Denok ez gara neurri berean sartzen

2022ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Hezkuntzan, irakaskuntza elebidunari edo eleaniztunaridagokionean lau elementu ditugu argi, gure herrialdetik kanpo eta gure herrialdean bertan egindako ikerketetan egiaztatu direnak. Lehenengoa da ama-hizkuntzan ikasteak ikaskuntzari mesede egiten diola. Sufritzen dutenek eta ukazioa jasan dutenek osoondo dakite. Bigarren kontua da pertsona gehien-gehienok hizkuntza bat baino gehiago eta hizkuntza bat baino gehiagotan ikas dezakegula. Orain oso begi-bistakoa iruditzen zaigu, baina joan den mendera arte sutsuki eztabaidatzen zen. Norberaren eta besteen ikasgeletan frogatutako hirugarren gaia da hizkuntza bat ikasteko modurik onena hizkuntza horren bidez ikastea dela. Horixe da gaur egungo irakaskuntza elebidunaren oinarria adin goiztiarrenetan, leku gehienetan. Eta laugarrena da ama-hizkuntza ez den beste hizkuntza bat erabiltzeak ikaskuntzak baldintzatzen dituela. Eta baldintzatzen dituela ikaslearen inguruko maila sozioekonomikoaren eta kulturalaren arabera. Hori guztia jasota dago literatura zientifikoan eta eguneroko praktikan.

Hezkuntza arautzen duen edozein legeren erronka, are gehiago bi hizkuntza ofizialen presentzia desberdina duen gurea bezalako herrialde batean, ezagutza hori behar bezala elkartzea izan beharko litzateke, irakaskuntza demokratikoa, eraginkorra eta, batez ere, ikasle bakoitzaren eskola-arrakasta ahalbidetuko duena sortzeko. Horrelakorik ez da ikusten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurkeztutako Hezkuntza Legearen aurreproiektuan; aitzitik, irakaskuntza-hizkuntza bakarraren aldeko apustua egiten du. Horixe bera lortu nahi du —garbiago eta irmoago, hori bai—, hezkuntza-munduko hainbat erakundek Kontseiluarekin batera egindako proposamenak. Bi kasuetan akats bera azpimarratzen da: dakigunari muzin egitea.

Orain dela ia urtebete, 2021eko azaroaren 2an hain zuzen ere, Eredu bi baino ez euskal hezkuntzarako izeneko testu batekin, iragartzen zen eztabaida honi buruzko iritzia eman ahal izan nuen orrialde hauetan. Ez naiz saiatuko planteatzen zituzten argudioak errepikatzen, egunkari honen edizio digitalean oraindik eskuragarri daudenak. Gai honen inguruan literatura zientifikoan ibilaldi bat egitera gonbidatzen dut, nire hitzak egiaztatzeko, eta Euskadiko Eskola Kontseiluaren azken urteko txostenaren 152. orrialdean ere gelditzera, premisa horiek ukatzen dituzten estrategiek eta metodologiek nortzuk kaltetzen dituzten ikusteko, lasterketa jarraitzen uzten ez ditugunak, lehen hesia garbi gainditu arte behintzat.

Gaur egun, euskal hezkuntzan, ikasle guztiek, salbuespenik gabe, DBH amaitzean Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B2 maila (beste egoera batzuetarako eta beste giza kolektibo batzuetarako diseinatutakoa) lortzea nahi da, inolako justifikaziorik gabe, justifikazio pedagogikorik gutxi bederen. Soilik, norbaitek altuera horretan jarri duelako hesia. Ikuspegi horretatik, gure herriaren aniztasuna onartzeak, ama-hizkuntzatzat ez duenari euskarazko eskola-ordutegia gehitzea dakarrela planteatzen da. Aipatzen da ere beste irakasgai batzuetan maila hobetzea kaltegarria dela euskara ikasteko, eta hizkuntza bakar batean irakatsi behar direla arlo guztiak. Gure hizkuntzak norgehiagoka ikusten dira, eta horietako batek irauteko modurik onena lehia saihestea dela ematen du. Badirudi euskarazko errendimenduak hobetzeko proposatzen den irtenbidea ikasgeletan beste ezer ez egotea dela. Ikuspuntu guztietatik, hanka-sartze galanta!

Denok ez gara sartzen 36 tailuan, ezta B2an ere. Eredu bakarra ezin da orokorra eta inklusiboa izan une berean. Eta bultzatzea bada, akats izugarria. Ikaragarria, ez duelako aintzat hartzen gure ikasle guztien eskola-arrakasta eta prestakuntza integralerako eskubidea. Tira, denona, agian ez. Argi hitz egin dezagun, Kontseiluak bezala: inguru erdaldunetakoenak eta baliabide gutxien dituztenenak soilik. Baina, akaso horiek ba al dute erabakitzeko eskubiderik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.