Gazte Feministak eta Bilgune Feminista

Ehiza arrazistarekin, zer?

Lide Arrieta - Elene Lopetegi
2025eko abuztuaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken asteetan Euskal Herrian bizitzen ari garen erreakzio arrazistek ez dute euskal jendartea epel utzi. Martzillan, herriko harrera zentroan bizi diren adin txikiko migratzaileen aurkako erasoak antolatu dituzte. Gipuzkoako hainbat herritan hamaika eraso, antolaturiko ehiza arrazista eta orokorrean, indarkeria arrazistaren gorakadaren lekuko izan gara. Eraso horiek salatzeko, ekintzaile eta asanblada antirrazistek Hego Euskal Herriko hiriburu eta herrietan elkarretaratzeak antolatu dituzte.

Euskal Herrian eskuin muturrak ez du lehen lerroa hartzerik izan azken hamarkadetako borroka eta erresistentziei esker. Ordea, ezin ukatu olatu erreakzionarioak iritzi publiko zuria zeharkatu, eta arrazismoz berrelikatu ez duenik: geroz eta gehiago dira segurtasun falta migrazioarekin lotzen duten ideiak, talde antolatu arrazistak, zurrumurru deshumanizatzaileak, Afrika iparraldeko gazteen kriminalizazioa eta liskarren bidez etorkinen ehiza justifikatzen ari diren posizioak. Kezkagarria da haien burua ezkertiartzat duten zenbait euskaldun ari direla diskurtso arrazistak barneratzen eta zabaltzen. Euskara eta nazio askapen mugimenduarentzat pertsona migratu eta arrazializatuak etsaitzat hartuz.

Arrazismoaren espresiorik bortitzenetako batzuek herri eta auzoetako jaien testuinguruan egin dute eztanda. Hainbat medio, iritzi publiko eta instituzio gaugiroan eragindako eraso sexistak ari dira baliatzen jaietako lintxamendu, jazarpen eta indarkeria arrazista justifikatzeko.

Zentzu honetan, iruditegi koloniala ari da indartzen: pertsona (eta bereziki, gizon) arrazializatuak biolentoak eta arriskutsuak balira bezala. Erasotzailearen profila arrazializatu eta desitxuratzen dute. Izan ere, feministok urteak daramatzagu salatzen erasotzen duten gizonen ohiko profila gure kuadrilletako gizonena dela, egunerokoa zintzoki daramatenena, gure militantzia espazioetan jarduten dutenena, bikote eta familiartekoena. Kausa ez da arrazializazioa, gizontasuna baizik.

Aldi berean, sentsazionalismo patriarkalak egiten du eztanda. Egiak eta gezurrak ardura politikorik gabe nahasten dituzten zurrumurruak, intimitatearen urraketak, informazio konfidentzialaren zabalpenak... Eraso sexistak gertatu diren kasuetan, erasoa jasan duen pertsonaren beharrak zaintzetik urrun, morbo patriarkala gailendu da. Bide batez, emakumeak espazio publikoan arriskuan dauden objektuak diren iruditegia ari da zabaltzen: subjektu iraultzaile baino, otzan eta babesgabe gisa aurkeztuz.

Hala, eraso sexistekiko inolako erantzukizun politikorik sekula izan ez duten gizon zuriak neska zuri ahulak babestera eta gizon arrazializatuak ehizatzera irteten ari dira.

Ordea, ehiza arrazista hori ez da soilik gizontasunetik eraikitzen, zuritasunetik ere eraikitzen dugu. Eraso zuzen horiek narratiba eta praktika kolonialetatik legitimatzen eta sostengatzen ditugu: gure ongizatea pertsona arrazializatuen esplotazioaren gainean eraikitzen dugunean, manteroen aurkako eraso polizial arrazisten aurrean isiltzen garenean, Palestina eta Mediterraneoko sarraski deshumanizatzaileen aurrean immobilismoa azaltzen dugunean edota diskurtso arrazisten aurrean posizionatzen ez garenean. Finean, pertsona arrazializatuekiko nagusitasuna produzitzen eta erreproduzitzen dugun orotan.

Beraz, ardura politiko feministatik honakoa diogu: ezinbestekoa da eraso arrazistak salatu eta eraso sexistak arrazismoa indartzeko erabiltzen dituztenak seinalatzea. Baina, aldi berean, ezin dugu onartu salbatzaile zuriaren pin banaketarik zurion artean. Ezta norbera arazotik kanpo kokatzeko saiakerarik ere. Ez kulpa immobilizatzailerik, ez larritasun pasiborik. Ezta norbere buruaren pribilegioen berrikusketa soilak ere, lasaitasun indibidualaren bila. Ez gara gutaz ari.

Lehentasun politiko kontua da. Urgentziaz eta perspektibaz, erantzun kolektiboak eraiki behar ditugu. Inpunitate zuria ukatu gabe eta, aldi berean, erantzukizun feminista zuritik, posizionamendu publikoak eginez. Aliantzak eta ekintza zuzena.

Artikulua honakoek ere sinatzen dute: Aitana Davila eta Ekhi Petriati.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.