Eguzkirik ez, Nuarbeko hilerrian

Mertxe Urtuzaga, Eneko Etxeberria
2016ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Berrogei urte. Berrogei urte urte asko dira. Gehiegitxo. Berrogei urte dira Angel Otaegi erail zutenetik. Burgosko pareta batean fusilatu zuten, 1975eko irailaren 27an, lekukorik gabe. Izen-abizenak dituzte bere hiltzaileek, baina ardurarik ez. Burgosko pareta batean fusilatu zuten soldaduek beren jeneralen aginduz, lekukorik gabe hil zuten Angel. Espetxeko baratzeko hormara heldu aurretik «Otaegi!» oihu egin zioten militarrek, eta ondoren tiro egin zioten. Hiltzaileek inoiz ez dute azalpenik eman behar izan.

Ibiltzeko ere gai ez zen bere amak ikusi zuen Angel azken gau hartan. Tente mantentzeko gai ez zelako, bi militarrek arrastaka eraman behar izan zuten Maria, besoetatik helduta bere semea azkenengo aldiz ikustera. Zazpi militarrez inguratuta hitz egin zuten, eta horrela esan zion Angelek Mariari: «Ama, zu lasai ibili, eta burua tente eduki; eta ez etxean geratu, lotsatzeko arrazoirik ez daukazulako. Nik ez dut inor hil, baina ni hil egingo naute. Euskal Herriarengatik odola emango dut nik».

Aspaldiko kontuak dira, baina Angel Otaegiren familiak eta gertukook, 40 urteren ostean, oraindik ez dugu bere hilketaren sumario edo prozedura judizialaren kopia osorik lortu. Ez sinestekoa badirudi ere, prozesu hartako xehetasunak eta datuak ezin ditugu ezagutu. Ezin ditugu lortu. Sumario horren parte txiki bat bakarrik ezagutzen dugu. Ez besterik.

Urte luzez, etengabe saiatu gara Auzitegi Militarretara joaz informazio osoa lortzen, baina ezinezkoa egin zaigu. Ez dugu inolako informaziorik lortu; ez digute inolako informaziorik eman nahi izan. 50 urte bete arte sekretupean mantendu beharreko gaiak omen dira hauek. Ez digute egia, hain oinarrizkoa den giza eskubidea, jakiteko eskubiderik errespetatzen. Fusilatuta hil zutenaren familiari, hil eta 40 urtera, oraindik ere ez diote uzten, ziurrenik lotsagarria izango den bertsio judiziala ezagutzen. Bai, 2016an, hori da oraindik ere errealitate gordina. Gure errealitate krudela.

Imajinatu nola sentitzen garen. Imajinatu nola sentituko zinatekeen zure senidearen hiltzaileen eta hilketaren arduradunen izen-abizenak ezagutuko bazenitu, eta bere horretan geratu behar bazenu. Batzuei asko kostatuko zaie onartzea, baina legearen babesean ibiliagatik biolentziak ez dio uzten biolentzia izateari.

Imajinatzen gertatu zenaren inguruko iluntasuna nagusitzea lortzen dutela hil zutenek? Angelen memoria gorde eta gertatutakoa bere osotasunean jakitea eta jasotzea lortu nahi dugu. Gertatutakoari argia jarri nahi diogu. 1975eko irailaren 27a zen, zapatu batean gertatu zen, goizeko zortziak aldera.

Aldapa dago Nuarbeko hilerrira, aldapa handia, eta hotz egiten du. Negua luzea eta iluna da inguru horietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.