Destino behartuak

2015eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Kotxea hartu eta betiko errepaso mentala: paketea, billeteak, dokumentazioa… zerbait ahazten dudan sentsazioa dut. Tira, garrantzitsuena badaramat: maitasun, muxu eta besarkada tona bat datoz nirekin, eta, horrela, Hendaiarako bidea hartu dut. Astelehena da, eta zorionez ez dut trafiko gehiegi topatu, nahiz eta uztaila erdialdea izan. Aparkatzeko ere erraz, polizia-etxeko murruaren ondoan (lasaiago geldituko naiz bertan aparkatuta? Auskalo…). Estaziora iritsi, eta nabarmena da uda sasoia: familiak maleta eta haurrez inguraturik, gazte kuadrillak eurak baino handiagoak diren motxilekin... Eta ni. Bakarrik, motxila eta paketea eskuan. Gainontzeko guztiekin nahastu arren, desberdin sentitzen naiz. Oporretara doaz ilusioz eta gogoz, ni ere beraiekin noa tren berean, baina oporretara? 11 urte nituen Parisera oporretan joan nintzenean. Ederra iruditu zitzaidan hiri hura, eta orain badira zortzi urte Parisera joatera behartu nindutela, bata edo bestea ikustera baina nik aukeratu gabeko destinora, ilusioz eta gogoz joaten naizen arren.

Gogoan ditut Parisen emandako azken oporrak, hiru bisita egiteko aukera paregabea, eta tartean lagunekin bost egunez deskonektatzeko asmoa. Baina inozoa ni, ze zaila egiten zaidan halakoetan errutinarekin apurtu eta Montmartreko kaleetan zehar galtzea, burua bisita kabinako azken agurrean dudanean. Edo Irish pub batean garagardoak edaten ditugun bitartean konpainiaz gozatzea, gaur umorez nahiko baxu ikusi dudanean barrukoa.

Beti ez dugu zorte bera izaten, eta ezin dugu permititu halako bidaia bat egitea diruz justu samar gabiltzanean, eta tokatzen dira abuztu erdialdean bisitak egin eta zuzenean itzultzeko asteburuak, inguruaz gozatzeko aukerarik gabe. Baina inoiz egin izan ditugu gure eskapadatxoak.

Dagoeneko gure artean izan arren, bera bisitatzeko Murtziara egiten genuen bidaia probestu, eta astebeteko oporraldi merke bat egitea izan zen udako plana iazko urtean. Kotxe zaharra hartu, zortziehun kilometro pasatxo egin bisita egiteko, eta gainontzeko bidaiariekin nahastu ginen. Gasolindegietako aglomerazioetan badoazenak eta bueltan datozenak topatzen genituen, eguzkiarekin erretako giriak eta eguzki bila doazenak elkartzen zirelarik bertan. Eta tartean gu, etxetik ekarritako tortilla, entsalada eta urdaiazpikoarekin hankak luzatzeko geldialdia egiten.

Bisita eginda, kotxea hartu eta gure oporraldiaz gozatzera gindoazen barruan uzten genuen laguna ahaztu gabe; Almeriako hondartza galduetan astebetez hippyen antzera bizitzea izan zen gure aukera. Bisitak utzitako anekdota eta istorioak komentatu genituen egun haietan zehar, eta kasu honetan Euskal Herrira itzuli ginen errepidean beste bidaiari askorekin nahasten ginen bitartean. Baina lekuz kanpo sentitzen gara halakoetan. Maite ditugunak ikusteko ehunka kilometro egitera behartu egiten gaituzte, eta ez ditugu guk aukeratzen gure oporraldietako lekuak. Gustura egingo nuke Espainia eta Frantzia ez den herrialderen batera bidaiaren bat, tartean sakabanaketa egon gabe. Hala ere, bagoaz eta joaten jarraituko dugu, oporrak bisitekin antolatzen, lagunak eta senideak udako sasoiko giroaz bustiko ditugu, Espainiako zein Frantziako kartzeletako bero jasangaitza eramangarriagoa egingo diegu.

Baina oporrak ez dira bakarrik kanpora joateko garaiak; udan, normalena den bezala, gure auzo eta herrietako jaiak izaten dira. Eta batzuetan kale egitea tokatzen da, auzoko laguna, bidelaguna edo senidea ikustera joan behar duzulako. Santutxun jaietan egiten diren kuadrillen arteko txapelketa gehienak galdu ditut aurten, eta kasualitatez, lehenengo aldiz historian, kuadrillak paella txapelketako lehenengo saria jaso du! Monparnassen wifira konektatu eta jasotako argazki eta mezuekin jakin dut. Aupa gu! Nik, bitartean, 28. autobusa hartu Porte d'Orleansera, eta 187a gero, Fresnesko monjetara iristeko, eta gaurko bisitak utzitako zapore gozoenaz gozatzen dut. Penaz kale egin dut aurten auzoko festetan, baina ordu bakar batean joan zaizkit atsekabe guztiak; irribarre, muxu eta besarkada bakoitzak indarberritzen nauelako.

Kuriosoa izan da aurten auzoko jaiei bukaera emateko Basauriko kartzelan kuadrillakoarekin egindako bisita bat; aurreko eguneko ajearekin jaietako informea pasatzera joateko esan zigun. Eta ze arraroa egin zaigun etxetik hamabost minutura dagoen kartzelara joatea, guretzako distantziak hain luzeak eta aldi berean hain laburrak direnean. Ez dugu ahazten gertu egon arren pareta luze batzuek banatzen gaituztela, baina badakite hemen, han edo munduaren beste puntan berdin-berdin bertan izango gaituztela. Urteko urtaro guztietan eta geografiako puntu guztietan, zuekin gaude, eta gurekin nahi zaituztegu. Bilboko Aste Nagusian topa egingo dugu zuengatik, hurrengo oporraldiak zuekin egin nahi ditugulako, amestutako bidaia luzeak egin nahi ditudalako zurekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.