Donostiako alkatea edo Tancredo jauna Illunben

Martin Anso eta Juan Mari Beldarrain
2023ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Bazen toreatzeko modu berezi bat, XX. mendeko lehen hamarkadetan nolabaiteko arrakasta lortu zuena. Gizon bat, gehienetan zuriz margotua, plaza erdian paratzen zen geldi-geldirik, zirkin txikiena ere egin gabe, zezenaren zain. Helburua zen zezenari sinetsaraztea objektu bizigabea zela, estatua bat-edo, eta, horrela, haren erasoa saihestea. Gizon hari Don Tancredo esaten zioten, eta, beraz, toreatzeko modu hura Don Tancredorena egitea zen. Bada, Illunbeko zezenketei dagokienez, Eneko Goiaren portaerak Don Tancredo harena dakar gogora. Izan ere, Donostiako alkatea geldi-geldirik dago, arazoak harekin zerikusirik ez balu bezala, oharkabean pasatu nahian. Zezenketak ekimen pribatua direla argudiatzen du, legezkoak direla, udalak ezin dituela debekatu eta Donostian badela zezenketak egiteko berariaz eraikitako plaza bat. Gauzak horrela, zer egingo diogu?

Baina, Goiak sinetsarazi nahi duenaren kontra, udala ez da arazo honetan neutrala, ezinbesteko eragilea baizik. Izan ere, Donostian zezenketak egiten dira soil-soilik antolatzaileek udal-plaza bat erabil dezaketelako. Plaza hori, badakizue, donostiar guztion artean urre-prezioan ordaindu genuen eta ordaintzen jarraitzen dugu, sustatzaileek xentimorik ez zitzaigula kostatuko behin eta berriro esaten zuten arren. Gainera, udalak zezenketak sostengatzen dituela modu askotara islatzen da. Horra hor propaganda egiteko erraztasunak edota Aste Nagusiko «faena» onenari emandako Urrezko Maskorra. Portzierto... udalak aurten ere Illunbeko disuasio-aparkalekua itxiko du zezenketa-egunetan taurinoek eta taurinoek bakarrik erabil dezaten? Iaz asko izan ginen mesede-tratu hura salatu genuenak: batetik, gainerako herritarrokiko neurri zeharo diskriminatzailea delako, eta, bestetik, Aste Nagusian trafikoa nola edo hala arintzeko irizpideekin guztiz inkoherentea delako, Real Automóvil Clubek agerian utzi zuen bezala. Beraz, aurten zer?

Egia esan, Eneko Goiak ez du beti Don Tancredorena egin. Ondo gogoan ditugu udalari, zezenketen kasuan, Illunbeko alokairu-prezioa merkatzeko eskaerak egiten zizkion garaiak. Alkate bihurtu bezain pronto, berriz, zezenketak berrezarri zituen Illunben. «Normaltasunera», hau da, «betikora» bueltatu izanaren sintoma ziren, nonbait.

Ondo gogoan ditugu, halaber, Donostia Antitaurina Orain plataformak, Herritarren Partaidetzarako Araudia xehe-xehe betez, bildutako 10.000 sinadurak. Sinadura haiek bidea ireki zioten herri-galdeketa bat egiteari, alegia, udalak Illunbeko instalazioak zezenketak egiteko uzten jarraitu behar ote zuen donostiarrok erabakitzeari. Goiak, itxuraz behintzat, onartu egin zuen, eta galdeketa 2017ko otsailaren 19an egingo zela ere iragarri. Egia da Ministro Kontseiluak debekatu egin zuela, baina hori bezain egia da Goiak debekua salatu eta «beste bide batzuk» aztertuko zituela iragarri zuela, «herritarrek gai honi buruz duten iritzia adierazteko aukera izan dezaten». Bide horiek izan, badira. Izan ere, udalak erabiltzen ditu egoki ikusten duenean, esaterako, Urrezko Danborra hautatzeko. Gutxiago ere ezin zen Goiaren partetik espero. Azken batean, Ministro Kontseiluaren debeku hura udal-autonomiaren eta donostiarrok geure ekipamenduen gainean izan beharko genukeen erabakitzeko eskubide oinarri-oinarrizkoaren kontrako estatu-kolpe bat zen.

Baina Goiak ez zuen hitza bete. Eta susmoa dugu horrek baduela zerikusia 2017an bertan udalak berak eginiko inkesta baten emaitzekin. Inkesta haren arabera, donostiarron %71ren iritziz, ez da onartu behar udal-instalazioak zezen-ikuskizunetarako erabiltzea. Orduan hasi zen Goia Don Tancredorena egiten. Esan gabe doa horrela garbi lerratzen dela animalien tortura ikuskizun bihurtzen duen ekimen baten alde eta herri-galdeketa batean oinarritutako konponbide demokratiko baten kontra.

Noiz arte jarraituko du Goiak Don Tancredorena egiten? Bada, amarruak funtzionatzen dion arte, jakina. Dena dela, PSOErekin sinatutako udal-gobernuaren akordio zaharberrituak beharbada uste baino lehen bere itxurazko tankredismoa alde batera uztera behartu dezake. Izan ere, akordio horrek, besteak beste, honako hau dio: «Ezinbestekoa da legegintzaldi honen barruan Anoetako kirol-hiriko ekipamenduak berritzea eta Illunbe egokitzea, Donostiak lehen mailako kirol, kultur eta arte ekitaldiak hartzeko izan behar duen erabilera anitzeko pabiloi izateko».

Honako hau da galdera: egokitze-proiektuan erabilera taurinoari eutsiko dio udal-gobernuak? (Urte osoan zehar egin daitezkeen beste erabilera batzuen kaltetan bada ere?). Izan ere, hori udalaren erabakia da. Hor ezin du argudiatu Espainiako Gobernuak ez diola uzten galdeketa bat egiten, edo epaileek esaten dutela zezen-plaza badago, zezenketak egin, egin daitezkeela. Beraz, planteatu dugun galderari ematen zaion erantzuna baiezkoa bada, udala, herritarrei bizkarra emateaz gain, zezenketak berriz ere denon diruaz finantzatzen arituko litzateke. Gauzak horrela, akabo Goiarentzat Don Tancredoren mozorroa.

Testuinguru honetan, hilaren 12an, Aste Nagusiaren hasierarekin batera, ohi bezala, Illunbeko zezenketak eta udalak horien aurrean duen jarrera salatzeko manifestazio bat antolatu du Gipuzkoa Antitaurinak. Eguzkiko kideok bat egiten dugu, noski, eta ekimena bene-benetan eskertzen dugu, donostiarroi geure baitan dagoen sentimendu antitaurinoa bistaratzeko aukera ematen digulako. Sentimendu hori oinarrizko konbentzimendu batetik abiatzen da: animaliak hiltzeraino torturatzea dibertimendu edo ikuskizun hutsez ez da zilegi, ez Donostian ez inon. Baina sinetsita gaude donostiarron sentimendu antitaurinoak beste konbentzimendu-iturri batzuetatik ere edaten duela. Iturri horietako bat honako hau izan daiteke: Illunberekin zerikusia duen guztia hasiera-hasieratik donostiarroi egindako iruzurra izan zen, eta bada iruzur horrekin behingoz bukatzeko garaia. Edo honako beste hau: hamaika aldiz entzun dugu zezenketa zaletasuna ez dela ez eskuinekoa ez ezkerrekoa, ez euskalduna ez espainola, ez monarkikoa ez errepublikanoa; ados, baina Illunbeko kasuan, behintzat, ogi txigortua beti gurinaren aldetik erori da, eta hori oso garbi geratu zen Illunbeko «errekonkistaren» ondoren errege emeritua aita ponteko izendatu zutenean, eta horretan urtez urte jardun zen, harik eta, ustelkeriarekin zerikusia omen duten arazotxoen ondorioz, desterru moduko batera bidali zuten arte (urrezko desterrua, hori bai).

Idatzi hau bukatzeko, ohar bat: Don Tancredorena egiten zutenak aspaldi desagertu ziren zezen-plazetatik, zezenak sarri amarruaz jabetzen zirelako eta orduan amarru-egileei garesti ateratzen zitzaielako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.