Aurreko artikuluetan, politikariek eta komunikabideek Europako demokraziaren hondamenean –azken urteotan izan dugu horren berri– duten erantzukizuna aztertu dugu. Herritarrok deitoratzen dugu demokraziaren hondatze hori, baina zer egiten dugu horren kontra?
Urte dezente dira jada, herritar gehienen okupazio (edo kezka) nagusia aisialdira edo aisialdiko helburu berrietara mugatzen dela. Jantzi-dendak ikaragarri ugaldu dira; prezio itxuragabeak dituen gastronomia gure harrotasuna bihurtu da; hotelak, jatetxeak edo tabernak ia etengabe betetzen dira; agentziek, oporraldietan, ezin izaten dituzte ase herrialde exotikoenetarako bidaia-eskaerak; azken belaunaldiko ekipamenduz hornitutako kirol-mota guztiak praktikatzen dira...
Politikak kasu batean soilik kezkatzen gaitu: norbaitek gure herrian gaizki zer dagoen gogorarazten digunean, hori bai, konponbiderik eman gabe; kritika egitera mugatzen gara, baina ez zaigu burutik pasatzen gure egunerokotasunean ezer aldatzerik. Eta kritikaren oinarria izaten da, askotan, politikariek ez dutela gure egoera ekonomikoa hobetzen, aldiz, okerragotu egiten dutela, beren eraginkortasun-faltagatik. Deitoratu ohi dugu politika munduak ez dituela herritarrak aintzakotzat hartzen erabakiak hartzeko orduan, eta, aldi berean, herritar horiek gero eta gutxiago hartzen dute parte konpromiso politikoan.
Egungo gure ordezkatze-sistema demokratikoak, funtsean, alderdi politikoak ditu oinarri. Eta, hain zuzen ere, erabaki politikoetan eragina izateko modurik onena alderdi politikoen barruan lan konprometitua egitea da, serioski eta iraunkortasunez. Hala ere, alderdi politikoak gero eta gehiago gutxiesten dira, hala herritarren nola hedabideen aldetik. Herritarren parte-hartze aktiboa oso murritza da, nolaz eta abantaila pertsonalik edo lanposturen bat ez duten lortzen.
Nola uler daiteke bere adierazpenetan demokraziarako hain irrika handia erakusten duen herri batek hauteskundeetan % 40 edo % 65 baino parte-hartze handiagorik ez izatea? Eskatzen den ahalegina oso txikia izan arren, erantzuna benetan pobrea da. Ez al da hipokrisia sobera egongo gure egongelako elkarrizketetan, ala adierazpen hanpatu soilak dira?
Gurekin konta dezaten nahi dugula esaten dugu hainbat gairen inguruko erabakiak hartzeko orduan, dela hezkuntza, osasuna, energia, garraioak... eta horiei buruzko iritzia ematen dugu ustezko autoritatez. Gai horien guztien konplexutasunari eta beren arteko harremanei, teknologia berrien agerpena gehitu behar zaie. Horietako batean gertatzen den edozein aldaketak ondorio praktiko garrantzitsuak dakartza beste sektore batzuetara. Gai horietako edozeinetan iritzi kualifikatua emateak ezagutza sakona eskatzen du, eta gaia aldez aurretik ongi aztertuta edukitzea, baina herritar gehienek ez dute halako ezagutzarik.
Gaur egun, alderdi politikoak ez ezik, hainbat elkarte edo fundazio saiatzen dira, seriotasunez, dedikazioz eta profesionaltasunez, arazo profesional edo sozialei irtenbideak bilatzen eta ematen. Izan ere, banaka ezagutzeko edo menderatzeko gauza ez garen gaietan, inguruan aurki ditzakegun aukera kolektibo horien bidez lor baitaiteke bilatzen dugun ezagutza hori. Herritarren parte-hartze konprometitua, zalantzarik gabe, ekarpen baliotsua izango litzateke gure bizitza demokratikoari begira.
Guztiok utzi behar genuke bigarren mailan gizartean nagusitu zaigun indibidualismoa, eta Guztion Ongiaren alde lan egin behar genuke, gure herritar-izaeratik ongi aztertu eta hausnartutako konponbideak bultzatuz, interes ezkutuetatik urrundurik, desberdinen arteko akordioei arnasa emanez eta inora ez daramaten liskarrak behin betiko saihesturik. Eta esandako horrek berdin balio du boterearen alde dagoenarentzat zein oposizioan daudenentzat.
Amaitzeko, bistakoa da hiru artikulu hauetan deskribatutako ikuspegi kritikoa ezin zaiela aplikatu politikari, komunikabide eta herritar guztiei. Euskadin, behin ETA desagertu eta gero, zorionez ez ditugu gure inguruko herrialdeetako bizitza politikoan hain ohikoak diren haserreak eta liskarrak bizi. Baina gogoan izan dezagun akatsak eta ohitura txarrak berehalaxe ikasten eta zabaltzen direla...
Demokrazia altxor bat da, baina ez gara konturatzen hartaz gozatzeko aukera dugun bitartean. Falta denean bakarrik balioesten dugu, hainbat diktadura ezartzean gertatu den bezala. Baina demokrazia mantentzeak eta garatzeak gutxieneko betebehar batzuk eskatzen dizkigu guztioi: politikariei, komunikabideei, herritarroi, profesionalei, enpresaburuei, sindikatuei... Horietakoren batek huts egiten badu, populismoan, estremismo politikoan edo erregimen totalitarioetan erortzeko arriskuan gaude.
Ez dugu eskubiderik gure herrialdeko bizitza politikoaren akats guztiak kritikatzeko edo deitoratzeko, baldin eta berekoikeriaz uko egin badiogu eman genezakeen guztia eskaintzeari. Gure esku dago, azken batean, Europan erregimen demokratiko indartsu eta eredugarriei eustea, Bigarren Mundu Gerraren amaieratik hona Europar Batasunean egin den bezala.
Europaren guraso haiek (Schuman, Monet, Adenauer, De Gásperi, Agirre, Landaburu…) demokraziaren eta balio humanisten alde konprometitu zituzten beren bizitzak. Guk ere hala egin behar genuke, nork bere izaeraren apaltasunetik. Merezi du, ez izan zalantzarik.