Euskaltzaleen Foroko kidea

Txibite ez da gure tribuaren laguna

2026ko urtarrilaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako lehendakari Maria Txibite elkarrizketatu dute Tribuaren berbak saioan. Gezurra esanez hasi da: «El euskera estará donde quieran los navarros y navarras, pero basado en la voluntariedad… Cualquier navarro/a podrá estudiar en euskera, en cualquier lugar de Navarra» (Euskara nafar guztiek nahi duten lekuan egongo da, baina norbere aukera izango da... Edozein nafarrek izango du euskaraz ikasteko aukera, Nafarroako edozein lekutan». Nafarroako Erriberan ez dago edonon euskaraz ikasteko aukerarik, eta Txibiteren gobernuak trabak besterik ez dizkie jartzen euskaraz ikasi nahi dutenei, Gimeno sailburua zigor. Bestalde, Lanbide Heziketako edota Unibertsitateko euskarazko eskaintza lerro batean jaso daiteke.

«Euskarazko hedabideen diskriminazio positiboa sustatzen dugu… kultur ekitaldiak… euskarari ikusgarritasuna eman…», jarraitu du, baina Nafarroako Gobernuak bultzatutako euskararen sustapen mugatua Geroa Bairen esku dagoen sailaren eskutik dator. PSNrengatik balitz, zero koma zerokoa litzateke euskararen sustapenari emandakoa.

«Euskara despolitizatzea izan da legegintzaldi honetako lorpen handienetako bat», esatera ere ausartu da. Gezurra da. Euskararen politizazio maltzurra da pairatu duguna: gure hizkuntza eskubideen izoztea eta murrizte orokorra; hain zuzen, politizazioa hizkuntza eskubideen berdintasuna aldarrikatzen dugunoi leporatuz, aldi berean.

Hizkuntza eskubideak bermatutzat jotzen ditu Txibitek, «baita Nafarroako erakundeen aldetik ere». Ez da egia, baina. Nafarroako erakunde publikoen gutxiengo batek bermatzen du euskarazko arreta. Are gehiago, eremu edo erreserba euskaldunean ere ez dira gure hizkuntza eskubideak guztiz bermatzen.

Haren hitzetan, «Euskararen Legeak euskararen erabilera sustatzen du (gezurra), eta euskarak Nafarroan aurrera egitea bermatzen (gezurra), beti borondatea eta errealitate soziolinguistikoa oinarri hartuta (zonifikazioa, alegia)». Euskara batuan esanda, euskararen erabilera sustatzen da erreserba euskaldunean, eremu mistoan ezer gutxi, eta ez-euskaldunean ezertxo ere ez, zero.

Bukaerakoa ere ez da makala izan: «Euskara gure nortasunaren eta gure ondare kulturalaren parte da… eta erakundeen jarrera, erabilera, ikaskuntza eta hedatzea izango da, eta uste dut horrela euskarak aurrera egingo duela elkarbizitzatik» Ausardia behar da. Izan ere, PSNren gobernuak museoko ondare nahi du euskara, apalategi batean, eta gehienez ere, erreserba euskaldunean kuxkurtuta. Eta elkarbizitza ere berdintsu ulertzen dute: euskaraz erreserban, onenean. Handik kanpora kakarik ez eman.

Txibiteri ahaztu zaio, UPNk ezarritako PAI eredua gotortu eta hedatu duela PSNk euskarazko ikaskuntzaren kaltetan, Erriberan D eredua heda ez dadin zangotrabaka ari direla, euskararen berreskurapena geldiarazteko UPNk asmatutako zonifikazioa betikotzearen aldekoak direla, Erriberan lanpostu publikoak eskuratzeko Lingua Navarrorumak ez duela baliorik, baina frantsesak, alemanak edo ingelesak bai, Merituen Dekretu berrian euskararen balioa errotik murriztu dutela eremu mistoan… Eta PSNko alkate eta kontseilarien jardun euskarafobo amorratua ere ahaztu du aipatzea.

Ulertu ez dudana da zein mesede egiten digun agintari euskarafobo bati elkarrizketa egiteak euskal telebistako euskararen aldeko saio batean, inork ez badio bere politiken gaineko konturik eskatuko behintzat. Zeren eta hizkuntza politikari jarraitzen ez dionak pentsa baitezake Txibitek eta PSNk euskaltzale zuhurretik gehiago dutela beste edozertik baino. Nago gabon hauetan badutela zer ospatu PSNko marketin arduradunek, musu truk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA