EHUko irakaslea

'Divide et Impera'

Jon Las Heras Cuenca
2026ko maiatzaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bakoitzak bere itxaropena darama eskuetan, bere antolatzeko era propioa, bere lengoaia eta kodeak. Eta hala ere, prozesu zabalago baten zatiak besterik ez garela ahazten dugu maizegi: batzuetan nahita, estrategia hutsez; beste batzuetan nahi gabe, ego pertsonalak edo sentiberatasunak bultzatuta. Talde bakoitzak bere indarrak ditu, baina haren ahuleziak besteen indarrek baino ezin dituzte estali, eta ezin dugu hori ahantzi.

Julio Zesarrek galiar tribuak menderatu zituenean, ez zituen lehenbizi elkarren artean banatu: aspalditik zeuden banatuta, herrixken eta klanen arteko liskar txikietan murgildurik. Bere lana banaketa hura sakontzea izan zen, eta gero, guztien izenean hitz egiten zuen bitartean, bere borondatea ezarri. Divide et impera. Bitartean, Erromatar Errepublikaren erakunde guztiak zapuztu zituen, gehiengo herritarraren izenean. Eta mendeen joanean, formula errepikatu egin da, makillaje berriarekin baina muin berberarekin: zesarismo modernoek —populismo autoritarioek, ahots indibidual hipertrofiatuek— erakunde zibilen eta politikoen aurka jotzen dute nonahi, beti herriaren izenean. Gu, berriz, prozesu politikoak eta tresna teknologikoak hain naturaltzat hartzeraino iritsi gara, ahaztu egin zaigu zein hauskorra den haien arteko oreka.

Paisaia horretan, kalkulu epeletan kateaturik bizi gara. Alderdiek legitimitate elektorala dute, baina sarritan legalismo hutsean itxita agertzen dira. Sindikatuek langileen elkartasuna eraikitzen dute, baina mugatua, sektoriala, beren afiliatuen estu-larriei lotua askotan. Mugimendu sozialek inertzia hautsi eta utopiari leihoa ireki ohi diote, baina etorkizun urruneko iraultzaren irudian itsatsita gera daitezke, egunerokotasunaren arnasa galduz.

Hirurek elkar kritikatzen dute, eta egia osoa dute hori egiteko: gabezia zehatzak seinalatzen dituzte, diziplina eskatzen, estrategiak fintzen laguntzen. Baina norberaren gotorlekuan iltzaturik geratzen den kritikak gutxi mugitzen du. Marxek aspaldi gogorarazi zuen mahai garbitik politikaren lokatzera jaitsi behar dela; eskuak zikindu gabe ez dela politika egiten. Lokatz horretan elkar topatu beharko genuke, ezarian.

Gotorlekuaren tentazioa esentzialismoaren tranpa ere bada: antolakunde baten barneko elkartasunak, mugak gogortuz gero, kanpoko areriotasunari elikagai ematen dio, gureak garenaren sustraiak kanpokoaren ukapenean errotzen baitira. Erakundeak modu irekiagoan eta kontraesankorragoan ulertu beharko genituzke, haien esentzia haien formaren garapenean bakarrik gauzatzen baita, ez aurretik emandako definizio batean; eta zenbat eta forma estuagoan errotzen diren, orduan eta gehiago alboratzen dute kanpoan geratzen den errealitate zabala.

Defendatzen dudana zehatzagoa da: helburu mugatu batzuetarako, antolakunde guztien bertuteak metatzen saiatzea. Sarraskiak gelditzeko, garapen ekonomikoaren desberdintasun jasanezinen aurrean [...] jakintzak, indarrak eta diskurtsoak batu behar ditugu

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren inguruan, esate baterako, forma polita eraiki da; baina edukiei zein ekintzei sakontasuna falta zaie maiz, Eusko Jaurlaritzak bere ahalmen instituzionala benetan lerrotzen ez diolako. Erakunde politikoek, alderantziz, eduki ezberdinak dituzte, batzuk benetan eraldatzaileak, baina haien indarra kanpora proiektatzeko forma gutxi —edo hertsiegiak— erabiltzen dituzte. Eta erasoa, bien artean, kapitalarena da: zerbitzu publikoen pribatizazioa, prekarizazioa edota eskubideen narriadura kapitalaren mugimendu mugagabea gauzatzen den heinean. Bakoitzak bere txandari itxaroten dio, eraso hura banaka jasaten, eta itxaropena eta itxoitea bereizten ez dakigula dirudi. Zergatik ez aurreratu garaipenaren urratsak, porrotaren zain egon beharrean?

Batasun unibertsal eta abstraktu baten alde ere ez dut egiten hemen. Halako batasunek, esperientziak erakutsi digu, mamia galtzen dute eta antzezleku bilakatzen dira maiz. Defendatzen dudana zehatzagoa da: gai jakin batzuetarako, helburu mugatu batzuetarako, antolakunde guztien bertuteak metatzen saiatzea. Sarraskiak gelditzeko —Palestina ahotan dabilenetik urteak doaz—, garapen ekonomikoaren desberdintasun jasanezinen aurrean, esplotazioaren, bazterketaren eta xenofobiaren kontra, edo programa eraldatzaile inklusiboak munduan defendatzeko, jakintzak, indarrak eta diskurtsoak batu behar ditugu. Bakoitza bere zatian arituz, baina koordinatuta: norberaren formari uko egin gabe, baina elastikotasun taktikoa landuz, mehatxu globala zabalduz doan neurrian.

Aliantza horiek ez dute harmonia disfuntzionalik eskatzen. Lehian gaude, eta lehia horretan zer irabazten eta zer galtzen dugun garbi izan behar dugu. Ez gara inuzenteak: batzuek bestearen botoa nahi dute, beste batzuek bestearen mobilizazio-ahalmena, eta hor gatazkak sortzen dira. Baina gatazkak kudeatu egin daitezke; emankorrak egin daitezke, are gehiago, aitortzen badugu erasoak bortitzagoak eta partekatuagoak direnean. Batek jasaten duen errepresio injustifikatua ez genioke besteari opa nahi, eta horixe da elkartasunaren oinarria. Ez genuke batzuen kritika zorrotzak, ausardia eta kemena moteldu nahi, baina ezta besteek egunero egiten duten lan sindikal eta politikoa gutxietsi ere: irabazi txikiak dira sarri, baina testuinguru orokorrean ezinbestekoak, potentzial eraldatzailearen adierazpena baitira.

Bitartean, gure testuak, gure ideiak, gure ametsak Adimen Artifizialeko sistemek jasotzen, aztertzen, editatzen eta mugatzen dituzte, eta hori jada normaltzat hartzen dugu. Palantir bezalako enpresek aske dihardute merkatuan, guztion eskubide eta askatasunak murriztu eta zanpatzeko. Halako antolakunde teknologikoen boterea izugarria da, baina ez absolutua. Galderak hor jarraitzen du: prestatzen ari gara horri aurre egiteko? Antza, ez nahikoa.

Utz ditzagun antolakunde ezberdinen maximalismoak apur batez bazterrera. Eguneroko gutxieneko adostasun batzuek, oinarri sendoak ezartzen dituztenek, askoz gehiago balio dute diskurtso garbi baina bakartuak baino. Noiz egon zen Zesar Galian baino ahulago? Tribuak borrokarako elkartu zirenean. Lezioa hor dago oraindik ere, gure begi-bistan.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA