Kazetaria

EEP gabe zer?

2025eko urriaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Galde hori egin berri du Ekhi Erremundegik. Ideki begiak! Euskararen Erakunde Publikoa 2004ko azaroan sortu aitzin, beraz EEP gabe hor zeuden Ikastolak —2004. urtean 2129 haur baziren 23 ikastolatan—, 1984an sortua da Herri Urrats, dozenaka mila lagunekin eta Klase Elebidunak —5.070 haurrekin, publiko eta pribatuan—. AEK-k 1.042 ikasle zeuzkan urte hartan eta ez dakit zenbat ikasle ziren Mende Berri-n, Angeluko Ikasleak-en, Hendaiako Haize Berri-n eta bestetan. 1966an zuen irrati publikoak hasi egun oroz bere euskarazko xokoa. 1971n hasi zuen FR3 kate publikoak, telebista emankizuna euskaraz. 1973an Donibane Lohizunen sortu zen UEUUrte berean, Zabal, euskara hutsezko gogoeta bihilabetekaria.­

­1981ean sortu zen Gure Irratia, osoki euskaraz: EEPrekin da frantsesa sartu! Gero agertu ziren Irulegi eta Xibero. 1992an Siadecok zenbatu zituen 65.500 entzule hiruren artean.

­1982tik hasi zen EITB hemengo berriak zabaltzen. Aipatzen ahal nituzke Udaleku, Bertsularien Lagunak, Antzerkilarien Biltzarra, Euskal Herriko Artixtak, Kantu xapelketak, Nola ez Maiatz aldizkari eta argitaletxea, osoki euskaraz.

Eta euskara batuaren erditzea 1968an Arantzazun izan bazen, Cordeliers karrikako sabelean da formatu urtez urte.

Segitzen ahal nuke. Horiek denek garbi erakusten dute, batere EEP gabe, gauza ainitz egin dela hemen.

Zenbait aldiz gogoeta nago EEPk diruztatu lan postu zenbaitetan, funtzionarioen gogoa bildu ote luketen zenbaitek. Beren orenak egin eta geldi. Eta funzionario eskas zenbaiten moldeari jarraikiz: beren orenak bete gabe ere, hatsantuak gelditzen. Ez! Bizia euskarari esker egiten baduzu, ez uste izan zeure partea egina duzula zeure orenekin. Besteek baino gehiago zor diozu euskarari.

Azken ohar bat. Ordu liteke Enbata bezalako euskal aldizkariek, euskarari bere tokia eman diezaioten, sinbolikotik gehiengorat pasatuz. Euskara gutietsia izatea euskal aldizkarietan, ezin jasana da. Gure aldizkarietan euskarak ez dauka %6,5 baino gehiagorik. Eta beren burua abertzale daukate. Frantses abertzale?

Lehenago erraten genuen euskara ez dela hilen ez dakitenengatik, bainan dakitenek ez dutelakoz ez mintzatzen, ez irakurtzen, ez idazten; Zenbat euskal hau, euskal hura, euskal nik dakita zer deitzen diren elkartetan, ez dira bilkura-ageriak frantsesez egiten? Gogoan daukat, besteak beste, euskal idazle bat lehendakari zeukan elkartea: 17 liburu idatziak, eta 15 frantsesez zituen, biga euskaraz! Ala berak, ala bere elkarteak, nola gomenda ziezaiekeen besteri, euskaraz mintzatzea, irakurtzea, are gehiago idaztea? Zer sinesgarritasun zeukaten?

Gogoan sar dezagun EEPk ez duela euskararik salbatuko militanterik gabe. Gu gabe. Denek daukagula militante kartsu, sutsu, errabiatu izateko eginbide hertsia. Hori gabe, euskarak leher eginen du. Hori gabe ez dugu sinesgarritasunik. EEP beharrezkoa da batere dudarik gabe, baina militanterik gabe tirrit ez du balio.

Euskarak bere eremuak behar ditu. Eremu horietan frantsesari eman xoko bakoitza, euskarari lapurtua da. Lapurrak etxean dauzkagu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.