Mugarik Gabe elkarteko kidea

Deserosoak izan gaitezen

Lidia Ruiz Gomez
2026ko otsailaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egun hauetan Cristina Fallarasen Instagrameko kontuko hainbat testu irakurri ditut, eta artikulu honen bidez, eskerrak eman nahi dizkiot Cristinari, hain beharrezkoa den espazio horrengatik eta gorputza jartzeagatik emakume askok bizitakoa kontatzeko. Izan ere, horretan datza, kontatzea, beste aldean irakurtzen, ulertzen eta askotan oso antzeko zerbait bizi izan duen norbait dagoela sentitzea. Ez da, batzuek kritikatzen duten bezala, mendeku hartzeko asmoz; kontua mendeku hartzea balitz, gure egunerokoak The Purge film bortitzaren antz handia izango luke.

Instagrameko kontu horretan, pasa berri diren gabonetako familiarteko topaketei buruzko kontakizun asko daude: emakumeak erasotzaileen ondoan eserita, hori ez egitearren bakarrik etxean geratzen diren emakumeak, ahozabalak, gainontzekoak deseroso sentitzea leporatuta afaritik alde egiten duten emakumeak eta txantxaren edo indarkeriaren bidez isilarazi nahi dituztenak. Badira erruz betetako testuak ere, gertatu zenagatik, erantzunagatik, egindakoagatik edo egin gabe utzitakoagatik. Azken urte hauetan aurrera egin da (egia esan, ez nahiko genukeen bezainbeste) indarkeria matxistaren askotariko erakusleak ikusarazteko: sexu-indarkeria, indarkeria bikarioa, feminizidioa... bezalako terminoak entzuten dira, baina batzuetan hori bakarrik ikusten dugu, ez ditugu indarkeria batzuk besteekin lotzen, ezta horiek gure egunerokotasunarekin ere. Zuhaitzak ikusten hasi gara, indarkeriak; baina ez basoa, patriarkatua.

Patriarkatuak seme osasuntsuak ekoizten ditu: erasotzaileak, gizon hegemonikoak, eta emakumeak indarkeria hori jasateko eta onartzeko moldatzen ditu. Hori bai, ez du beti arrakasta bera izaten, emakume askok, borrokalari, sistema hau deseroso sentiarazten baitute. Eta jakina, gizon askok ere ihes egiten diote molde horri.

Neskato bat gauean esnatzen denean, bere neba ohean sartu eta ukituak egiten dizkiolako eta bere erantzuna buelta ematea eta lokartuarena egitea denean, noiz geldituko den zain, hori bere erraietako defentsa-erreakzioa da ala ikasitako erreakzioa? Garrasi ez egitea, familia eta beronen harremanak arriskuan ez jartzea... Berriz ere, gainontzekoak deseroso ez sentiaraztea. Horri buruz ari naiz diodanean patriarkatuak ez duela ulertzen gaur egun heldua den neskato honen erreakzioa bere testuinguruaren, hezkuntzaren eta abarren ondorio dela. Izan ere, sareetan kontatu duenaren arabera, oraindik ere errudun sentitzen da bere erantzunagatik, nebari aurre ez egiteagatik. 

Patriarkatuak gure nahiak, sena, iritziak desaktibatu nahi ditu, baita ikusten dugunaren inguruko zalantzak sortu ere. Gogoan dut duela urte batzuk, harreman luze bateko bere bikotekidearen indarkeria jasan zuen emakume batek kontatzen zuela nola harreman hori amaitu eta hilabete batzuetara ilea horiz tindatzeari utzi zion, ile horia izatea gustatzen ez zitzaiola konturatu zelako. Mugarik Gabetik indarkeria matxista desberdinetatik bizirik atera diren emakumeekin egin ditugun prozesuetan ere ikusten dugu hori, nola emakumeei kosta egiten zaien identifikatzea zerk osatuko lituzkeen, zer izango litzatekeen erreparatzailea. Behar eta nahi dutenarekin berriro konektatzea prozesu luzea da, eta beste batzuekin partekatzeko osagai komunitarioa behar du.

Neskatoei begiratuz gero, eskoletan ere ikusten dugu nesken gaitasun handiko atzemateetan azpirrepresentazioa dagoela, neskek nabarmendu nahi ez dutelako, jada txikitatik badakitelako gaizki ikusia dagoela neskak azkarragoak izatea, edo soilik azkarrak izatea.

Gogoan dut, halaber, lagun bat The Constant Gardener pelikularen zalea zela. Garai hartan, 2005ean, erakunde baten parte ginen biak, eta gure kritika feministaren aurrean beti isilarazten gintuzten, oldarkorregiak ginelako, denbora guztian denagatik erantzuten genuelako... eta berak film honetan isiltzen ez den aktibista bat aurkitu zuen, dagoen espazioetan ingurukoak deseroso sentiarazten dituena. Garai hartan, gutxi ziren identifikatuak sentiarazten gintuzten narratibak. Gero, zorionez, gure ibilbidean leku askotako aktibista komunitarioak, defendatzaileak topatu ditugu. Eta horiek pantailan ikustea ondo dago, baina espazioak, borrokak eta itxaropena partekatzea, askoz hobe.

Ez dugu ezer berririk azaltzen testu honetan. Egun hauetan egunkariak edo telebista ikusi besterik ez dugu pertsona ezagun baten, Julio Iglesiasen, bi biktimen kontakizunak entzuteko, eta baita ikusteko ere nola jartzen dituzten zalantzan haien iritziak, edo nola defendatzen duten gizon hori, inolako ondoriorik gabe. Badirudi edozein pertsona indarkeria matxistan aditua dela, edozein iritzi baliozkoa dela, eta denak balio duela.

Badakigu isilik nahi gaituztela, men eginez, baina gure egunerokotasunean ingurukoak deseroso sentiarazteko deia egin nahi dugu; deseroso zaigunari erantzun, gorputzean geratzen zaigun sentsazio itsaskor horrek, beldurra bezalako deserosotasun horrek, bandoz aldatu behar duelako.

Patriarkatuak, zoritxarrez, funtzionatzen du; izan ere, bestela nola azal dezakegu kalean dena kiskaltzen ez egotea iaz emakume izate hutsagatik lau egunetik behin emakume bat hil zutenean? Hasi berri dugun urte honetan, halaber, lau emakume hil dituzte dagoeneko. 

Hainbeste izugarrikeriaren aurrean, jarrai dezagun kaleetan, etxeetan, lantokietan, tabernetan eta bileretan, ahal dugun tokietan, sistema deseroso sentiarazten. Bakarrik ezin badugu, bilatu ditzagun borroka hau elkarrekin egiteko kideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA