urtzirrutikoetxea

'Eguna', 75 urte

2012ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Aberriaren bizitzak, gure izateak, gure sineste ta helburuen zorionak, eskari bat egin eta bearkun bategaz lotuten gaitue: Tinko, euzkotarrak! Irmo». 1937ko ekainaren 13ko titularretako bat zuen Eguna egunkariak. Azken alea izan zen. Sei hil lehenago, Urteberri egunez, Emen gara lehen editoriala argitaratu zen: «Pozez ganezka gatoz eta poz orreri eutsi eziñez negarra yatorku begietara. Ezin dogu ziñestu. Euzkeltzale ta euzkeldun gustion ames zoro ta ezintzat uste zana, egi ta ixatean biurtuteko agindu zindua artu dogu gozetik gabera (...) Etxepare'ren ames berberez kutsututa gatoz. Eta EGUNA biotz, begi eta gogoetan darabilgunok, idazle zar aren kanta bero eta gartsuz didar dagigu: Euzkera, jalgi adi kanpora! Euzkera, jalgi adi plazara! Euzkera, abil mundu gustira, EGUNA'ren egoetan!».

1913an Euzkadi agertu zenetik egunero-egunero euskarazko orrialdea egon zen Engracio Aranzadik zuzendutako egunkarian. Kirikiño izan zuen arduradun Egunekua atalak, mañariarra 1929an hil zen arte. Ordurako, Lizardik bazerabilen buruan euskarazko egunkaria: «Katolikoz gañera gure egunkaria euskozale sutsua izango litzake, au da, euskeraren alde ta euskaldunen eskubideen alde beti yokatuko lukena, naiz politika-alderdi gabekoa izan».

Pizkundea indar betean zen, sortuak ziren ikastolak, Euskaltzaindia, Zeruko Argia astekaria, eta literaturak Europako abangoardietara begira nahi zuen. Baina egunkariaren egitasmoa atzeratu egin zen, harik eta gerrak ahalbidetu arte: gerrako ekonomiak egunkarien orrialde kopurua laura mugatu zuen. Euzkadi euskarazko atalerako ia lekurik gabe gelditu zen. EAJk euskarazko egunkaria argitaratzea erabaki zuen, Bilboko Posta kaleko egoitza berean (euskal kazetaritzaren gune berezi horrek mereziko luke oroigarriren bat Zazpikaleetan). Estepan Urkiaga Lauaxeta-k Manu Ziarsolo Abeletxe-ren esku utzi zuen gerra hasieran Euzkadiko euskarazko orriaren ardura, eta Abeletxe bera izan zuen Eguna-k zuzendari. Iñigo Aranbarrik hala azaltzen digu: «Urgentziazko egunkaria da Eguna, gudariei adore emateko tresna. Informazioa lortzeko, Euzkadi-ra heltzen diren teletipoak itzultzen dira, herrietatik bidalitako albisteez eta guda parte ofizialez, ahal bezala osatzen da alea. Hamar mila inprimatzen dira egunero. Gero, frontean eta gudari artean banatzen da bestela baino gehiago, doan beti hauentzat, hamabost zentimotan kalean».

Ekainak 13 zituen. Ia dena jazoa zen ordurako. Nafarroako fusilaketak, Gipuzkoako konkista, Aitzolen fusilamendua, eta bonbardaketak, Otxandion, Bilbon, Elgetan, Durangon, Gernikan, nongura heriotza. Bilbok doi-doi eusten zion oldarrari. Biharamunean, ekainaren 14an, ez zen Eguna argitaratu, eta 53 urte, sei hil eta hogeita hiru egun joan ziren euskaldunok euskara hutsezko egunkaria izan arte, 1990eko abenduaren 6an.

Hilaren 19an jausi zen Bilbo. Artean Lauaxeta bizirik zen, Gasteizen preso. 25ean fusilatu zuten. Olerkaria iritsi zaigu, ez hainbeste prentsa askearen alde, Gernikan jazotakoaren egia mundu zabalera eramateko bizia eman zuen kazetaria. Ekainaren 30ean Agirre lehendakariak Turtziozko manifestua idatzi zuen, erbesteratzeko unean. Faxismoa nagusi zen, euskara eta prentsa askea itotzeko prest. Paradoxikoki, armiarma.com-en eskuragarri daude Eguna-ko ale guztiak, baina Egunkaria-ren ondare aberatsak saretik kanpo jarraitzen du.

Hala zioen Agirreren manifestuak: «Hain larria ote da herri batek bere askatasuna defendatzea? Defendatzeagatik, aberriaren dinako izateagatik, ehunka mila euskal herritar estu eta larri dira. Ez dut pentsatu nahi mundutik sentiberatasuna desagertu denik». Sentiberatasun horrekin, I. Mundu Gerraren amaieran idazle multzo batek PEN Kluba sortua zuen, gerrarik berriz piztu ez zedin, eta iritzi ezberdinekoen artean hitza gailentzeko.

1950ean, erbesteko euskaldunek lehen Euskal PEN Kluba sortu zuten, adierazpen askearen eta bakearen ideiekin bat egiteko. Gutxi iraun zuen. 2004an, azken Euskal PEN Kluba ere Egunkaria-ren itxierak ekarri zuen, Katalunia eta Londresko PEN taldeek mundu zabalean egindako kanpainari esker.

Zortzi urtez lanean dihardugu, euskara, literatura eta adierazpen askatasuna munduan zabaltzen, gure hizkuntzak eta herriak jasandako iluntasuna beste inon errepikatu ez dadin. Unerik zailenetan Eguna-tik euskarari argia eman zioten euskaltzale ausart horiek beti gogoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.