BPGaren aurreikuspenek ez gaitzatela despistatu: krisia ez dago gaindituta

2017ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Aurpegi aurrean 2007an leherrarazi zitzaigun krisia gainditzeko bidean gaudela sinetsarazi nahi digute nazioarteko politika globalaren arduradun nagusiek. Troikaren zutabe diren Europako Batzordea (EB) eta Nazioarteko Diru Funtsa (NDF) dabiltza baiezpen hori lau haizeetara zabaldu nahian, horretarako espresuki aukeratu dituzten datu batzuk euskarri.

Horrela,abuztuan, EBk barne produktu gordinaren (BPGaren) hazkundeak azken bost urteetan agertu dituen balio positiboak goretsi eta krisia gainditutzat eman zuen. NDFk, bere aldetik, duela bi asteko agerraldian, ekonomia global eta europarraren hazkundeari buruz zeuzkan aurreikuspen baikorrak gorantz zuzendu ditu, 2017. eta 2018. urteetarako %3,6 eta %3,7ko igoerak aurreikusiz mundu mailan, eta Eurogunearentzat %2,1 eta %1,9koak, hurrenez hurren.

Dena dela, ez dezagun bistatik galdu BPGaren datuek adierazten digutena zer den zehazki: ekonomiaren hazkundea gertatzen ari dela beste urte batzuetako atzeraldiarekin konparatuta. Kontsumoa, inbertsioa eta esportazioak suspertzen ari dira, zenbait faktorek lagundurik: petrolioaren prezioen jaitsiera, interes tasa apalak edota barne debaluazioa (soldata eta zerga politika atzerakoien ondoriozko prezio merkeagotan saltzeko aukerak), esaterako. Zutabe makalak, hirurak ere, erraz aldatu daitezkeenak, horrek lekarzkeen ondorioekin.

Baina BPGaren datu horietatik krisia gainditu dela ondorioztatzera sekulako tartea dago, are gehiago oraindik ere ekonomien egoeraren ahultasuna zein neurritakoa den agerian jartzen duten beste hainbat adierazleen datu kezkagarriak hor dauzkagunean: langabezia eta lan baldintza kaskarren orokortzea, pentsioen, zerbitzu publikoen eta enplegu publikoaren izozte eta neurriz gaineko murrizketak, pobreziaren maila iraunkor eta gehikorrak, gobernu zein enpresen zorpetze maila izugarriak. Denak ere ekonomiaren zaurgarritasun eta sendotasunik eza gogora ekarri eta baikorkeria errazean erortzeko arriskuaz ohartarazten digutenak.

Atzeraldi Handia sistema kapitalista globalaren krisi estruktural sakonago baten lehertze gordintzat hartu genuenontzat, hamar urte pasatu diren honetan ez dago inolako zantzurik krisiaren osagaiak zuzendu eta konpondu direnik pentsatzeko. Horrek eskatzen baitu halabeharrez epe motzeko ikuspegi erredukzionista utzita, sakoneko joerak irauli eta eredu ekonomiko orekatu eta jasangarri baterantz eramango gaituzten eraldaketak egitea.

Hiru esparruk merezi dute gure arreta. Batetik, muga ekologikoak: sistema kapitalistak bere biziraupenerako oinarri duen etengabeko hazkunde ekonomikoaren tesiak eta proposamenek etorkizun beltza daukate, edo bestela halako etorkizuna dakarkigute planetari eta bertako biztanleei. Kontsumo eta produkzio ereduek eta horiekin loturiko eredu energetiko eta baliabideen erabilerekin loturikoak urgentziaz berrikusi eta jasangarritasunaren alderako derrigorrezko mugimenduak exijitu eta inplementatu behar dira.

Bestetik, alor finantzarioa: diruaren truke diru gehiago lortzeko helburua besterik ez duen kasino izaerari utzi eta bere benetako funtzioetara itzularazteko arauketa sendo eta zorrotza egon ezean arrisku potentzial ikaragarria izaten jarraituko duena. Premiazkoa da finantza sistemaren araugintza berrikustea, mugak eta gainbegiratze gogorrak ezarriz banku sistemaz harago berrikuntza finantzarioaren eskutik etengabe garatzen diren erakunde eta produktu berri eta deskontrolatuei ere.

Hirugarrenik, pertsonen bizi mailari dagokion esparrua daukagu. Atzeraldi Handia hasi zenetik errenta eta aberastasunaren banaketa disparekoa areagotu besterik ez da egin. Zalantza barik, krisitik ateratzeko errezeta ofizialak izan diren soldaten gaineko erasoak eta austeritate politikak eta zerga-erreforma atzerakoiak zerikusi handia izan dute eboluzio negatibo horretan.

Egoera horrek ondorio larriak eragiten ditu bilakaera ekonomikoan, kontsumoa uzkurtu eta eskari errealaren ibilera egonkorra oztopatuz, inbertsio produktiborako pizgarriak suertatzen baitira kaltetuak; aldi berean esku gutxitan metatutako mozkin eskergei etekin handiagoak ziurtatu nahiak sistema finantzario globalaren hipertrofia elikatzen jarraitzen duten interesak bultzatuz.

Edozelan ere, nabarmenagoak dira disparekotasun gehikor horien ondorio sozial eta humanoak, pobreziaren fenomenoaren hedatze jarraituak agerian jartzen dituena; eta bizimodu kolektibo egonkor eta lasai baterako osagai oinarrizkoa den gizarte kohesioa kaltetu eta kolokan jarriz.

Bidegabeko joera horri buelta ematen hasteko, diru-sarreren banaketa baldintzatzen duten bi esparrutan eragin behar da: bat, errentaren banakuntza primarioaren eremuan, hots, produkzio prozesuan sortzen den balioaren distribuzioan, soldatek posizioak berreskuratu eta hobera egin dezaten; eta bi, sektore publikoaren bidezko errentaren birbanakuntzan, baliabideak gehien (gehiegi!) dutenengandik gutxiago (kasu askotan gutxiegi!) dutenenganako trasbasea modu eraginkor eta bidezkoan eginez.

Errentak banatu behar dira pertsona orok bizitzeko behar dituen baliabide materialak arazo barik eskuratzeko ziurtasuna emango duen modu batean, denon parte-hartzearekin, bai egin beharreko lanean eta ondorioz baita haren fruituen esleipenean ere; enplegua bai baina ordaindu gabeko lana eta denborak ere banatzeko formula ausart eta berrien bitartez. Azken finean, krisitik ateratzea ekonomia pertsonen zerbitzura jartzea izan behar duelako, bizitzea merezi duten bizitzak helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.