Argituz giza eskubideen aldeko elkartearen ordezkariak

Denboran harrapatuta

Josu Oskoz eta Felix Iriarte
2024ko otsailaren 23a
05:00
Entzun

Marmotaren Eguna film ezagun eta jada klasikoan bezala, behin eta berriz egun berean bizitzera kondenatuta sentituko ziren segur aski 1976ko martxoaren 3an Gasteizko Zaramaga auzoan izandako gertakari ikaragarrien biktimak, ikusirik zer gertatu den oroimenezko zentroarekin, Frantzisko Asiskoaren parrokian egitekoak diren horrekin.

Marmotaren Eguna, Arabako erara. Hilketa izugarri haiek izan zirenetik zenbait hamarkada igaro diren honetan, oroimenezkoaren proiektua geldirik dago oraindik, edo ia geldirik, eta hala darama ia hiru urte, martxan jarriko zutela iragarri zutenetik hain justu. Zoritxarrez, badirudi tarte horretan ez direla behar bezain arduratsu aritu ez udala, ez Eusko Jaurlaritza, ez diputazioa eta ez apezpikutza.

Ematen du borondate politikoa falta dela, edo bederen oroimenezko zentroa ez daukatela lehentasunen artean, ikusita zer motel ari diren ematen dagozkien pausoak, zenbat traba burokratiko alegatu dituzten, zer-nolako hutsak egin dituzten hirigintza jardunean eta abar. Izan ere, arazo horiek askoz azkarrago konpontzeko modukoak izango lirateke ahalegin guztiak egingo balituzte eta oroimenezko zentroa lehentasuntzat hartuko balute instituzioen memoria politiketan.

Giza eskubideei begira, ez dute aintzat hartu memorializazio prozesuak funtsezkoak direla giza eskubideen urraketa larriak izan badira. Justizia (eta memoria) prozesu horiek luzatu egiten dira amaigabe bilakatzeraino, eta birbiktimizatu egiten dute, baita biktimei gertatutakoaren ondorioak larriagotu ere.

Inpunitatearen aurka borrokatuz giza eskubideak babestu eta sustatzeko printzipio eguneratuetan jasota dago «gogoratu beharra». Horren arabera, herri baten ondarearen parte da herritarrek beren zapalkuntza historiaren berri izatea, eta, horregatik, historia hori kontserbatu egin behar da, horretarako neurri egokiak hartuz. Neurri horiek, gainera, memoria kolektiboa ez ahaztea izan behar dute helburu, eta, bereziki, tesi errebisionista eta negazionistarik ez sortzea.

Memoriaren Politika Publikoei Buruzko Printzipioen arabera, hauxe da memoriaren muina: pertsonek eta herriek nola eraikitzen duten zentzua eta nola lotzen dituzten iragana eta orainaldia giza eskubideen urraketa larriak gogoratzean, eta biktimek zer ekintza egiten dituzten giza eskubideak eta balio demokratikoak babestu eta sustatzeko.

Jokaleku horretan, berebiziko garrantzia du memorializazioak. Egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak sustatzeko kontalari bereziak, Fabian Salviolik, hau dio memorializazioaren inguruan: «Haren helburua da gaurko eta etorkizuneko belaunaldiei zehatz-mehatz eta sakon kontatzea giza eskubideen iraganeko urraketak eta biktima guztiek jasandako mina, eta kontakizun hori babestea, horrela gizartea informatzeko, biktimei duintasuna itzultzeko, errekuperazioa eta adiskidetzea sustatzeko, eta urraketa gehiagorik ez izateko».

Egia, justizia, erreparazioa eta giza eskubideen urraketa larriak ez errepikatzea bermatzeko betebeharren parte dira memoriari buruzko politika publikoak. Politika horiek kontuan hartu behar dituzte giza eskubideen nazioarteko zuzenbideak ezarritako estandarrak, eta biktimen memoria duintzeko helburuz diseinatu eta aplikatu behar dira; horretarako, biktimek izan behar dute prozesuaren ardatza, eta modu eraginkorrean parte hartuko dutela ziurtatu behar da, haiek birbiktimizatu gabe.

Memorializazio prozesuak abiatzeko betebeharra ezin da baztertu politikari, egiturari edo aurrekontuei dagozkien argudioak erabilita. Iraganean giza eskubideen kontra izandako urraketa guztiak gogoratzea ezinbestekoa da gizarteak adiskidetu eta indartzeko, justizian, bakearen kulturan eta giza eskubideetan oinarrituta.

Inbidia puntu batekin, goraipatzeko modukoa iruditzen zaigu Argentinako ESMA Armadaren Mekanika Eskola Unescoren Munduko Ondarearen zerrendan sartu izana; hain zuzen, Argentinako diktaduran, atxilotze eta torturatze zentro klandestino nagusia izan zen toki hori, eta gaur egun memoria lanerako erabiltzen da. Orain museo bilakatu dute, baina, bere garaian, eraikin horretan edukitzen zituzten «desagertuak», legez kanpo atxilotuta, eta galdekatu, torturatu eta hil egiten zituzten. Unescok nabarmendu duenez, memoria gune horiek Munduko Ondarearen zerrendan sartzeak «dimentsio unibertsala ematen die, eta aitortu egiten die bake prozesuetan egindako ekarpena».

Hori eredutzat hartzea lagungarria izango da aurrerantzean ez dezagun segitu denboran harrapatuta.

Erredakzioan itzulia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.