Burujabetza(k): zer lehenetsi nahi dugu?

Elise Dilet eta Nicolas Goñi
2023ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Herribiltzak BERRIA egunkarian argitaratu berri du Euskal Herriaburujabe: gure bizi baldintzak berreskuratuz dokumentuari ematen dion erantzuna, Bizik dokumentu hau... 2018an argitaratu zuelarik.Herribiltzaren arabera, «Bizi mugimenduak zentzu faltsua ematen dio burujabe hitzari». Elhuyarren euskara-frantsesa itzulpenean eta Petit Robert hiztegiaren frantsesezko definizioan oinarrituta, Herribiltzak uste du «Euskal Herria burujabe-ren benetako zentzua dela Euskal Herria independente, euskal populua subirano».

Logika horri jarraituz, 1993tik goiti Via Campesinak ezagutarazi duenelikadura-burujabetza kontzeptua elikadura-independentziara murriztuko litzateke? Zentzugabekeria aski larria izanen litzateke: populazio, estatu edo estatu-talde bakoitzarentzat beren elikadura ekoizteko baliabideak autonomia osoz plantan ezartzeko eskubidearen onarpenean oinarritzen da elikadura-burujabetza, eta hori egokienak iruditzen zaizkien laborantza-politiken bidez, eta gainontzeko herrialdeetako biztanleengan eragin negatiborik sortu gabe. Elikadura-burujabetza nozio hori Munduko Merkataritza Antolakundeak (MMA) sustatutako laborantza-merkatuen antolaketaren aurka agertu zen, eta, zoritxarrez, antolaketa hori estatu independente askok plantan ezarri zuten.

Elikadura-burujabetzaren definizio horren ildotik, gure bizien baldintza guzien determinatzaile nagusiak defendatu nahi ditu Bizik, hau da, gaur egun etxebizitzarako, berotzeko, elikatzeko, mugitzeko eta, areago, esanahi kolektiboa duen giza komunitate baten barruan pertsona gisa eraikitzeko behar dugun guzia. Gaur egun denoi eta gure ondoren egonen direnei harrera egin eta elikatzeko gai diren lurraldeak eraiki nahi ditugu. Gure bizien baldintzen berreskuratze horri burujabetza erraten diogu.

Hobe ote litzateke Bizik «bere energia burujabetza instituzionalaren alde» ezarriko balu, Herribiltzak gonbidatu bezala? Bistan denez, bizi dugun errealitatearen alderdi askotatik, kanpoko hiriburu batean botereen zentralizatzea eta kontzentratzea ez da, noski, gure bizien baldintzak defendatzeko, gure burujabetza defendatzeko irtenbiderik onena. Baina, zintzoki, ez dago arrazoirik pentsatzeko Euskal Herria bezalako lurralde ttipiagoen subiranotasun instituzionala a priori hobea izango denik. Hogei urteren buruan erran ahalko ote dugu gure energia ongi erabilia izanen dugula Euskal Herriaren independentzia lortzeko gastatu badugu, estatu berri hau paradisu fiskala baldin bada, bertan inor ez bada euskaraz mintzatzen, haren laborantza iraungaitza baldin bada eta oraindik ez baditu populazioaren laurdenaren beharrak ere asetzen, petrolioaren mende jarraitzen badu, haren kultura guziz folklorizatua bada, biztanleak hiri barneetatik erabat kanporatu dituzten turisten plazerarentzat, eta abar?

Petit Robert hiztegiaren arabera,estatu hori subiranoa litzateke. EzBiziren arabera. Baina horrek, bistan dena, ez du erran nahi burujabetza instituzionala guretzat egokia ez denik. Elikadura, energia, kultura eta abarren burujabetza proiektua kolektiboki definitzen badugu, behar faltsuetatik askatzean eta ingurumen-iraunkortasunean oinarriturik, tamalgarria izanen litzateke proiektu hori gorpuzten ahalko lukeen erakunde politikorik ez sortzea. Adibidez, Iparraldeko errealitate ekonomiko eta kulturalarekin bateraezina den laborantza-ereduarengandik emantzipazioaren alde diharduen Laborantza Ganbera bezalakoa.

Bizik subiranotasunari buruz dituen ikuspuntu horiek Telesforo Monzon Fundazioak 2020an argitaratutako Subiranismoa eta Burujabetzak artikuluan zehazten dira. Eraberean, azaltzen dugu ezen, Europan, mugimendu subirano deritzenek,eskuinekoek nahiz ezkerrekoek, beheranzko logika bertikal bera dutela, zeinaren arabera erabaki politikoak—eta, azken batean, biztanleei ezarriko zaizkien neurriak— burujabetza instituzionalari buruz duten ikuskeratik eratortzen baitira. Bizik, aldiz,goranzko logika bertikala lehenesten du: gure bizien baldintzen defentsan oinarritu behar dira erakunde aldarrikapenak.

Horregatik, abertzale eta ez-abertzale direnek elkarrekin Euskal Herrirako lurralde jasangarri eta bidezko proiektu bera zehaztu dezaten lanean ari da Bizi. Independentistek gehiengo soziala beren proiektu instituzionalaren atzean biltzeko aukera izan nahi badute, interes handia dute horretan laguntzeko! Baionan urriaren 7an eta 8an antolatuko den Euskal Herri Burujabe 2023 ekitaldian, Bizi taldeak 2018ko dokumentuaren bertsio eguneratua aurkeztuko du, Euskal Herri burujabe, iraunkor eta solidariorantz egiteko metamorfosi ekologiko etasoziala bizkortzeko proposamenekin. Proposamen hori helburu horiek partekatzen dituzten guzien ekarpenekin aberasteko esperantza dugu. Baionan elkar ikusiko dugu laster!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.