, ohiturak bilakatuko baitira; zaindu zure ohiturak, zure izaera osatuko baitute; zaindu zure izaera, patuan eragingo baitu; eta patua zure bizitza izanen da». Baina... Nola jokatu ohi dugu benetan? Ohartzen al gara aldiro inguruan uzten dugun aztarnaz? Edo nahiago izaten dugu ezkutuan gorde abusua edota utzikeria adierazten dituzten jokaerak? Batzuetan zaila suertatzen da gure jarreraz arduratzea, are gehiago ingurukoak ez badira euren buruaren erantzule. Hala eta guztiz ere, asaldatutako mundu honetan, beharrezkoa dugu gure gain ahalegina egitea fokua ohitura propioetan jarriz, norberaren jarrerak hobetzeari begira eta orokorrean bizikidetza sustatzearren.

Helena Corneliusek eta Shoshana Fairek Zu irabazle, ni irabazle: gatazkak sormenez ebatziz liburuan, biziatutako dinamika propioak berrikusteko funtsezko hainbat gako erakusten dizkigute.

Lehenik, autoreek hausnarketarako hainbat galdera proposatzen dute: zure ustez, zer da boterea? Nolako garrantzia dauka zure bizitzan? Noren aurrean sentitzen zara indartsu? Noren aurrean sentitzen zara indargabetua? Nork ezartzen du boterea zure gain?

Bigarrenik, argi azaltzen dute eurek izendatutako «boterearen jokoaren hirukia». Sarriegi, pertsonok botere jokoetan erortzeko joera izaten dugu, erabat indargabetuak ala norbaiten gainetik gaudela sentitu arte. Dinamika horren barruan funtsezko hiru rol identifikatu dituzte: 1) jazarlea, 2) biktima eta 3) salbatzailea. Gezurra badirudi ere, jazarlearen eta biktimaren iturburua, helburua eta medioak berak dira, eta txanponaren bi aldeak osatzen dituzte: jazarleak biktimari eskaintzen dio hark bilatzen duena (ordainsariak: sinpatia, onarpena eta laguntza). Trukean, biktimak jazarleari hark nahi duena eskaintzen dio, hots, obedientzia. Biktimak obeditzeari uko eginez gero, orduan jazarleak bere zigorren eta mehatxuen makineria martxan jartzen du. Bi rolen iturburua ere komuna da: beldurra. Jazarlea boterea galtzearen beldur da, horren bitartez ziurgabetasuna ekiditen baitu, eta biktima, gutxiegi sentitzen denez, arazo bat ebazteko aurre egin behar zaien arriskuen beldur da, eta etsikor jokatzen du. Bistan denez, sufritzen duten egiazko biktimek zaintza, laguntza eta sinpatiaren beharra dute, jakina... haiek haiengatik berengatik baliatu ahal izan arte. Horixe da, hain zuzen ere, hirugarren rolak (salbatzaileak) onartu nahi ez duena. Jazarlearen antzeko jokoa egiten du berak. Bere egoa handitzeko, besteek bera behar dutela sentitu nahi du, eta biktimaren rola indartzen laguntzen du. Batzuk bere rolaren menpeko bihurtzen dira eta behin eta berriz gatazketatik elikatzen dira, biktimaz biktima «salto» eginez. Batzuetan, dramak biolentzia fisikoa dakar; beste batzuetan, ordea, gorrotoa intimitatean, disimuluz eta modu «finean» adierazten da.

Hirugarrenik, Cornelius eta Fairek bi kontzeptu garrantzitsu ezberdintzen dituzte: «eragina» eta «manipulazioa». Lehenengoa komunikaziorako beharrezkotzat hartzen dute, elkarlana eta adostasuna lortu ahal izateko ezinbestekoa. Aldiz, «manipulazioak» iruzurra, esplotazioa eta umiliazioa dakartza. Harreman manipulatzaileetan: 1) emaitza, gehienetan, manipulatzen duenaren aldekoa izaten da, 2) emaitza, askotan, bestearen kalterako izaten da, 3) argudioa sostengatzen ez duen informazioa ezkutatzen da, eta 4) beste pertsona ez da erabakitzeko librea. «Eraginak» ordea, bestelako jokalekua dakar: 1) emaitzak eragilearengan eragin zuzena izan dezake ala ez, 2) beste pertsonaren borondatea aintzat hartzen da, 3) gehienetan informazio osoa ematen da, eta 4) besteak erabakitzeko askatasuna dauka.

Laugarrenik, barne indarrean oinarritutako benetako boterearen ezaugarriak azpimarratu dituzte: bilatutako ondorioak sortzeko gaitasuna da, besteentzat baliagarria den zerbait sortzeko gaitasuna, norberaren bizitzaren norabidea aldatzeko gaitasuna, pertzepzio propioak eraldatzeko eta gauzak gure alde (ez kontra) jartzeko gaitasuna. Benetako boterea partekatu egiten da, ez da inposatzen... Gizakion beharrak definitzeko eta asetzeko gaitasuna da (bai behar propioak, baita ingurukoenak ere).

Eta azkenik, autoreek boterearen jokoaren hirukia aurkikuntzaren hirukian eraldatzeko garrantzia azpimarratzen dute. Behin boterearen jokoan dugun erantzukizuna onartuta, rolak lanabes positiboak bihur ditzakegu... orduan: 1) jazarlea irakasle bihurtzen da, 2) biktima ikasle eta 3) salbatzailea bitartekari. Sormenaren bitartez eta aukera berriei toki eginez, atzean utz daitezke jazarlearen nagusitasuna, biktimaren inpotentzia eta salbatzailearen beharrezkoa izateko konpultsioa. Irakasleak bere iritzia azalduko du, mehatxuak alde batera utziz, biktima ez du erruduntzat joko, erremina bazter batean utzi eta besteen iritziak errespetatuko ditu. Ikasleak egoerarik zailenetatik ere ikasteko aukera aurkituko du eta bere kabuz baliatzeko ahalmen hazkorra ospatuko du. Auto-laguntzaren aldeko pauso bakoitzak inpotentziatik boterera eramango du, eta ikaslea aurkitzaile eta esploratzaile bihurtu. Bitartekariak, bere aldetik, pertsonak animatuko ditu euren arteko desadostasunak garaitu ditzaten, egoera orokorra behatu, eta zenbaterainoko laguntza egokia den (ala ez) eskaintzea baloratuko du, norberaren garapen prozesua eta autonomia errespetatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.