Gipuzkoako SOS Arrazakeria

Ceuta: zer Europa ari gara eraikitzen?

Maitane Arnoso Martinez
2026ko irailaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uda honetan, hondartza hitzak ez du oporrak bakarrik esan nahi izan. Ceutako hondartzan, milaka lagunek asteak eman dituzte muturreko tenperaturak jasaten, baldintza prekarioetan eta ura, higienea edo segurtasuna bezain oinarrizko baliabideetarako sarbiderik gabe.

Errealitate horrek, mugez, harreraz eta itzulketez eztabaidatu aurretik, galdera bat egitera eraman beharko gintuzke: zer gertatzen ari zaigu gizarte gisa, oinarrizko laguntza humanitarioa ere ukatzeko gai garenean?

Maizegi entzun dugu normalizatu beharko ez genukeen mezua: iritsi direnak sobran daudela, eta alde egin behar dutela. Baina diskurtso hori ez da tokikoa soilik; Europa zeharkatzen duen joera baten parte da, migrazio-politiketan kontrolak, segurtasunak eta eusteak gero eta pisu handiagoa hartu baitute.

Ceutak argi erakusten du migrazioa zenbateraino bihurtu den konfrontazio politikorako tresna. Marokok irteeren eta mugaren kontrola presio-mekanismo gisa erabiltzen du Europarekiko harremanetan; Espainian, berriz, etorrerak gobernuaren aurkako munizio politiko bihurtzen dira. Bi kasuetan, migratzen duten pertsonak eskubideen subjektu izatetik beraiek aukeratu ez duten gatazka baten pieza izatera igarotzen dira.

Instrumentalizazio horrek lur emankorra aurkitzen du eskuin muturraren gorakadan eta lehentasun nazionalaren diskurtsoan. Politikak —gobernu aurrerakoiak barne— konpontzen ez dituen benetako arazoez elikatzen da: etxebizitza, prekaritatea, desberdintasuna, zerbitzu publikoen gaineko presioa eta etorkizunarekiko ziurgabetasuna. Behar horiek erantzunik gabe geratzen direnean, errazagoa da ezinegona migratzaileen aurka bideratzea eta, askotan, zaurgarritasun berberak partekatzen dituzten pertsonak elkarren aurka jartzea.

Joera hori argi islatzen da Europako politiketan. 2026ko ekainetik aplikagarria den Migrazioari eta Asiloari buruzko Europako Itun berriak mugako kontrolak eta prozedura azkartuak indartzen ditu, Eurodac-en erabilera eta «hirugarren herrialde segurua» kontzeptua zabaltzen ditu, eta itzulketetarako sistema komun baterantz egiten du aurrera, Batasunetik kanpoko itzulera-zentroak ere aurreikusiz.

Eskuin muturra politikak konpontzen ez dituen benetako arazoez elikatzen da: etxebizitza, prekaritatea, zerbitzu publikoen gaineko presioa eta etorkizunarekiko ziurgabetasuna. Horiek erantzunik gabe geratzen direnean, errazagoa da ezinegona migratzaileen aurka bideratzea

Horri migrazio-kontrola kanpora ateratzea gehitzen zaio. Tunisia, Mauritania edo Egiptorekin egindako akordioek lankidetza eta inbertsioa uztartzen dituzte mugen kudeaketa eta irteerak geldiarazteko finantzaketarekin. Pertsonak Europara iristea eragozteak gero eta pisu handiagoa du inguruko herrialdeekiko harremanetan, eta migrazio-kontrola presio tresna gisa erabil dezaketen gobernuekiko mendekotasuna ere handitzen du.

Horren aurrean, merezi du galdetzea zer esan nahi duen gaur egun europarra izateak. Hamarkadetan europeismoa demokraziarekin eta giza eskubideekin lotu dugu. 2024an Group Processes & Intergroup Relations aldizkarian argitaratu genuen ikerketa batean, ordea, Europarekiko identifikazio handiagoa migratzaileen eta gutxiengoen aurkako neurri murriztaileen babes handiagoarekin lotzen zela erakutsi genuen: kontrol eta zaintza handiagoarekin —bereziki musulmanekiko— eta kanporatzeen babesarekin.

Horrek ez du esan nahi europeismoa berez xenofoboa denik, baizik eta eraikitzen dugun Europaren ideiak axola duela: eskubide partekatuetan oinarritutako komunitatea, ala iristen direnen aurrean bere ongizatea, segurtasuna eta identitatea babestu behar dituen espazioa. Azken horretan bizirik dirau Europa zuri, tradizio kristauko eta eroso baten irudiak, gure gizarteen aniztasunetik gero eta urrunago.

Ikuspegi horretatik, gorputz jakin batzuk erraz bihurtzen dira mehatxuaren irudi. Ez da kasualitatea Ceutan migrazioa segurtasunik ezarekin, delinkuentziarekin edo sexu-indarkeriarekin lotzea, emakumeen eskubideen defentsa diskurtso arrazializatu eta islamofoboak elikatzeko erabiltzeraino. Ustezko erasotzaileen jatorriak edo erlijioak hartzen dute eztabaidaren erdigunea; kanpoan geratzen dira, ordea, emakume eta neska migratzaileak, haiek ere indarkeriaren eta babesgabetasunaren eraginpean.

Ukrainako esperientziak are ageriago uzten du kontraesan hori. Europak erakutsi zuen, borondate politikoa dagoenean, ostatua, eskolatzea, babesa eta aparteko baliabideak mobilizatzeko gai dela. Elkartasun hura beharrezkoa izan zen eta zer egiteko gai garen erakutsi zuen. Galdera da zergatik ez den hori gure estandarra, eta zergatik aitortzen diren batzuk berehala babesa behar duten errefuxiatu gisa, beste batzuk arazo edo mehatxu gisa aurkezten diren bitartean.

Ez da kasualitatea Ceutan migrazioa delinkuentziarekin edo sexu-indarkeriarekin lotzea. Ustezko erasotzaileen jatorriak edo erlijioak hartzen dute eztabaidaren erdigunea; emakume migratzaileak, ordea, indarkeriaren eta babesgabetasunaren eraginpean geratzen dira

Kontraesan horiek Euskal Herrian ere baditugu, bereziki familia-erreferenterik ez duten gazte migratzaileekin. Benetako arazoak daude plaza, profesional, etxebizitza eta bizikidetzari dagokienez, baina baliabideak urriak izateak ez du esan nahi berriak sortu ezin direnik. Dei-efektuaren beldurrak, hauteskunde kalkuluak eta tokiko alternatiba iraunkorren gabeziak zaildu egiten dituzte laguntza, prestakuntza, etxebizitza eta emantzipaziorako politikak; bitartean, gazte batzuek kalean amaitzen dute.

Ezkerrek ere galdetu beharko liokete beren buruari zergatik ez duten alternatiba argi bat eraikitzea lortu. Ez da nahikoa arrazakeria salatzea edo eskuinaren markoei erantzutea: eskubideak, etxebizitza, enplegua, zerbitzu publikoak eta bizikidetza uztartu behar dira, sektore zaurgarriak elkarren aurka jarri gabe. Arrazakeriaren aurkako borroka eraldaketa sozial horren parte da: bizi-baldintzak hobetzea eta komunitate-loturak sendotzea, jatorri desberdineko pertsonek elkar auzokide gisa aitortu eta arazo zein interes partekatuak dituztela ikus dezaten.

Azken batean, Ceutak Europaren esanahiari buruzko eztabaidaren aurrean jartzen gaitu. Gero eta muga gogorragoetan, beldurrean eta geure burua definitzeko behar dugun haiek iraunkor batean oinarritutako gotorlekua eraiki dezakegu; edo migrazioa kudeatzeko gai den komunitatea, giza duintasuna geureetakotzat jotzen ditugunentzat gordetako pribilegio bihurtu gabe.

Etorkizuneko Europa ez da homogeneoa izango; gaur egungoa ere ez da. Kontua da nola bizi nahi dugun aniztasun horretan. Nor ari den iristen galdetu aurretik, agian geure buruari galdetu beharko genioke gu geu zertan bihurtzen ari garen.

Eta, bide batez, gora Kaleko Afari Solidarioak! Horrelako elkartasun-sareek, eta ez beldurrak edo bazterketak, definitu beharko gintuzkete gizarte gisa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA