EH Bildu: sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik

Jone Berriozabal eta Leixuri Arrizabalaga
2013ko otsailaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aldiro-aldiro, Haurreskolak partzuergoko haur eskoletan umetxoei ematen zaien arreta albiste iturri bihurtzen da. Berriki, zeresana eman du Legebiltzarrean, eta geroztik, inguru-minguru horretan, egia ez diren kontu asko esan da, ustez, EAJ-PNVk haur eskolen eta euskararen inguruan duen jarrerari buruz.

Lehenik eta behin, ez dezagun begi bistatik gal haur eskolen erdigunean haurrak daudela eta afektibitatea, emozionaltasuna eta eskolarekiko harremana lantzeko helburua dutela. Egunotan esandakoen haritik, argitu beharra dugu ama hizkuntza errespetatzeak ez duela esan nahi umetxoei hizkuntza horretan hitz egingo zaienik, baina, arrazoi pedagogikoak direla eta, etxearen eta haur eskolaren artean ezin da erabateko etenik egon. Hau ez da ideologiakontua, pedagogia kontua baizik. Hori horrela izanda, ulertezina da sortu den zalaparta. Euskal herritarrek jakin bezate Haurreskoletako proiektuak aurrera egingo duela, eta, orain arte bezala, komunikazio hizkuntza nagusia euskara izango dela, gurasoek hala nahi dutelako eta legedian jasota dagoelako.

Eztabaidaren sorburuan PPk aurkeztutako ekimen bat dago. Zenbait eduki gogoko ez genuela ikusita, jeltzaleok zuzenketa-bideari ekin genion. Alderdi sozialistak ere antzekotasun handiak zituen zuzenketa aurkeztu zuen. Ahalegina egin arren, ez genuen, nork berea bazterrean utzita, adostasunik lortu. Sozialistek bizkarra eman zioten aukera horri. Nolanahi ere, esan dezagun gu ez geundela PSEren zuzenketaren aurka.

EH Bildu esku hutsik bertaratu zen, eta ez zuen zuzenketarik aurkeztu. Proposamena aurkeztu ordez, gainontzeko guztiak kritikatzera jo zuen. Ohikoa duen bezala, sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik aritu zen. Ezagutzen ditugu bere kritika eta manipulazioak, baina ez dugu ezagutzen proposamen zehatz eta argirik. Ba al du?

EAJk, berriz, ekimenaren on-gaitzak aztertu ondoren, ekimenaren sustatzailearekin adostasun bideari ekin zion. Adostu eta onartutako testura mugatuz, zera esan behar da: han esaten direnak bat datozela EAEko haur eskoletan egiten denarekin eta horien eguneroko jarduna berrestera datozela. Hau da, haur eskoletan heziketa eta asistentzia tratamenduekin jarraitzea, jatorrizko hizkuntzaren errespetutik abiatuta, bi hizkuntza ofizialetako elebitasunaren alde eginez.

Adostutako hori bat dator 2009an lau legebiltzar taldek sinatutako erdibidekoarekin. Talde horien artean zegoen gaur egun EH Bilduren osagarri den Eusko Alkartasuna ere. Hori ezkutatu nahian ibili al dira? Ala helburu bakarra, prozedurazko aukeraz baliatuta, hitza hartzen azkena izan eta hitz laidogarriak esanaz egunkariko titularrak ematea izan al da?

Iraganean agintaritzak egin eta bultzatutakotik aldentzeko saiakeran urrutiegi joan dira. Errealitatearekin inongo zerikusirik ez duten baieztapenak eginez, bide bihurria egin du EH Bilduk. Non da aurretiaz zuetariko batek, EAk hain zuzen, egindako jardunari dagokion ebaluazioa? Bakoitzak daki zein hankatik herren egiten duen! EAJk koherentziaz jokatu du. 2009an eta joan den ostegunean esan eta onartutakoak bat datoz. Beste sinatzaile batzuek, aldiz, iritzia aldatu dute.

EH Bilduren kritika eta manipulazioak entzunda, honatx gure eskaera: esan dezala partzuergoko haur eskola bat EAE osoan, euskara baztertuta eta diskriminatuta daukanik, gaztelania inposatzen duenik, gurasoen borondatearen kontra jarduten duenik. Mesedez, esan dezala bat, bat baino ez. Guk esan diezaiokegu, aldiz, partzuergoko haur eskola guztietan bereganatzen dutela haurrek euskara, etxeko hizkuntza gaztelania edo euskara edo biak dituztenek, guztiek.

Haur eskolek badute beren proiektu integrala, bere garaian EAk abian jarri eta aldatu ez dena. Onartutako zuzenketak dio hezkuntza-asistentzia proiektu berarekin jarraitu behar dela. Non dago, hortaz, arazoa? Zer dio EAk? Bere garaian euskara baztertu eta diskriminatu, gaztelania inposatu eta gurasoen borondatearen kontra jardun zuela?

Haur eskolak ez dira euskararentzako langa. Zubi dira euskararentzako eta ate dira etxean euskara eskuratu ezin dezaketen haurrek euskara ikas dezaten. Hori da gizartearen gehiengoak eta Eusko Jaurlaritzak nahi dutena.

Azkenik, argibide bat eman nahi dugu Arrue ikerketa dela eta. Ikerketak horrek erakusten duena ez da EH Bilduk dioena, baizik eta, ia-ia alderantzizkoa: erakusten baitu hizkuntza ereduak berez eta besterik gabe ez duela euskararen erabilera bermatzen, hizkuntza eredua ez dela panazea, ikasgelan hizkuntza ereduari esker euskaraz aritu arren, ez baita gero jolastokian neurri berean aritzen euskaraz.

Beraz, utz ditzagun erabilera politikoa eta alderdikeriak alde batera, mesedez, euskarari dagokionez, eta mamurik ez dagoen tokian ez dezagun mamurik ikus eta alarma faltsurik pitz. Hori eta gehiago merezi du euskarak, eta hori eta gehiago zor diogu. Elkarlan zintzoa da euskararen alde egin dezakegun onena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.