Botila zulatua

Inazio Agirre Arregi
2013ko abenduaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Frantzia eta Espainia estatu gisa egituratzearen biktima da euskara. Eta biktima orori egia, justizia eta erreparazioa zor zaizkio. Aldi historiko berri batean gaude, eta garai berri hau baliatu behar dugu oinarri berriak jartzeko. Euskal Herriari inposatzen zaion hizkuntz borroka bukatzeko eta euskararen normalizazio osoa bideratzeko, euskaldun eleanitzez osatutako Euskal Herri euskalduna berrezartzeko.

Euskal Herri euskaldunaren garapen osoa bi estatu handien mehatxupean da. Euskara frankismoan debekatua izatetik, legeztatua eta sustatua izatera igaro da, Euskal Herriko zenbait lurraldetan. Aldaketa handia, noski, baina egoerak defizit asko ditu: euskara desagerrarazi eta minorizatu duen prozesuaren memoria ofizialik ez da; estatuek ez dituzte kalte ordainak kitatu —alderantziz, erasoan jarraitzen dute (Lomce legea, Seaskako ikastolei jarritako debekuak, zonifikazioa eta kriminalizazioa Nafarroan—; hizkuntz eta kultur asimilazioak darrai.

Estatuek egiten duten hizkuntzen arteko hierarkizatzea ez da onargarria. Euskaldunak bigarren mailakoak gara. Ezin dugu euskaraz egin nonahi eta noiznahi. Arrotzak gara gure herrian. EAEn ere. Gure eskubideak sistematikoki urratzen dira. Ez ditugu madrildarrek Espainian, paristarrek Frantzian edo berlindarrek Alemanian dituzten hizkuntz eskubideak. Oso urrun gaude.

Pertsonak, hizkuntzak eta herriak berdinak gara duintasunean, eta, ondorioz, tratamendu berdina eskatzen dugu: Euskal Herri osoan, espainierak eta frantsesak, bakoitzak bere estatuan duten berdintasunezko estatusa eta parekotasunezko egoera lortzea, maila juridikoan, politikoan eta soziolinguistikoan. Hori baita modu bakarra, guri dagokigunez behintzat, Euskal Herri euskaldun bat, Europako kultur aniztasuna eta europarren berdintasuna bermatzeko. Denon onurako eta inoren kalterako.

«Mundu zabalean eredu da EAEko euskararen biziberritze prozesua», dio Jaurlaritzak. Baina eredu hori nabarmenki hobegarria da. Besteren artean, aipa daitezke Quebec, Flandria, Israel. Konparazioak gorrotagarriak omen dira. Herri horietan, ordea, Euskal Herrian ez bezala, normalizazio politika ez da hiritar bakoitzaren gain bakarrik utzi; ez da elebitasunezkoa izan; ez borondate hutsezko; ez dute elebitasun sozialaren mitoa erabili berezko elebakartasun sozialaren helburuaren kontra; eta irakaskuntza sistemak ikasle guztiei gaitasuna ez ezik, beren hizkuntzan bizitzeko gogoa ere bermatu dizkie.

Eredu horietan, gobernuen jarduera arautzailea eta suspertzailea eraginkorra izan da hizkuntza beharrezko bihurtzeraino. EAEko ereduari borondatea, eskumenak eta lurraldetasuna falta zaizkio.

Ez ditut hil kanpaiak jo nahi, ezta hizkuntz politikaren lorpenak gutxietsi ere, are gutxiago herri ekimenaren ekarriak mespretxatu; baina gure hizkuntz komunitateak gaitz larria du, neurri aringarriekin konpontzen ez dena.

Gutxiengo baten hizkuntza da gurea: 800.000 euskaldun, Euskal Herriko biztanleria osoaren heren bat, denak espainieraz eta frantseseraz erdaldunduak; denok elkar ulertzen dugu erdaraz, baina ez euskaraz; eta egiturazko joera negatibo horrek, (7 euskaldun + erdaldun 1 = 8 erdaldun) egoera ezaguna eragiten du uneoro, euskararen kaltetan. Hau da, etengabe desagerrarazten du euskara geure bizitza sozialetik.

UNESCOk adierazi du euskararen hizkuntz komunitatea «ahula» dela. Eta datuek hori frogatzen dute. Kale erabileraren VI. neurketaren arabera, euskal herritarren erdia bizi den hiriburuetan, Bilbo Handian, Gasteizen eta Iruñean, euskararen erabilera %3 ingurukoa da, eta espainierarena %90ekoa. Euskararen kale erabilera ez da hazi azken hamabost urtean, eta %13 eta %14 artean goia jo du. EUSTATen datu ofizialak aztertuta, euskaldunen proportzioak EAEn, bi hamarrenetan behera egin du 2006 -2011ko epealdian: %37,4 zen, 2006. urtean; eta %37,2 da 2011n.

Xabier Isasik egindako azterketaren arabera, EAEko udalerri euskaldunenak kontuan hartzen baditugu, euskaldunen proportzioa 91 udalerrik galdu dute. Horien artean, adibide modura, Tolosaldean 21 udalerri hauek daude: Abaltzizketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amezketa, Asteasu, Baliarrain, Belauntza, Berastegi, Bidegoian, Elduain, Gaztelu, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu, Lizartza, Orendain, Orexa.

Euskara galtze prozesu baten atarian egon daiteke. Erabilerak gora egin dezan baldintzak aldatu behar dira: hiztun kopurua handitu, hiztunei euskara erabiltzeko aukera gehiago eman, euskaraz bizitzeko nahia sustatu, eta jokaleku berria sortu. Herri gisa diagnostiko orekatua partekatzea ezinbestekoa da. Gero eta jende gehiagokargi du botila erdi betearen edo erdi hutsaren planteamenduak ez duela zentzurik. Botila zulatua dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.