Abokatua

Egiaren Batzordeak eta zenbait adiera berri

2025eko maiatzaren 4a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Joan den apirilaren 9an, BOEk (Estatuko Aldizkari Ofizialak) Memoria Demokratikoaren Kontseilua arautuko duen Errege Dekretua argitaratu zuen. Izan ere, hura sortzeko zegoen, Memoria Demokratikoaren Legea 2022an onetsi zenetik. Dekretuan aipatzen da «gerran eta diktaduran gertatutako giza eskubideen urraketei buruzko Batzordearen» sorrera, iturri ofizialek eta komunikabideek Egiaren Batzordea deitu dutena. Iduri du horrela, gai horri dagokionez, eguneratu garela eta, hemendik aitzina, organo bat izanen dugula Argentinan, Txilen, Guatemalan, Kolonbian... gobernu despotikoek eta diktadura militarrek gauzatutako krimenak ikertzeko sortu zituztenen antzekoa. Alta, gobernuak erabakitakoari egiaren batzordea deitzea neurriz goitikoa da. 

Egia memorialistaz mintzatzea, bizkitartean Sekretu Ofizialen 1968ko legea indarrean mantentzen denean, ahalkegabekeria hutsa da, lege horrek giza eskubideen ehunka mila urraketa (erailketak, desagertzeak, espetxealdiak, lan esklaboa, haurren lapurretak, torturak...) eta haien erantzuleak sekretupean eta zigorgabe uzten baititu. Horri gehitu behar zaio azken urteotan, Kongresuan, lege hori erreformatzeko bortz proposamen aurkeztu direla, eta bakar bat ere ez dela izapidetzeko onartua izan. PPren eta PSOEren gobernuendako, gaia ez da inolaz ere interesgarria izan. Legealdi honetan antzeko ekimena planteatu da berriro, baina urtebete baino gehiago egin du dike lehorrean, bere txandaren esperoan. 

Ustezko egiaren batzorde hori hamar pertsonak (independenteak, diote) osatzen dute, 32 partaide dituen kontseilu batek izendatuak. Partaide horietatik hamasei gobernuko kideak edo ministerioetako goiburuak dira. Gainerakoak, hauexek: entitate memorialisten hamar kide, entzute aitortuko bi profesional, gobernuak izendatuak, estatu mailako sindikatu aintzatetsien bi ordezkari eta, azkenik, enpresa erakundeetako bertze bi. Laburbildurik, gobernuaren neurrira egindako eskularrua, zeinean hura nahieran ibiliko den eta talde memorialistei  loreontziarena egitea egokituko zaien. Horrela, nabarmen urratu egiten da egiaren batzorde batek izan dezakeen ezaugarri nagusia, hots, ohiko gobernuengandik independentea izatea.

Bere aldetik, Memoria Demokratikoaren 2022ko legeak, biktima frankisten eskubideen aitortzan urrats garrantzizkoak eman dituen arren, ateak ixten segitu du biktimagileak identifikatzea eta dagozkien erantzukizunak egoztea ahalbidetzen duten bide judizialei. Gaur den egunean, justizian 115 kereila aurkeztu dira frankismoaren krimenengatik, baina horietako bakar batek ere ez du lortu ateak zeharkatzea. Epaileek —Auzitegi Konstituzionalak babesturik—, hala jokatzeko, segitzen dute oinarritzen Amnistiaren 1978ko legean, zigor kodean jasota dagoen preskripzioan eta giza eskubideei buruzko nazioarteko arauak ez aplikatzean, gizateriaren aurkako krimenei eta torturei dagokienez. 

Sortutako batzordeak xede du gerran eta diktaduran gauzatutako giza eskubideen urraketei ekitea. Abestiaren musikak soinu polita du, ez ordea haren letrak. Izan ere, urraketa horiek, gero eta maizago, kokatzen ari baitira «bi bandoren» arteko borrokaren testuinguruan, bizi izandako benetako historia disolbatu eta desitxuratzen dituelarik. Zeren eta 1936-1939 bitartean bizi zena ez zen gerra zibila izan, gatazka armatu bat baizik, erregimen demokratiko baten aurka emandako estatu kolpe faszio-katolikotik eta kolpe horri aurre egiteko erantzun zilegitik eratorria. Antzeko zerbait gertatu zen diktaduran, non ez zen bando-borrokarik izan, eskubide politiko, sozial, demokratiko eta nazional oro ukatzen zituen erregimen kriminala eta, hari aurre eginez, askatasun demokratikoak eta justizia soziala galdegiten zituen oposizioa baizik.  

Gobernuaren eta Elizaren artean Cuelgamuros haranarendako adostutako adiera berria (non gelditu dira talde memorialisten ahotsa eta presentzia prozesu horretan?) bide beretik doa. Pedro Sanchezek toki hura sekularizatu eta desakralizatzeaz behin eta berriz hitz egiten bazuen ere, azkenean, Trantsizioan bezala, Elizak gol anitzez irabazi du: akordioak mantendu egiten ditu esparruaren sakralizazioa, gurtza ekitaldiak egitea, beneditarren presentzia, eta, adieraberritze ginga gisa, 150 metroko gurutze bat, munduko handiena. Laido egiten zaio, horrela, milaka biktima frankistaren (librepentsalariak, agnostikoak edo ateoak) memoriari, han haien gorpuzkiak hilobiraturik baitira. 

Modu horretan, iduri du Jainkoarengatik eta Espainiarengatik eroriak ikurritz frankista Jainkoarengatik eta Errepublikarengatik eroriak ikurritzarekin ordeztu dutela, zentzugabekeria hutsa. Hau da, apustu egiten da tranpa adieraberritzaile baten alde, Eliza errealaren irudia garbitzen duenaren alde, uztailaren 18ko kolpe militarraren gaizkide izan baitzen, gerrari gurutzadaren izaera eman baitzion eta, hamarkadatan, diktaduraren sostengu ideologiko eta soziala izan baitzen. Elizak ez du sekula lokarria hautsi nahi izan bertze eliza harekin zeini, haren sostenguaren truk, diktadurak mota guztietako pribilegioak (ondarekoak, ekonomikoak, hezkuntzakoak, sozialak...) eman baitzizkion. Eta Elizak sekula ez die uko egin pribilegio horiei. «Eman dena ez da itzultzen», haren hamaikagarren manamendua dute.

Iragarritako Egiaren Batzordeak eta Cuelgamuros haranari buruzko akordioak segida ematen diote azken hamarkadotan bizi izandako historia adieraberritzaile luzeari. Izan ere, hura sortu zen bi bandoren arteko adiskidetzetzat saldu zuten Amnistiaren legearekin, segitu zuen adostasun konstituzionalekin (askatasun demokratikoak bai, baina diktadurak izendatutako monarkia, polizia, armada eta oligarkia frankista mantendurik), eta hurrengo hamarkadetan segitu du adierazpenak egiten –antzara-jokoan bezala– arestian aipatutako azken episodioetara iritsi arte. Ura eta olioa nahasteari orain adieraberritzea deitzen diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.